Van Goghetik Picassora. Thannhauser ondarea

  • Noiz

    2018/09/21(e)tik 2019/03/24(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Solomon R. Guggenheim Foundation-en Thannhauser Bildumaren eskutik datorkigu erakusketa hau, eta margolari inpresionista, postinpresionista eta lehenengo maisu modernisten lanek osatzen dute: hala nola, Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet, Pablo Picasso eta Vincent Van Gogh artisten.

Orain dela berrogeita hamar urte baino gehiago Guggenheimera iritsi zenetik, Thannhauser Bilduma entzutetsuaren zati handi bat New Yorketik kanpo erakusten den lehen aldia izango da.

Artearen munduan ibilbide bikaina egin ondoren eta arte modernoa Europan eta Amerikako Estatu Batuetan garatzeko eta ezagutarazteko egin zuen lana funtsezkoa izanik, Justin K. Thannhauser arte-merkatariak 1963an iragarri zuen Guggenheimi utziko zizkiola oinordetzan artearen historiaren ehun urteko aldia hartzen zuen bere bilduma pribatuaren funtsezko lanak.

Justinen alargun Hilde Thannhauserek ondare hori handitu egin zuen geroago, 1984an eta 1991n museoari egindako dohaintzekin.

Guggenheimen jatorrizko funtsak XX. mende hasierako arte abstraktuan ardazten dira nagusiki, eta epealdi horren aurreko aldiaren ikuspegi interesgarria eskaintzen du Thannhauser Bildumak gaur egun.

Haren baitan jasotako lanek artea teknika eta genero akademikoetatik askatu nahi zuten abangoardiako kideak nabarmentzen ditu; horretarako, artista horiek naturaren eragin iragankorrak eta hiriarekin lotutako gaiak arakatzen zituzten, eta pintzelkada arinak eta ez-ohiko konposizioak bezalako baliabide estilistikoak erabiltzen zituzten.

Haien jardunbide berritzaileek bizirik jarraitu zuten hurrengo hamarraldietan ere; beste artista batzuk plano piktorikoa hausten eta fazetatzen hasi ziren, eta XX. mende hasierako hirien ikuskizun aldakorra irudikatzen.

Van Goghetik Picassora: Thannhauser ondarea erakusketak Thannhauserrek bere garaiko artista iraultzaileenetako batzuekiko zuen konpromisoa azalarazten du eta, aldi berean, Thannhauser familiaren pentsaera irekia eta arte esperimentalari eman zion babes irmoa erakusten ditu; izan ere, ondare horrek bizirik jarraitzen du Guggenheimen.

Komisarioa: Megan Fontanella

Ordutegia

Asteartetik igandera:
10:00etatik 20:00etara

Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita

Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak:

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira.

Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.

Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Guggenheim Bilbao Museoa. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera