Politika orokorraren osoko bilkura

2016(e)ko Septemberren 28(a)

Politika orokorra

2017. urtea azken hamarkadako garrantzitsuena izango da Bizkaiarentzat

2016(e)ko irailaren 28

Duela ia 15 hilabete Batzar Nagusi hauetan Bizkaiko Ahaldun Nagusi bezala nire karguaren zina egin nuen. Nire balantzea gertaera politiko bat aipatuz hasiko dut, hain zuzen ere, euskal hauteskundeez ari naiz. Hautetsontziek adierazitakoaren arabera, Bizkaia askotariko lurraldea da eta gehiengoz gobernua duten alderdietan konfiantza dute. EAJk hurrengo hiru alderdiak elkartu ostean izandakoak bezainbeste boto lortu ditu. Eta EAJ eta PSE batera hartuz gero, botoen % 53,84ra iritsi da.

Nire iritziz, Bizkaiak egonkortasunaren, hurbiltasunaren, segurtasunaren eta akordioaren alde bozkatu du. Gobernu honek adierazten dituen eredu politikoa, gauzak egiteko modua eta baloreak bermatu ditu. Gobernu egonkorra, langilea, hurbila eta apala gara. Batetik, erabakiak hartu eta, bestetik, erronka berriei aurre egiten dien gobernua. Zergatik? Hori delako Bizkaiko gizonek eta emakumeek nahi dutena. Bestela, modu desberdinean bozkatuko lukete.

Gutxieneko esparru soziologiko hau osatzeko, Neurbitik iristen zaizkigun lehenengo datuak erabiliko ditut. Nolanahi ere, hori urteko zundaketa da eta hemendik gutxira Batzar Nagusi hauen esku jarriko dugu. Galdetutako hamarretik zortzik Bizkaian ondo edo oso ondo bizi dela uste du. Bakarrik % 1,09ren iritziz gaizki edo oso gaizki bizi da. Egoera pertsonalaren balioztapena azkeneko hamarkadaren gailurrean kokatzen da, hau da, 6,04. Eta, azkenik, niretzat daturik garrantzitsuena: bizkaitarren % 84,4k zoriontsutzat jotzen du bere burua. Ingurune honek, bizimoduak eta erakundeen babesak zoriontasunaren sentipenean zerikusirik baduela pentsatu nahi dut.

Politikaren eta gizartearen ikuspegitik Bizkaia hurrengo moduan dago: egonkorra, positiboan. Balantzeak subjektibotasuna izan dezakeela jakitun naiz, baina datu objektiboak azalduko ditut, hain zuzen ere, Bizkaia Goazen 2030 estrategia betetzeari buruzko datuak. Izan ere, hori da gure ibilbidea Bizkaia hoberantz. Lehenengo autoebaluazioa laburbilduz hurrengoak aipa daitezke: ekintzen % 73 jardunean; % 6 amaituak; % 18 diseinatzen eta % 3 hasi gabe edo atzeratuak. Datu adierazgarriak direlakoan nago eta niretzat bi alderdi garrantzitsu berresten dute: alde batetik, Gobernu hau errendimendu osoz ari dela lanean eta, bestetik, Gobernu honek esaten duena egiten duela.

Ekintza horiek guztiak lau ardatz estrategikotan lerrokatzen dira eta egunetik egunera edukiz betetzen ditugu.

Lehenengo ardatza, Bizkaia jarduera ekonomiko eta kalitatezko enpleguarekin.

Ardatz hau gure lehentasuna da. Errealitate egoskorra kontuan hartzen badugu, ez dago miraririk, ezta hagaxka magikorik ere, bakarrik lan gogorra jarduera eta lanpostuak eratzeko. Gure indarrak behar bakoitzari konponbide azkarrak eskaintzetik eta gainerako eragile nahiz erakundeekin batera lan egiteagatik pasatzen dira. Hurbiltasuna eta lankidetza. Eredu horrek funtzionatzen du eta berresten duten hainbat adibide jarriko ditut.

ASK Chemicals multinazionalak Bizkaira etortzearen aldeko apustua egin du eta hemen 10 milioi euro inbertituko ditu eta, aldi berean, ehun bat lanpostu sortu ere bai. Proiektu hau Lointek, PCB, Almston edo Thyssenkruppen proiektuei elkartzen zaie: gutxi gorabehera 400 industria lanpostu berri Bizkairako. Laburbilduz, jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago Bizkaiari begira. Zerrenda hemendik gutxira haziko dela esatera ausartzen naiz.

Helburu berdinarekin aktibatu dugu Energy Intelligence Center (EIC) izenekoa, etorkizunerako apustu estrategikoa energian nazioarteko lehia polo bezala kokatzeko orduan. Bost hilabetetan ibilbide luzeko bi hitzarmen eragile sinatu ditugu. Lehenengoa, Petronor-Repsolekin, mugikortasun iraunkorreko unitatea sortzeko eta oso errekuntza motor eraginkorra garatzeko. Bigarrena, Arteche, Ingeteam eta Ormazabalekin, mikrosare elektriko adimentsua garatzeko. Elkarren artean enpresa lehiakideak izanik, apustu erkidea sinatzea lortu dugu. Gaur egun oil&gas eta energia berriztagarrietan ekimen berriak arakatzen ari gara. Pazientzia.

Aldundiak Bizkaia industrialaren aldeko apustua mantentzen du eta zailtasunak dituzten enpresei, besteak beste, ACBri laguntzen inplikatzen gara. Acería Compacta de Bizkaia enpresa berriz irekitzea izan da ezinbesteko lehenengo urratsa Sestaoko plantaren etorkizunerako, baina ez da nahikoa. Aldundi honek oso-osorik berreskuratu nahi du altzairutegiaren produkzio eta enplegu gaitasuna. Eta, horretarako, nahi handiko industria plana behar dugu. Aldundiak ACB zintzilik egotearen aurrean ez du etsiko.

Hemen aitortzen dut nire ezintasuna EEEan Eatonen zuzendaritzaren iritzia ezin aldatu izanagatik. Ez da aringarria, baina guztia egiten saiatu gara,baita gutxi egin zitekeenean ere. Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren eta Metal Enpresen Bizkaiko Federazioaren ekimenari esker, Eaton, Arcelor eta beste enpresa batzuetako 83 langilek ontzigintzaren eta metalaren industrian jarduteko aukera izango dute, aipatu industriek langile adituak behar baitituzte. Aldundiaren eta Federazioaren artean lankidetzan arituko gara industria horietarantz langileak prestatu eta birziklatzeko.

Enpleguak mugiarazten gaitu. Joan den larunbatean Lan Eskaintza Publikoaren lehenengo probak egin ziren: 195 lanpostu Gobernuaren lehenengo urtean. Lan merkatuan sartzeko orduan, lehenengo hiru lan anezkek batez beste % 62,67ko tasarekin amaitu dute. Legealdiaren lehenengo urte honetan ekintzaileei eta enpresei laguntzeko 18 ekimen jarri ditugu abian. 188 negozio ideia berriztatzaile berri bultzatu ditugu. 194 enpresa babestu ditugu produktuan, prozesuetan eta teknologian berritzeko. Enpresa txikiei laguntzeko plan berria diseinatu dugu eta horren harira 50 proiektu bultzatu dira. 3i programa, berrikuntza, nazioartekotzea eta inbertsioa sustatzen dituena, sortu dugu: hamabi proiektu 2016. urtean eta 225 enplegu sortzera doaz. Eta ez hori bakarrik: 12 enpresa horien fakturazioa elkartuz gero, 170 milioi eurotik 2018. urtean 257 milioi eurora pasatzea espero dugu.

Halaber, 235 autonomo eta 86 enpresei lagundu diegu, beren maileguen interes tasa finantzatzeko eta inbertsioak egiteko. Autoenplegurako eta ekintzailetzarako programak aktibatu ditugu; baita arazoak dituzten taldeak lan merkatuan sartzeko programak ere: 30 urtetik beherako gazteak, 45 urtetik gorakoak, luzaroan langabezian dirauten pertsonak eta gizarteak baztertzeko arriskuan dauden pertsonak. Eskualdeak suspertzeko planak ditugu abian. Bizkaiko merkataritza babestu dugu Bonoredekor, Bonodenda eta Bonokulturaren bitartez. Jarduera horietan eta bestelakoetan Bizkaiko 5.000 merkataritza establezimenduk baino gehiagok parte hartu du. 129 enpresa proiektu baino gehiago lagundu ditugu kanpoko merkatu berrietara iristeko. Eta 400 enpresari aholkuak eskaintzen dizkiogu nazioartekotzeko.

Guztira, ia 36 milioi euro programa eta ideia berri hauetan jarduera ekonomiko eta enpleguari laguntzeko. Ia 36 milioi ekonomia eta enpresak dinamizatzeko. Gure konpromisoa jarduera ekonomiko eta enpleguarekin egiazkoa da, ekintza bihurtu den konpromisoa da.

Baina ez dugu etsitzen, gehiago nahi baitugu. Oraindik 80.874 pertsona ditugu lanik gabe, Lanbideren datuei jarraiki. Badakit langabetu horiek guztiek adore hitzak ez dituztela espero Ahaldun honek ahotik. Ekintzak, aukerak espero dituzte eta Gobernuak horretan dihardu. Ez dugu hagaxka magikorik, baina bai ideiak, ekimenak eta ilusioa, ilusio handia, etorkizun hoberako.

Egiten ari garen lana itxaropen distirak uzten hasi da. Ia 16.275 langabetu gutxiago dago, duela hiru urteko datuak kontuan hartuta. Barne produktu gordinak bi urtez hazkuntza eutsia du. Industria produkzioaren indizeak 10 puntu baino gehiago berreskuratu ditu azkeneko hiru urteetan. Industriaren sektoreak garrantzi erabakigarria du Bizkaiko ekonomian, balio erantsi gordinaren % 24 eta enpleguaren % 16 sortzen baitu. Enpresa establezimenduen alta eta bajen eboluzioari erreparatzen badiogu, azkeneko sei urtetan lehenengoz zifra positiboak eskaintzen ditu. Egia da beste garai batzuetako ratio positiboek okerrera egin dutela, hala nola esportazioek, I+Garen jardueran gastuak edo jarduera ekintzailearen tasak. Hori errealitatea da. Gauza onak eta ez hain onak. Gure bigarren ardatz estrategikoari ekingo diot.

Gizartearen eta lurraldearen kohesioa, baita aukera berdintasuna ere bermatzea.

Pertsonengandik hasiko naiz, Gobernu honen izateari erantzuteko arrazoi nagusia baitira. 531.302.306 euro gizarte inbertsioan lehenengo urtean. Biztanleko gizarte inbertsioa 1999. urtean 264 eurotik 2014. urtean 1.064 euro izatera pasa da. Pertsonekin eta, bereziki, gehiago behar dutenekin konprometituak gaude. 941 adingaberi eskaini diogu arreta eta 317 adingabe babestu hartu ditugu familietan. Horrez gain, jardunean daude Zorrotzako egoitza eta eguneko zentro berriko 123 plaza publikoak. Abian da Habitat Bizkaia programa, arazo larriak izanik, etxerik ez duten pertsonei etxebizitza eskuratzeko. Usansolon desgaitasuna duten pertsonentzat etxebizitza ireki dugu, beste bat Fruizen autismoa duten haurrentzat, Garamendin (Bilbon) adingabe autistentzat eguneko zentroa eta astebururako eguneko zentroa Zamudion, pertsona zaindariek atsedena har dezaten.

Mendekoei eta beren zaindariei arreta eskaintzeko programak ekitaldi honetan Bizkaiko biztanleriaren % 85 gainditzen du. Pertsona Adinduen Kontseilua berpiztu dugu eta adin guztietarako inguruneak sor ditzaten udalerriak nahasten ari gara. Mendekotasunaren Legeak aurrez ikusten dituen prestazioak zabaltzez amaitu dugu. Indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio kanpaina bultzatu dugu. Eta udazkenean indarkeria matxistaren biktimak diren haurrei arreta eskaintzeko programa abian jarriko da. Aukera aprobetxatu nahi du gaitz hau jasaten duten emakume guztiei oso besarkada sendoa bidaltzeko. Aurrera. Ez zaudete bakarrik.

Eremu guztietan emakumeak gehiago ikusarazteko ahaleginetan gabiltza: Gobernuaren kontseilutik hasita kirolera arte. Lehenengo kasuan, emakumeak gehiagoa dira. Gizartean eta lurraldean guztiok aukera berdinak izateko lanean ari gara.

Berriz ere aipatzen dut obra handietarako garaiak ez direla. Baina jada hasitako obrak amaituko genituela azaldu nuen eta honetan ere betetzen dugu. Abuztuaren 8an Gerediaga-Elorrioko hesia altxatu zen eta jada Durangaldearen aliatu bihurtu da, joan-etorriak errazten baititu eta bizi kalitatea hobetzen baitu. Autobia honek 12.200 ibilgailu eta 1.800 kamioi atera ditu Matiena, Abadiño, Atxondo, Iurreta, Durango eta Elorrioko hiriguneetatik.

Ez da obra handiak egiteko garaia, baina obra hurbilak egin daitezke, besteak beste, Bidesarea Planak aurrez ikusten dituen 19 jarduera: 51,5 milioi euro 2017. urtera arte eskualde guztietan (Durango, Derio, Zalla, Morga, Muskiz, Usansolo, Bilbo...) egingo diren obrekin. Obra horiek segurtasuna hobetuko dute eta inbertsio publikoa aktibatu ere bai, beraz, ekonomia aktibatuko dute.

Ingurumenaren ikuspuntutik, lurralde berde eta adeitsua gara. Bizkaiak airearen kalitate ezin hobea izan du egunen % 99,67an. Kontsumo urari dagokionez, erabiltzaileen % 98rentzat hornidura gogobetekoa da. Nekazaritzan modernizazio informatikoaren planean, Bizkairako nekazaritza-elikadurari buruzko plan integralean eta nekazaritza merkatuen analisian lanean dihardugu. Gure produktuak saldu eta merkaturatzeko orduan, zirkuitu laburra babestu behar dugu. Abeltzaintzan idi probak eta dopina arautzeko dekretu berria azpimarratzen dut.

Aipamen berezia merezi du hondartzekin Aldundiak gauzatutako ahalegina: 5,4 milioi euro inbertitu ditugu gure hondartzez gozatzen zela bermatzeko. Zerbitzuak kontuan hartuta, beste erkidego batzuekiko oso goian gaude: 154 sorosle tituludun, 31 hondartza zaindari, 334 dutxa, 58 iturri, 725 paperontzi eta bidoi, hankak garbitzeko 47 gailu eta ia bi kilometro egurrezko pasabide.

Bakarrik azkeneko urte honetan milioi euro inbertitu ditugu bosgarren edukiontzia Bizkaiko udalerrietan inplementatzen. Eta hondakinen gaikako bilketa ahalik eta gehien hobetzeko sentsibilizazio kanpainak sustatuko ditugu.

Euskara zaindu eta erabiltzen dugu. Hobe esanda, erabiliz zaintzen dugu. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiari esker, 1.103 pertsonak euskara ikasteko gure laguntza ekonomikoa jaso du. 1.103 pertsona horiek ez dute kosturik izan gure hizkuntza ikasteko orduan. Xehetasun garrantzitsua: ahalegina egin behar izan dute eta goretsi nahiz txalotzen dut. Horiek horrela, ekimenak oso harrera ona izan du euskaltegietan eta beste lurralde batzuei asko gustatu zaie.

Halaber, Atxurrako kobazuloan izandako historiaurreko aurkikuntza garrantzitsua azpimarratzen dut, gure ondare historikoaren maila nabarmenki igotzen baita. Hain zuzen ere, lurraldeak egun gutxi barru ondareari buruzko jarduera europarrak hartuko ditu. Eremu honetan erreferentzia izan gaitezke.

Azkenik, herri garraioaren sistemaz harro izaten jarraitu behar dugula defendatzen dut. Bizkaibusek linea gehiago ditu, hurbilagoa da eta gero eta modernoagoa ere bai. Gainera, wifia eta mugikorretarako kargagailuak igo dizkiote. Metroa, berriz, bidaiarien itxaropenak betez doa hogei urte geroago. Dena den, gehiago nahi dugu: Bizkaiak lurraldea, bai errepidez, bai trenbidez, zorroztasun handiagoz egituratzeko zereginarekin jarraitzen du.

Bizkaia modernoa, hurbila eta arduratsua

Zeregin hori gure etxetik bertatik ekin diogu. Lehenik eta behin, sailak elkartu ditugu eta barneari begira oso zaila suertatu da, baina kanpoan ereduzkoa ere bai. Bigarrenez, zer egingo dugun, noiz eta zenbat dirutan idatziz jakinarazteko konpromisoa hartu dugu. Eta, gainera, ateak zabalik ekintza horiek nola doazen ebaluatzen dugu: zer egiten da? Zer ez? Eta zergatik? Hori guztia da Bizkaia Goazen 2030 estrategia, pertsonekin harremanetan aldaketa ikusgarria eta hurrengo urtean are gehiago inplementatuko duguna.

Aldaketa hurrengo uste osotik sortu zen: politika pertsonen zerbitzura, gizatiarragoa, hurbilagoa eta arduratsuagoa. Herritarrekiko harremanaren eta kudeaketaren ereduak abangoardiakoa izan behar du. Eredu modernoa eta hurbila pertsona nahiz udalekin. Udal Legeak bakoitzaren aginpideak zehaztu ditu eta udalak adin nagusikoak dira. Muturreko finantza egoeratan izan ezik, ez dute babesik behar. Berez dabiltza.

Hala eta guztiz ere, autokritikarako espazioak badaude. Ezinbesteko espazioa. Egia da, ez gara fin ibili katastroa berraztertzeko prozesu digitalarekin. Huts egin dugu komunikazioan; nolanahi ere, katastroarengatik zenbat ordaindu behar den jakinaraztetik askoz urrunago doa. Dabilenari gertatzen zaio. Gu pertsona arruntak gara eta gainerako pertsonei bezala, gauzak gertatzen zaizkigu. Eta hanka sartzeak ditugu. Noski, baietz. Guztiok bezala. Dena den, hurrengo ekimenetarako kontuan hartuko dugu.

Esaten nizuen hoberena iristear dagoela, baina oraingoz urratsak eman ditugu: gardentasunari buruzko foru araua onartu dugu eta erakunde independenteak Estatuko aldundirik gardenenaren modura kalifikatu gaituzte.

Bizkaia arduratsuaren barruan iruzurraren aurkako borroka ere sartzen dut. Aldundiak kanpaina bat du iruzurraren kontra eta 914 pertsonak dihardu zeregin horretan. Iruzurra ez da bakarrik Ikuskaritza Zerbitzuko 107 ikuskarien edo ikuskariordeen ardura; likidatzaileek, diru-biltzaileek eta Kudeaketa nahiz Diru-bilketaren Zerbitzuko gainerako adituek ere iruzurra jarraitzen dute. Adibidez, urtero 80 milioi datu gurutzatzen dira ogasun desberdinen artean.

Gurutzatzearen emaitzek argi hitz egiten dute: Bizkaiko Foru Ogasunak urtero iruzurraren 500 milioi euro azaleratu ditu azkeneko ekitaldietan.  2010. eta 2015. urteen bitartean ministerio fiskalaren aurrean 134 ustezko delitu salatu ditugu eta beste hainbeste usteko delitu dokumentuak faltsutu eta ondasunak ostentzeagatik. 114 pertsona eta 135 milioi euro egon dira nahasiak. Ostegun honetan, irailaren 30ean, Bizkaiko Ogasunarekin zordun handien zerrenda argitaratuko dugu. Eta hurrengo urtean lan iruzurraren aurkako ikuskaritza kanpaina jarriko dugu abian. Zero tolerantzia dirua lapurtzen dutenen kontra, behar dutenei laguntzeko.

Balantzearen lehenengo zati hau amaitzeko, laugarren eta azkeneko ardatza landuko dut.

Munduari eta aukera globalei konektatutako Bizkaia.

Jarduera ekonomikoa eta enplegua lortzen oinarritutako konexioa. Beraz, joan gaitezen abiapuntura. Zirkulua jarduera ekonomikoan eta enpleguan ireki eta itxiko dugu. Tamalez, maletaren urtea izan da. Eta tamalez diot, ez baititut gustuko bidaiak, ezta hegazkinak ere. Interesak eta erronkak partekatzen dituztelako, gure enpresa sarerako aukeratzat jotzen ditugun zonetara bidaiatzea tokatzen zen. Zona horietan gure diasporak iristeko orduan erraztasun handiak ematen ditu.

Horregatik, Txilen, Boisen eta Amerikako Estatu Batuetako hainbat estatutan (besteak beste, Maryland edo Washingtonen) izan gara. Etxeko lanak egin ostean bueltatu gara. Txilen enpresa elektriko bizkaitarrari 10 milioi euroko inbertsioa lortzen lagundu diogu. Boisen oso konfiantza maila altura iritsi gara eta etorkizunean aliantzak izango direla dirudi. Eta Washingtonen, Smithsonian Folklife Festival izenekoan, agian, nazioartean azkeneko urteetan mugarririk aipagarriena sinatu dugu: Euskadi bezalako herrialde txikia askoz ezagunagoa izatea eta hobe ezagutzea lortu dugu. Izan ere, 600.000 pertsonak gure kultura, gure hizkuntza eta gure enpresak zuzenean ezagutu ditu munduko hiriburuan bertan. Nortasunezko lurraldea, serioa eta aukerak eskaintzen dituena da eta ikus dezaten erraztasunak eman ditugu. Gure enpresen eta Ipar Amerikako enpresen artean harreman egonkorra ireki dugu, baina jaialdian egindako ahalegin guztia hutsala izango da, harreman horri ez badiogu tematzen. Ez badugu lantzen.

Ezaguna izateko behar horretan oinarrizkoa da turismoa: etorri eta ezagutzea. Bizkaian errekorraz amaitu dugu uda eta betiko ikasgaiaren jakituria berriz onartu dugu: jasotzeko erein egin behar da. Sustapen ekintzaren bat egin dugun merkatuetan hazkuntzak azpimarratu nahi ditut, hala nola Finlandian, Alemania edo Britainian. Azkenik, Gaztelugatxeko San Joanen eta Barrikan Juego de Tronos grabatu izanak are gehiago aditzera ematea fio naiz.

Honaino legealdiko lehenengo urteko laburpena: urte bizia, zaila eta lan handikoa. Urte oso zaila ekonomiaren arloan. Abuztura arte zerga hitzartuekin 4.184,9 milioi euro bildu ditugu, 2015eko denboraldi berean baino 65,7 milioi gehiago. Diru bilketaren % 1,6ko hazkuntza kontuan hartuta, ekitaldi honetarako finkatutako diru bilketaren helburua ez dugu beteko.

Nahiz eta oraindik azkeneko lau hilabeteetako portaeraren zain egon, 4.184,9 milioi horiek 7.063,3 milioitik urrun daude. Zergatia aurkitzeko hainbat faktore batu behar dira. Sozietateen gaineko zergaren diru bilketa % 24,8 jaitsi da, 117,3 milioi gutxiago bildu dira (101,2 milioi gutxiagoko diru sarrera eta 16,1 milioi gehiago itzuli beharrak).

Diru sarrera gutxiago izan dira % 70ean Bizkaiko arautegia bete behar duten enpresengatik eta % 30ean Estatuko arautegiaren araberako enpresengatik. Bizkaiko arautegipean dauden enpresen kasuan, jaitsiera, nagusiki, bi enpresa energetikori egotzi behar zaio. Hauek 2015ean baino 103,6 milioi gutxiago sartu dituzte. Estatuko arautegiaren araberako enpresen jaitsierak kontura egindako ordainketari erantzuten dio eta finantzaren (-12 milioi) eta energiaren (-6 milioi) sektoreko enpresetan kontzentratzen da.

2015. urtean gertatutakoaren antzera, produktu energetikoen (oil&gas) prezioen eboluzio “lauak” BEZagatik diru bilketa ez haztea eragiten du. Datu bitxia, baina egiazkoa eransten dut: aurten 15 milioi gutxiago jaso ditugu loteriako sarietan.

Beraz, lehenengo urtea nola amaitzen dugun jakin behar dugu. Oraindik aldagai garrantzitsuak ditugu ezagutzeke ondorioak atera baino lehen. Gogora datorkit 2015eko azkeneko hiruhilekoan BEZak porrot egin zuela petrolio gordinaren prezioak jaitsi zirelako. Joan den urteko datuarekin erkatuz, aurten BEZak portaera hobea izatea espero dugu. PFEZak, ordea, portaera positiboa du eta 2015. urteko datuekiko % 5,3 igo da. Bizkaiko enpresen sozietateen gaineko zergak aldeko joera ageri du. Eta Estatuko arautegia bete behar dutenei dagokienez, Estatuak jada zerga horren aldaketa eraginkor bihurtu behar du Europar Batzordearen aurrean onartutako konpromisoak betetzeko.

Egoera hori kontuan hartuta, oso ausarta litzateke zenbateko zehatza aipatzea, Finantzen Euskal Kontseiluaren aurretik diru bilketa hobe baitaiteke. Haizeak aldekoak izan arren, miraria litzateke aurreikuspenak betetzea. Dena den, gizarte inbertsioan, zerbitzu publikoetan eta enplegu nahiz jarduera ekonomikoari buruzko programetan gastua mantenduko dugula bermatzen dut. Bizkaian ez daude eta ez dira egongo murrizketak. Ez daude eta ez dira egongo.

Gobernatzen aritu gara nahiz eta abagune ekonomikoa zaila izan. Eutsi diogu eta Bizkaiko edozein familiaren antzera jokatu dugu: lehentasunak jarri eta ordain dezakegunean gastatu. Aurten gauza bera egingo dugu. Urte zorrotza dugu aurrean eta hala jakinarazi diot nire taldeari. Urtea zorrotza bezain itxaropentsua da, alajaina.

Jakitun gara mugak urruti, oso urruti jarri ditugula eta distantzia horrekin lan handia egin beharko dugula. Erronkak motibatzen gaitu, behin eta berriz lanerako energiaz beteak gaude.

Aurrean legealdiko urterik garrantzitsuena dugu. Niretzat Bizkairako azkeneko hamarkadan urterik garrantzitsuenean gaude. Sentitutakoaren arabera diot: azkeneko hamarkadako urterik garrantzitsuena. Ziur naiz oinarrizko urtea izango dela enpleguaren, gazteriaren, pertsonen eta lurraldearen etorkizunerako.

Arrazoi askorengatik urte berezia izatea erabaki dugu. Arrazoi horien guztien aurrean jarri dugu gure itxaropen handia. Legealdiko gure leloa Bizkaia Goazen da. Hurrengo urtean aldatuko dugu. Itxuran aldaketa arina izango da eta nabarmena hondoan. Beste hitz bat erantsiko diogu eta hitz hori funtsezkoa da niretzat. Bizkaia Goazen 2017. urtean, bereziki 2017an, Bizkaia Goazen Gazteak izeneko bihurtuko da.

Hurrengo urtea Bizkaiko gazteena izango da eta, ildo horri jarraiki, Aldundiak ahalegin handia egingo du gure gazteei aukera gehiago ematen. 2017. urteak mugarria izatea nahi dut, hain zuzen ere, Aldundiaren eta gure gazteen arteko harremanetan inflexio puntua. Ia ez gaituzte ezagutzen, oso gutxi dakite egiten dugunari buruz. Hori arazo bat da, baina, aldi berean, aukera.

Aldundia gazteen aukerak eta laguntza gehiago areagotzeko hamar lerro prestatzen ari da.

  • Gazteentzat enplegu anezka bultzatuko dugu.
  • Ekintzailetza programa gehiago.
  • Aldundiak eskaintzen dituen praktiken eta beken kopurua gehituko dugu. Sail guztiek eskaintzea nahi dut.
  • Bizkaia Beka sortuko dugu, lurraldeko ikasle onena babesteko beka handia.
  • Etorkizuneko sektore estrategiko bakoitzerako bost beka: automobilgintza, energia, aeronautika, zilarrezko ekonomia eta IKTak. Beka horiei esker, prestakuntza munduko unibertsitaterik onenetariko batean osatu ahal izango da, gero, Bizkaira itzultzeko lanera.
  • Nazioarteko erreferentziazko zentroetan prestakuntza aukerak areagotuko ditugu. Prestakuntza atzerrian amaitzeko aukera ez da baliabideen araberakoa izango, gaitasunen araberakoa baizik. Berriz errepikatzen dut: prestakuntza amaitutakoan itzuli eta beren lanarekin lurraldea hobetzen laguntzea nahi dugu.
  • Aeronautikan, automobilgintzan eta makina-erremintan prestakuntza babestuko dugu. Prestakuntza dualean gazteen adibiderik onenak sarituko ditugu.
  • Gure sortzaileen talentu artistikoa sendotu eta gizarteratuko dugu.
  • Udan nazioarteko ekitaldia izateko lanean dihardugu.
  • Eta, modu berean, jada Bizkaia Gazte Txartela aztertzen ari gara. Txartel digitala da eta deskontuak batuko ditu merkataritzan, garraioan, aisialdian eta kulturan. Gainera, gazteen informazio interesgarrirako leiho irekia izan behar du.

Gazteriarekin konpromiso honek ez du saihestuko gure lau ardatz estrategikoei ardura osoa jartzea. Garrantzitsuena, lehentasunezkoa: jarduera ekonomikoa eta enplegua, kalitatezko enplegua, sortzea.

Ekonomiaren eremuan funtsezko urtean gaude. Duela gutxi Keynesen aipamen bat aurkitu nuen eta nire ustez gure nortasun ekonomikoa eta industriala islatzen ditu. Keynesen esanetan, eta jada duela mende bat azaltzen zuen: Gobernu batentzat garrantzitsuena ez da jada indibiduoek egiten dituzten gauza berak egitea eta pixka bat hobeto edo okerrago egitea. Garrantzitsuagoa da gaur inolaz egiten ez diren gauzak gauzatzea da.

Nire Gobernua hitz horietan islatua ikusten dut. Gobernu ekintzailea gara, berritzeko eta arriskatzeko prest dagoen gobernua. Ez gara konformatzen bakarrik baldintzak sor daitezen laguntzen, sektore pribatuak gainerakoa egiteko. Merkatu berriak sustatzen, horizonte berriak antzematen berritu eta arriskatuko dugu. Elkanok eta beste euskal esploratzaile batzuek horizontetik urrunago zerbait zegoela susmatu zuten. Gu ere lerroaren ondoren Bizkairako aukera berriak daudelakoan gaude. Eta irmoki sinesten dugunez, aukera horietarantz abiatuko gara.

Apustuak beti du arriskua, gure gain hartzeko prest gauden arriskua, alegia. Berrikuntza porrotaren eskutik doa; bereizezinak dira, eguzkia eta itzalaren antzera. Porrot bakarra ez saiatu izana litzateke. Erra gaitezke, baina ez dugu porrot egingo. Ez dugu porrot egingo, saiatuko baikara. Gure indar guztiak jarriz saiatuko gara. Industria sareari bidea irekitzeko prest gaude. Enplegurako eta jarduerarako eta, bide batez, Bizkaiaren etorkizunerako oinarrizko bi estrategiez ari naiz eta hurrengo hilabeteetan partekatuko ditugu.

Lehenengoa Bizkaian hub finantzarioa sortzeko estrategia da. Nahi handiko plana da eta oso lan ardatz zehatzak ditu. Seguru nago Bizkaiak eskaintza ekonomiko globalean toki propio eta bereizia duela eta horretan jarduteko prest nago. Helburua balioa eman eta jakinaraztea da. Bestalde, oso prest nagoela adierazteko, urtea amaitu baino lehen Zergen Koordinazio Organoari zerga neurrien proposamena bidaliko diogu produkzio sarearen zerbitzura finantza tresna berriak bultzatzeko.

Lehenengoa, berrikuntza funtsa. Aldundiak berrikuntzaren aldeko apustua egiten du egiaz eta berrikuntza gailurrera eraman nahi duen funtsarekin egiten du. Xedea produktuan eta emaitzetan hobetzea da. Herrialde honetarako proiektu berriztatzaile onik finantzazio ezin hobea ez duelako tiraderan gelditzea ez dugu nahi. Funtsa eraginkorra denean, 600.000 eurora arte finantzatu ahal izango dira eta interes tasa gutxi gorabehera % 2 izango da.

Funts hori guztion artean finantzatu nahi dut. Hemengo herritarrek bertako ETEetarako. Guztiok izango dugu gure herrialdean, gure etorkizunean, inbertitzeko aukera. Inbertsio seguruaz ari naiz eta % 15eko zerga kenkariarekin, etxebizitzarako aurrezteko kontuaren modura. Inbertsio bermatua, galtzeko arriskurik gabea eta finantza erakundeek merkaturatua. Aukera bat aurrezle txiki guztientzat, segurtasun osoz Euskadiko ETEen berrikuntzaren alde apustua egiteko prest badago. Halaber, 50 urtetik gorakoentzat aukera bat da, BGAEa topatua badute eta beren hautabidea dirua bankuan uztea bada. Eta aukera bat ondare garrantzitsua duten pertsonentzat, funts honetan inbertitzen duten zenbatekoak zergetan arintzeak izango baititu.

Zein dira abantailak gure enpresetarako? Batez ere, arintasuna eta interes lehiakorra eta merkatuetako trukeetatik at, tasa finkoa. Deia luzatzen diet Batzarreko kideei, gure ETEen eta gure herrialdearen berriztapenaren aldeko apustua egin dezaten eta horrekin bat, aldaketak bultza ditzaten. Funtsa 2017. urteko lehenengo hilabeteetan eraginkorra izatea espero dut. Beste bertute askoren artean, berrikuntzak enplegu gehiago erakar dezake, gainera, kalitatezko enplegua, gureak bezala, ondo prestatuak dauden gazteentzat.

Estrategia honetan ilusio handiak jarriak ditut eta gehien motibatzen nauena: alderatu ostean, erreferentziazko pertsonak poztu direla. Bizkaiko ekonomia sendoagoa egiteko eta, ondorioz, europar hobiaren erreferentzia bihurtzeko plana dugu. Zein da gure hobia? ETEak. Apaltasunetik ausartuko nintzateke esatera euskaldunek baino inork ez dakiela gehiago ETEei buruz. Hala, elkar dezagun esperientzia hori industria sektore honetarako neurrira egindako finantza ingurunearekin. Ildo horri eutsiz, inguruneak erreferentziazkoa izan behar du Estatuan eta Europan. Oraingoan ere plana lankidetza publiko pribatuaren eskutik abiaraziko da. Elkartuak indartsuagoak gara.

Amaitzen ari garen bigarren estrategia handiak ere jarduera ekonomikoa eta enplegua sortu nahi ditu. Aldundi honek lanean dihardu zilarrezko ekonomia izenekoaren inguruan jarduera ekonomikoaren industria sektore berria sustatzeko, 65 urtetik gorako pertsona nagusien errealitate guztia, alegia.

Demografiak jada marraztu du etorkizuna. Hurrengo hamarkadarako proiekzioen arabera, Bizkaian biztanleriak 52.000 pertsonatan egingo du beherantz (% 4,6 gutxiago) eta zahartzeko joera handia dago. Lanaren ikuspegitik populaziorik aktiboena sei puntu jaitsiko den bitartean, 65 urtetik gorako adinduak bost puntutan haziko dira eta orain baino bizi-itxaropen handiagoa izango du.

Hau da urte gutxi barru izango dugun oraina. Orain arte errealitate hori gastuarekin elkartu dugu, parekatuak dituen gizarte eta osasun gastuarekin, alegia. Izan ere, gastu publiko hori 1.500 milioi eurotik hurbil dago bakarrik Bizkaian. Gure asmoa errealitate horretatik aukera sortzen saiatzea da, industria sektore berria eratzea, Bizkaia berri horren beharrei erantzuteko: orain inportatzen ditugun produktuak eta zerbitzuak eta urte batzuetan hemen egin ahal izango direnak. Hori da, behintzat, nire nahia.

Negozio batez hitz egingo bagenu, geroz eta bezero gehiago izango lituzkeen negozioaz ari ginateke hizketan. Aukera nabarmena delakoan gaude eta, modu berean, aprobetxatzen saiatzeko plana dugu. Planak diagnostikoa eta aurrera egiteko ideia argia du, baina lankidetza publiko pribatua ezinbestekoa da. Une honetan tokiko eta nazioarteko eragileekin alderatze fasean gaude. Gure ideiaren arabera, Bizkaiko enpresa finkatuek aniztu eta produktu berriztatzaileekin merkatu berriei aurre egiteko aukera izan behar dute. Nolanahi ere, horiek etorkizunean geroz eta beharrezkoagoak izango dira. Hori guztia beren esperientzian oinarrituta, ikerketaren eta talentuaren balio erantsiarekin eta Aldundiaren bultzadaz egin beharko dute.

Azkenik, aurreratzen dizuet Aldundiak lehenbailehen onartuko dituela kontrataziorako gizarte klausula berriak. Estatuak aurrekoen kontra egin zuen, Gobernu Kontseiluak 2013ko azaroaren 29an onartu ostean. Gogorarazten dizuet Estatuko Abokatuak baliogabetu arte aplikatu zirela. Honetan ere ez digu etsiko. Ziur gaude kontratazio publikoa pertsona eta enpresa askorentzat aipagarria dela, egiteko aginpideak ditugula eta herritarren eskea direla. Kontratazio publiko arduratsuaren estrategia sendotuko dugu eta gizarte irizpideak kontuan hartuko ditu.

Gure nahia lau helburu nagusi lortzea da: lehenengoa, enpresa kontratisten langileek izan ditzaketen lan baldintzetan kalteak saihestu edo mugatzea; bigarrena, gizarteak baztertuak dituen pertsonak edo desgaitasunak dituztenak lan-merkatuan sartzeko gizarte irizpideak eranstea, enpleguaren kalitatea eta bidezko merkataritza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra eta familia bateratzea sustatzea; hirugarrena, kontratazio publikoan ETEen partaidetza sendotzea; eta, laugarrena, eredu izatea. Hau bai, gure erantzukizuna da, ez, ordea, Aldundiaren eta bizkaitar guztien kargura aldeen artean sinatutako kontratuak aldatu edo ez betetzea.

Gizartearen eremuan 2017. urterako hiru mugarri handiren inguruan gabiltza: gizarte zerbitzuen zorro berria ezartzea, zaindariaren estatutua eta egoitzen itun berria. Aldundi honek bere bizi proiektuak zuzentzeko pertsonen gaitasunean sinesten du, baita non eta nola jaso nahi duten arreta erabakitzeko ahalmenean ere. Sare zabala eta lurraldeari begira orekatua dugu: 10.000 egoitza plaza baino gehiago ia 150 zentrotan.

Gure konpromisoa zentroen sarea sare aurreratu bihurtzea da eta, aldi berean, pertsonan oinarritua egotea dugu helburu. Planteatzen dugun egoitza eredu berriak plaza mota berria sartuko du, zaintzan konplexutasun handia duten profilentzat. Halaber, plaza kopuru gehiago, 250 inguru hitzartu eta 112 publikoak eta kontzeptu berria: zerbitzua bermatzea, bai, baina pertsonek hautatzeko askatasuna izatea. Pertsona da guztiaren erdigunea, baita erabakitzekoarena ere.

Nola egingo dugu? Kontratu baten bidez. Xede horrez, lurraldean baimenduak dauden egoitza guztiak gonbidatuko ditugu, Aldundiak prezio zehatzean hartzeko plazak eskain ditzaten. Pertsonari egoitza izateko eskubidea onartu bazaio, zentroa hautatuko du eta Aldundiak plaza zuzenean zentroari ordainduko dio.

Gure asmoa eredu hori 2017. urtean ezartzea da. Eredua Iparraldeko herrialdeen esperientzian oinarrituta dago. Bizkaia aitzindaria izango da Estatuan. Bizkaian mendekotasunak dituzten pertsonek joan nahi duten zentroa aukeratuko dute eta Aldundiak plaza ordainduko du. Pertsonak erabakiko du.

Orain gizarte zerbitzuen zorroa aipatuko dut. Bai zorroari buruzko dekretuak, bai Euskadiko gizarte segurantzari buruzko legeak adostasun politiko eta instituzional zabalak izan dituzte. Bizkaian ere Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak markatzen duenaren adostasun puntua dira. Norabidea argia dugu baina, errealista izanik, aurrerapen abiadura modulatu beharko dugu. Azpimarratzen dut: bidearen % 90 baino gehiago ibilita dago; ez gaude zeron, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen eraikina sendoa da eta gehien behar dutenei onartzen die. Beraz, jada Bizkaiko ahulenentzat baliagarria den errealitatearen gainean eraikitzen ari gara.

Errealitate honetan bereziki kezkati nago talde batekin: beste pertsonak zaintzen dituzten pertsonak. Zaindaria babestu nahi dut, ezinbesteko irudia baita, nahiz eta gutxi edo ezer ez ikusi eta onartu. Bere garrantzia adierazteko hainbat datu emango ditut. Txosten batzuekin bat, zaintza informala PBGaren % 4 baino gehiago izan daiteke eta ekonomia garatuetan enpleguaren % 8ra hurbiltzen da.

Zaindaria zuzentasun gai bihurtzeko, pertsona horiei balioa eman behar zaie gizartearen begietara eta estatus zehatzerantz aurrea egin behar da. Erronka modura dugu gai horri aurre egitea eta, besteak beste, hurrengo gaiak argitu beharko dira: zaindari informalak administrazioaren eta legearen ikuspegitik onar daitezen sustatzea, aurreikuspen sistemetara ekarpenak orekatzeko formulak aztertzea, pertsona zaindariei informatu eta laguntzeko zerbitzu integrala garatzea, beren prestakuntza eta birmoldatze profesionala bultzatzea, zaintza lanen segurtasuna eta ergonomia sustatzea, pertsona zaindarien aldizkako atsedena bermatzea eta genero berdintasuna nahiz zaintza zereginen banaketa zuzena bultzatzea.

Guztiori dagokiguna gizarteratzen utziko didazue: Gizarte Segurantzari eskatzea mendekotasunak dituzten beste pertsona batzuk zaintzen lanean diharduten pertsona horiek eraginkortasunez onar ditzan.

Urte bizia dago gure zain. Urtarrilaren 1etik, egun horretan funtzionamenduan sartzen baita AP-8, Supersur eta Artxandako tuneletarako tarifen sistema integral berria. Sistema herritar guztien onurarako izango da. Ekonomia, finantza eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkortasuna ahalbidetuko du eta lurraldea orekatzen lagunduko du. Arazo bat zegoen, baina konpondu dugu.

Asfaltoaren gainean jarraitzen dut, 17 ere oso urte garrantzitsua izango baita errepideen etorkizunerako. Adostasunaren ondorioz, hurrengo hamarkadetarako errepideei buruzko plan gidariaren inguruan eztabaidari ekingo diogu.

Bizkaia moderno, hurbil eta arduratsurantz bidean urrats sendoak emango ditugu. Hemendik gutxira Batzar Nagusiekin eta herritar guztiekin gobernu irekiaren estrategia partekatuko dugu. Munduko gobernu nagusiek ildo honi eusten badiote, Bizkaiak ezin dezake atzean gelditu. Gure iritziz, kontzeptu honek beste batzuk (hala nola gardentasuna eta partaidetza) zabaldu eta hobetzen ditu, berez, agian, ahultzen hasi baitira. Gobernu irekia hori da, hain zuzen ere, baina askoz urrunago doa.

Lehenik eta behin, informazioa jaso eta Bizkaia nola dagoen aztertuko da. Horretarako, tresna parte hartzaileak eta gizarte ikerketakoak erabiliko dira. Bigarrenez, egiten ari garena modu ulergarri eta gardenean kontatuko dugu eta, xede horrez, informazio publikoa, irisgarria eta egiazkoa eskainiko dugu. Hirugarrenez, hurbiltasuna eta entzute aktiboa sustatuko ditugu, proiektuak jarraitu eta ebaluatzeko orduan herritarren partaidetzaren bidez. Hala, bertaratzeko espazioak eta online guneak gaituko dira. Laugarrenez, sarean eta lankidetza abiapuntutzat hartuta lan egingo dugu gizarte zibilarekin. Eta, azkenik, egiten duguna ebaluatu eta gure gestioari buruzko erantzukizunak onartuko ditugu, guztiaren berri emanez.

Guztiaren berri emateko, aurtengo azarotik 2017. urteko apirilera arte Bizkaiko hamar eskualdetan herritarrekin hamar topaketa izango ditudala aurreratzen dizuet. Egiten ari garena eta ezin dezakeguna egin jakinaraziko diet eta herritarrek esan nahi digutena gogoan hartuko dut.

Lehenengo topaketa azaroaren 10ean izango da Aldundiaren jauregian. Ateak zabalduko dizkiogu ehun bat pertsonari eta guztiaz egingo dugu berba. Elkarrizketa oinarrizkoa da; agian, modernoa bestea entzutea bezain zaharra da, baina egiaz entzutea, eraldatzeko borondatearekin. Bizkaia guztion artean gauzatzen dugu eta, beraz, guztiak gara baliozkoak.

Aldundia eskualdeetara eramango dugu, herritarrei hurbilduko diegu Bilbotik kanpo arreta integralerako lehenengo bulego pilotuarekin. Jada ez da beharrezkoa izango hiriburura hurbiltzea Aldundiarekin izapideak egiteko. Durangok eta bere eskualde osoak honako sailen zerbitzuak jaso eta gestioak egin ahal izango dituzte: Ogasuna eta Finantzak; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala; Ekonomia eta Lurralde Garapena; Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna; Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa; eta Laguntza, herritarren arretarako zerbitzua. Aldundi osoa eskualdearen zerbitzura. Durangoko esperientzia aldekoa bada, gero, gehiago iritsiko dira.

Ondoren hiru jarduera oso berezi azpimarratuko ditut. nazioartean izango duten eraginarengatik lurraldearen aldeko hiru apustu dira. Lehenengoa Metroaren 3. linea 2017. urteko lehenengo hiruhilekoan abian jartzea da. Lineak zuzenean zerbitzua 70.000 gizon eta emakumeri eskainiko dio Bilboko zona honetan eta 10 milioi pertsona mugituko dira urtean. Ez bakarrik Bilbokoak; horrez gain, Txorierri, Durango, Amorebieta-Etxano, Gernika edo Bermeoko konexioak hobetzen eta antolatzen lagunduko du.

Aldundi hau Metroarekin konprometituta dago. 1988az gero 1.320 milioi inbertitu ditugu, Bizkaiko biztanleko ia milioia. Era berean, Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzarekin konprometituak gaude, organo horrek lankidetza eta koordinaziotik abiatuta garraioa hobetzen lagunduko baitu.

Bigarrena Aldundi honek Guggenheimen hogei urteekin izandako erabateko lankidetza da. Lurraldea, lurralde osoa, gainera, eraldatzeko eragile bezala museoaren bizitasunean sinesten jarraitzen dugu. Aldundi hau Guggenheimekin bat egon da lehenengo minututik, museoaren erdia ordaindu genuen eta orain bidezkoa da eskertzea Bizkaiaren eta Euskadiren alde egindako guztia. Hogei urte hauek distira berezia izatea nahi dugu eta ekintza partekatuetan museoaren zuzendaritzarekin lanean ari gara, are gehiago goratzeko Guggenheimen lehenengo 20 urteak. Efemeride honek museoa eta Bizkaia berriz bultzatzeko aukera izan behar du.

Aipatzen nuen bestelako jarduera Gaztelugatxeko San Joan da. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak hurrengo aurrekontuetan partida bat gordeko du Gaztelugatxeko San Joanerako proiektu osoa idazteko. Hobekuntzarako obra plana hutsean gelditu baino askoz gehiago da: plan integralak kudeaketari, izan daitezkeen itzulera ekonomikoei, zona dinamizatzeari, ingurumenaren ikuspegitik babesteari, potentzial turistikoari… aurre egingo die, hau da, guztia landuko du. Eta epe ertain nahiz luzera begira. San Joan Bizkairako garrantzitsua bada, koherentzia eskatzen du eta planteamendu iraunkorrak, serioak eta etorkizunekoak egin behar dira. Zonako udalerriekin eta eragileekin planteamendu partekatua eta ikuspuntu guztietatik partekatua, gainera. Gure erantzukizuna proposamena mahaiaren gainean jartzea da eta udaberri aldera edo hurrengo udako lehenengo asteetan aurkeztea espero dut.

Hauek dira legealdiaren bigarren urterako gure konpromiso nagusiak. Horregatik orain ulertuko duzue nire ilusioa, 2017. urtea Bizkaiko historian garrantzitsuenetarikoa izango delakoa bainago. Gobernu bezala gure zeregin bakarra Bizkaia hobearen alde lan egitea da. Bihotz-bihotzez uste dut proiektu hauek guztiak Bizkairako onak direla, onak bertan bizi garen gizon eta emakumeentzat eta onak hurrengo belaunaldietarako.

Sinesmen horretatik abiatuta, oraindik gehiago hobetzen saiatzeko eskua zabaltzen dizuet. Agian, jada zuen esku-hartzeetan, besteak beste, honako hitzak idatziak izango dituzue: autopoztasuna, ezgaitasuna, diskurtso hutsala, betikoa… Hori da politika zaharraren eskuliburuak gomendatzen duena: gobernuari egurra; berak jakingo du zergatik.

Utz ezazue eskuliburu hori. Ausartu. Pentsatu Bizkaian, ez zuen estrategiatan. Azaldu ausardia eta seguru nago jendeak eskertuko duela. Bizkaiko historia berrian urte garrantzitsuaren aurrean gaude: gure gazteriari eskainitako urtea, proiektu eta ideia eraldatzaileez betea, Gobernu sendo eta elkartuarekin, motibatua eta ilusioz betea, eta gizakien eta profesionalen izugarrizko taldeak babestua.

Guztiei eskerrak ematen dizkiet: foru taldeari, nahasi izanagatik eta bere erabateko arduraldiarengatik. Zuei guztiei gaur errespetuz eta gizabidez entzuteagatik. Gauza bat besterik esatea ez zait gelditzen: pribilegiatua sentitzen naiz, halako unean hemen egoteagatik.