Politika orokorraren inguruko bilkura

2017(e)ko irailaren 27(a)

Politika orokorra

Berbea emoten deutsuet 2018a be ikusgarria izango dala Bizkaiarentzat

Gaur egun garrantzitsua da guztiontzat: batzarburuarentzat, batzarkideentzat, taldeentzat… eta Ahaldun Nagusiarentzat, jakina. Eta gura dot hor kanpoan dagozan pertsonentzat be egun garrantzitsua izatea eta, zuon guztion parkamenagaz eta eduki behar dan begiruneagaz, pertsona horreekan ipiniko dot arretea: bizkaitar guztiakan, hain zuzen be. Zuontzat gagoz hemen, zuon zerbitzuaren pean gagoz-eta.

Aurten hamar topaketa bizi-bizi euki doguz Bizkaiko ia mila andra-gizonegaz batera. Aurpegira begiratu eta gauza guztien ganean egin dogu berba, begirune osoagaz. Niretzat gauza askoren ganeko masterra izan da. Irakasgai asko emon deustez bizitzearen, politikearen, Bizkaiaren, pertsonen eta abarren inguruan. Eta horreetatik garrantzitsuena: pertsona bateri ulertzeko, beraren zapatak janzteko ahaleginak egin behar dozuz; oinak neurri, altuera, kolore eta erabilera desbardinetako zapatetan sartzeko ahaleginak egin behar dozuz. Dan-danak desbardinak dira eta behar-beharrezkoak.

Hori egiten dozunean, zapatak janzten dozuzanean, konturatzen zara pertsona bakotxa bakarra eta errepikaezina dala; izan be, ingurune berean egon arren, pertsona bakotxak bere errealidadea bizi dau eta bere arazoak eta ilusinoak daukaz. Eta horrek berorrek ardura deutso gehien. Hortik abiatuta ingurune kolektibo horregaz paretan da hartu-emonetan. Ez daitela ulertu hau guztia gizartearen kritika modura, hau da, indibidualismo edo egoismoaren ezkutuko salaketa modura. Ez. Kontua ez da hori. Bakar-bakarrik jakinarazo gura dot zer topau dodan. Eta ez dot epaitu gura; egiaztatu baino ez dot egiten. Egiaztatzen dot emakume eta gizon bakotxarentzako esfera pertsonala dagoala, pertsonen arazo eta ilusino nagusiak hartzen dauzen eta hareen bizitzea oinarritzen dan esferea. Esfera horrek ardura deusku gehien, eta horretarako eskatzen doguz urtenbideak eta aukerak. Gero, ganerako guztia dago. Barriro aitatu behar dot ez dodala ezer epaitzen; bakar-bakarrik egiaztatzen dot zein dan gizarte errealidade horrek dakarren desafioa: politikea pertsona bakotxaren neurrira egiteko desafioa, pertsona bakotxagaz alkarrizketa bakarra ehuntzeko desafioa.

Buelta asko emon deutsadaz errealidade horreri, eta gero eta argiago daukat zein dan erakundeek bete beharreko zeregina, zein dan Bizkaiko Foru Aldundi honen zeregina: ardura eta kezka pertsonal horreek guztiak posible egiteko ingurunea sortzea. Baina, beti be, konpromisotik, ahalegin partekatutik eta interes orokorretik. Batzuetan irudi batek mila berbak baino gehiago adierazoten dau. Ez jat gustetan habiako txiten irudia, amak jatekoa mokora noiz eroango deutsen begira. Eta bai gustetan jat zelan mobitzen dan bizikleta baten katea; izan be, kate horren begi guztiak baliotsuak eta ezinbestekoak dira mobimenturako, dan-danak alkarren menpean dagoz eta dan-danek egin behar dabe beharrezko ekarpena. Hori berori da lortu gura dodan Bizkaia, eta zehaztu dodan hori berori da topau dodana. Nire eretxiz, Foru Aldundiaren eretxiz, gure erronkea da esfera bi horreek batzea proiektu pertsonalak bizkortuko dauzen baterako proiektu baten inguruan.

Nik uste dot Gobernu honek esfera biak lotzeko eta helburu partekatu baten zerbitzupean buztartzeko hiru balio daukazala. Geure egin doguzan hiru balio, guztionak izateko eta Bizkaiaren zerbitzuaren pean egoteko: konfiantzea, ilusinoa eta harrotasuna. Kudeatzeko konfiantzea, proiektuetarako ilusinoa eta Bizkaian bizi izateak emoten dauen harrotasuna. Horixe da gaur andra-gizon horreekaz guztiakaz konpartidu gura neukeana, eta zuokaz guztiokaz, ze, kargu eta erantzukizunen ganetik, dan-danok gara pertsonak, dan-danok gara hor kanpoan dagozan pertsona horreek.

Kudeaketeari oratuko deutsat, abian dagoan, ekinean diharduan eta eskuartean proiektu ugari darabilzan Foru Aldundiak eskaintzen dauen konfiantzatik hasiz. Foru Aldundia pertsonen eta hareen arazoen eta ilusinoen zerbitzupean dago. Foru Aldundia serioa eta berbakoa, aurpegia emoten dauen Aldundia, esaten dauena egiten dauen Aldundia eta egiten ez dauena be esaten dauen Aldundia. Hori be konfiantzea da.

Areago, hasi gura dot egingo genduala agindu baina oraindino egin ez dogunetik. ‘Oraindino’ berbea azpimarratu gura dot. Orain dala urtebete konpromisoa hartu neban inbertsino funts batzuk prest eukiteko 2017ko lehenengo hilabeteetan. Oraindino ez dogu bideratu. Hori egia da, baina abian ipiniko doguz eta onak izango dira herrialde osoarentzat. Bideragarri bihurtzeko proposamen fiskala Zergen Koordinazio Organoan dago urte hasikeratik, talde politikoen arteko negoziazinoaren zati da abiatuarazo beharreko neurrien ganean, eta Batzar Nagusi honeetan onartu beharko da.

Zaintzaileei zuzendutako estatutu bat prestatzeko konpromisoa hartu genduan, eta oraindino ez dogu haren diseinua amaitu. Ziurtatzen deutsuet erreza izan balitz daborduko eginda egongo zala, baina oso konplexua da, ze ez da estatutua bakar-bakarrik. Azken hori eginda dago, baina falta jaku begiratzea horrek zein neurri dakarzan, zelan ezarten diran eta zelan konbinetan eta koordinetan dan lana beste administrazinoakaz. Ziurtatu gura dot beste pertsona batzuek jagoten dabezanek babesa, prestakuntzea eta atsedena izatea Foru Aldundi honen lehentasunetariko bat dala.

Zahartzearen inguruko industri sektore barria esploretako konpromisoa hartu genduan eta oraindino formea hartzen doan estrategia bat konpartitzeko be. “Oraindino” horreek azpimarratu gura dodaz. Onartu beharra daukat batzuetan burua eskuak baino arinago doala eta batzuetan teoria eta jarduna ez datozela guztiz bat. Batez be barritzen ahalegintzen garanean, hau da, arlo ezezagunei aurre egiten jakenean.

Oraindino ez doguz hiru konpromiso horreek bete, baina berbea emoten deutsuet errealidade bihurtuko dirala hemendik gitxira. Egin ez doguna onartzen dogun umiltasun berberagaz onartu gura dot egin eta aurrera atara doguna. Askoz be gehiago da, eta jarduketa batzuk nabarmendu gura dodaz Bizkaian eduki daben inpaktuagaitik.

Buru-belarri ekin deutsegu jarduera ekonomikoari eta enpleguari: inbertsino produktiboaren 197 milioi. Guztion artean, programarik programa, laguntzinorik laguntzino, ekimenik ekimen, jadetsi dogu gaur egun 20.000 pertsona gitxiago egotea behar barik orain dala hiru urte baino. Horixe da hamabi hilabete honeetako barririk onena, laburpenik onena. Enplegu bat, ilusino bat, itxaropen bat aurkitu daben 20.000 andra-gizon. Oraindino be 76.374 enplegu bultzatu behar doguz, langabeziaren ondoezetik ateratzen lagundu beharreko 76.374 pertsona. Jakin daiela euren zapatetan jarraituko dogula, kalidadezko enplegu egonkor eta duinagaz konprometiduta segiduko dogula.

Horrexegaitik bultzatu doguz aurton enpleguaren hamaika anezka, lau gazteei beren-beregi zuzendutakoak. Horrexegaitik bultzatu doguz autoenplegua eta ekintzailetzea. 1.039 enpresa eta 1.226 lanpostu sortzen laguntzeko. Horrexegaitik bultzatu doguz 188 negozio-ideia barri azken urte biotan. Horrexegaitik erabili doguz 16 milioi euro 656 enpresa txiki eta ertaineri eta autonomoei laguntzeko. Horrexegaitik atara doguz LEPko 281 plaza eta beste ehun gehiago atarako doguz urtea amaitu baino lehen. Horrexegaitik daukagu konfiantzea 3i-ren moduko programetan, beharra sortu eragiten dabelako: 73 lanpostu barri 2017. urte honetan. Horrexegaitik hornitzen doguz Lanberri-ren moduko programak, laguntzen dabelako 30 urtetik beherako 76 pertsonak eta laneratzeko zailtasunak daukiezan 131 pertsonak beharra euki daien. Horrexegaitik lagundu deutsegu era guztietako tamainak eta izaerak daukiezan 600 enpresari. Horrexegaitik be onartu doguz kontratazinorako klausula sozial batzuk: enpleguaren kalidadea, aukera-bardintasuna eta ingurumenaren zaintza arloa bultzatzeko.

Gure gazteriarentzako urte berezia izateko konpromisoa hartu genduan, eta bete egin dogu. Bideak aurrera darrai, eta bai konpromisoak be. Gazteakaz gauzak egiteko konpromisoa, ez gazteentzat, ez eurak kontuan hartu barik. Gaur Bizkaian gazteen langabezi tasa orain dala urtebete baino zortzi puntu txikiagoa da. Gure bekei guztiz programa apurtzailea gehitu deutsegu: Bizkaia BBK bekak. Autokritikatik sortzen diran bekak dira, nazinoarteko zentrorik onenetan ahalik eta prestakuntzarik onena bermatu ahal izateko. Ondokoa da garrantzitsuena: bikaintasuneko prestakuntza honen ondoren, kalidadezko enplegua bermatzen dabe lurraldeko punta-puntako enpresetan. Lehen bekea emoten genduan, baina ez genduan geroa jagoten. Orain danok irabazten dogu: gazteek irabazten dabe, Bizkaiko Foru Aldundiari eta BBK Fundazioari esker prestakuntzarik onena jasoten dabelako eta berton behar egiteko aukera bat bermatuta daukielako; enpresek irabazten dabe, euren zerbitzupean profesionalik onenak daukiezalako; eta Bizkaiak be irabazten dau, inbertsino hau lurraldera itzultzea jadesten dauelako. Nire esker ona BBKri eta ekimen honegaz konpromisoa hartu daben enpresa guztiei be.

Era berean, Aldundiak eskaintzen ebazan beken eta praktiken kopurua bikoxtu dogu, gazteek lehen kontaktua euki daien benetako munduagaz. Gazte txartelaren diseinua gazteei emon geuntsen eta horrek bilakaera zehatza euki dau Bizkaiko komunidade gazte baterantz. Horixe da gazteriak daukan indarra: amets egiteko indarra.

Oso pauso esanguratsuak emon doguz aurrera hub finantzariaren arloan daukagun estrategian, Bizkaia erreferente modura kokatuz baloreen inbertsinoan, ESG alorrean, gure artean geratzeko etorri dan alorrean, hain zuzen. Lortu dogu Idaho, Nevada eta Texaseko enpresa ordezkaritza batzuek Bizkaiko enpresak eta aukerak in situ ezagutu izana.

Aldi berean, pertsonen eta hareen ongizatearen aldeko posturea sendotzeko konpromisoa hartu genduan, eta hori be bete egin dogu. Itun-eredu barria bultzatu dogu, gure nagusiak hobeto artatzeko, beti be pertsonak sistemearen erdigunean kokatuz eta zentroa erabagiteko aukerea ezarriz joan den garagarrilaren 1etik. Daborduko errealidade bat da norberak erabagitea nora joan gura dauen.

Lurralde batuago bategaz be hartu genduan konpromisoa, guztiontzako aukera bardinak eskainiko ebazan lurralde batuago bategaz, hain zuen. Bederatzi hilabete egin doguz ordainsarien sistema barriagaz. Azkeneko erregistroaren arabera, onuradunak 13.387 izan dira. Beste aldundiakaz daukaguzan hartu-emon on eta egokiek ahalbidetuko dabe hemendik gitxira abantaila hau Bizkaitik haratago zabaltzea. Metroagaz beste pauso bat egin dogu: 3. linea eta Urdulizko geltoki lurperatua errealidade bihurtu dira daborduko. Eta lurraldean daukaguzan oinarrizko aktibo bi bultzatu doguz: Guggenheim museoa eta Gaztelugatxeko Doniene.

Bizkaiko Foru Aldundiak dan-dana emon dau munduan daukagun enbaxadorerik handienaren hogeigarren urteurrenaren alde, eta Guggenheim izandako asmatze kolektibo bikain honen protagonismoa emon deutse benetako jabeei: Bizkaiko herritarrei, hau da, Bizkai osoari. Eurek ordaintzen dabe museoa euren zergakaz eta eurek izango dira hogeigarren urtebetete honen gonbidaturik garrantzitsuenak. Brindis bat irudikatu gura dot hareen alde, amets hau posible egin daben Bizkaiko pertsona guztien alde.

Gaztelugatxeko Doniene be aitatu dot. Gure ondarearen bitxi honen aldeko plan integralean jarraituko dogu beharrean; abuztuan bakarrik 145.000 bisita jaso dauz, 80.000 mila inguru Bizkaitik kanpokoak. Planaren lehen ondorioak eukiko doguz urtarrilean eta, hortik aurrera, guztion artean erabagiko dogu zein ekintza eta konpromiso abiatuarazoten doguzan alkarregaz. Ez dogu arin egin behar, ondo egin behar dogu, zentzunez jokatuta, etorkizunean pentsauta, une honetako larritasunak albo batera itxita. Hori bai, aurreratu gura deutsuet prozesu hau bateratuko dogula epe laburrean beharrezkoak diran jarduketa batzuekaz, baina plana baldintzatu barik. Hau da, Eneperiko sarbidea hobetu, ermitara doazen eskilarak konpondu eta komunetarako bestelako eremu bat egokituko dogu.

Hau guztia posible bada, enplegu programak bultzatu ahal badoguz, gazteentzako programak, nagusientzakoak taxutu ahal badoguz, geure ondarea zaindu ahal badugu eta kalidadezko zerbitzu publikoak euki, hori guztiori egin ahal badogu izan da Bizkaiko Foru Aldundi honen beste konpromiso bat bete dogulako: iruzurraren aurkako borroka geldiezina. Aurtengo jarduketek ahalbidetu dabe Bizkaiari 462 milioi ezkutu itzultzea eta justiziaren aurrera eroan ahal izan doguz ustezko 25 delitu fiskal. Ogasuneko mila profesional inguruk gogor egiten dabe behar, inork ez deion barrerik egin inori, inork ez daian inor engainau. Oinarrizko zeregin horreri laguntzino eta zerbitzu sozialak ikuskatzeko plana gehitu deutsagu.

Laguntzinorik? Bai, jakina. Bizkaia solidarioa da eta halantxe izaten jarraituko dogu, gehien behar dauenari lagunduz. Argi daukagu, beharbada, guztiok beharko dogula laguntzinoa noiz edo noiz. Ez dogu zalantzan ipini gura laguntzinoen sistema beharrezko eta justu hau. Baina sistemeak funtzionetan jarraituko dauela ziurtatzeko, haren etorkizuna ziurtatzeko, ezinbestekoa da kontrola. Kontrol horrek bermatzen dauelako laguntzinoak emongo jakozala benetan behar dauzenari eta guztion dirua modu egokian erabiliko dala. Laguntzinoak bai, baina kontrola be bai.

Ordezkari publikoei eta erakundeei eskatu behar jake euren jarduketen bitartez konfiantzea sortu eragiteko. Zelan? Emondako berbea betez. Badakizuen legez, Bizkaia Goazen 2030 estrategian 120 ekintza gauzatzeko konpromisoa hartu genduan. 120 ekintza horreek abian dagoz: 89 burutzapen fasean dagoz, 30 amaitu dira daborduko eta bat baino ez dago diseinu fasean: larrialdietako zerbitzuak bateratzeko proiektua.

Berbea beteteko konfiantzeak legitimatzen gaitu ilusinoak partekatzen, berbarako Bizkaiko historiako une bikaina bizitzeko ilusinoa. Sekula ez gara holan egon: gizarte kohesionatua gara, bakean bizi gara, inbidia emoteko moduko egonkortasun politiko eta soziala daukagu, zerbitzu publiko aurreratuak daukaguz, enplegua sortzen gabilz: ondo bizi gara berton.

Bake eta egonkortasuni gabe, eta %25etik gorako enplegu tasagaz zelan bizi dan badakigun legez, guk danok une ezti honen balioaz sakon gozatzea gura neuke. Arazoak euki arren, jakina. Bizkaiak be arazoak daukaz, euki: pertsona batzuk behar barik daukaguz, txarto pasetan dabilzen pertsonak, zailtasunak daukiezan enpresak, noraezean dagozan beharginak. Hori guztia be badaukagu, egia da. Baina, era berean, erakunde inplikatu eta arduratsuak daukaguz, zuon eta guztion etorkizunaren alde lanean dabilzenak. Horrexegaitik ez jataz urtenbide pertsonalak gustetan. Zentrau behar dogu oraindino be zabalik dagozan eta lehiakorrak diran enpresetan. Bizkaiko Aldundi hau CELentzat konponbide bat bilatzeko prest dauezan guztiekaz kontaktuan dago, hur sentitzeko, animetako eta itauntzeko zelan lagundu ahal deutsegun aurrerapausoak emoten, jakiteko zelan lagundu ahal deutsegun laguntzen. Ahalik eta lanpostu gehien bermatzen dituen industria plan sendoa, bideragarria eta sostengarria aurkezten laguntzen.

Navaleko enpresa laguntzailearen aldeko ekintza zehatzen bat taxutu behar dogula pentsetan gabilz, ontziolaren menpe dagozan enpresa eta familia guztiek aurrera urten daien. Gure lehentasuna da hasitako ontziak amaitzea, arazo hori amaituta, bestelakoei aurre egin ahalko deutsegu-eta; baina hori gainditzen ez badogu, gatx-gatxa izango da beste batzuei aurre egitea. Erlojuz kontra gabilz beharrean konplexutasun itzelezko sektore eta gai batean, EBtik eskuhartze publikoa mesfidantzaz ikusten den sektorea izateagatik, aplikagarria dan nazinoarteko arautegiagaitik eta konplexutasun ekonomikoagaitik. Beharrean jarraitzen dogu eta, kasu horretara helduta, Batzar Nagusi honeek izango dira Navaleri eta ganerako enpresa osagarriei laguntzeko aparteko pausoren bat egin behar dan erabagiko dabenak.

Badago Kalkutako Teresarena ei dan aitamen bat, ideia hau ondo baino hobeto osotzen dauena: ez daukagu munduaren arazo guztien konponbidea geure eskuetan, baina munduko arazoak ikusita geure eskuak daukaguz, euki. Ez dakit gure eskuak nahiko izango ete diran, baina ahalegindu egin gura dot, ahalegindu egingo naz. Habian dagozan txiten irudia ekarri gura dot barriro harira. Inork pentsetan badau urtenbidea aldarrika helduko dala edo pankartakaz, inork jesarrita itxaroten badau beste batzuek haren arazoak konpondu arte edo inork oraindino uste badau makiltxu magikoren bat dagoala, ba, oker dago. Arazoak guztionak dira, eta urtenbideak be bai. Inplikazinoa eskatzen deuskuenei, nik gauza bera erantzuten deutset beti: benetako inplikazinoa behar dala. Milaka eskaera entzun dodaz, milaka exijentzia, baina milaka proposamen, milaka konpromiso entzun gura neukez. Benetako konpromisoak: Begitu, Ahaldun Nagusi, gu prest gagoz hau egiteko urtenbide bat topetako. Edo: Begitu Ahaldun Nagusi, honetan laguntzinoa emon behar deuskuzu beste hau jadetsi ahal izateko. Horretarako bada, prest nago, eta beti egongo naz. Beste batzuei erruak leporatzeko bada, beste batzuen urtenbideen zain egoteko, bildurraren negozioak elikatzeko, inork ez daiala itxaron abesbatza horretan parte hartuko dodanik.

Horixe da Enkarterriko alkateei aurreko eguaztenean jakinarazo neutsen mezua: arazoen urtenbidea ez da kanpotik etorriko, alkarregaz egin beharreko lan batetik etorriko da, guztion lanetik. Alkate guztien jarrera eta prestutasuna nabarmendu eta eskertu gura dot. Prestutasun horregaz aurrera urtengo dogu, seguru. Plan pilotu honek ondo urten ezkero, bestelako eskualde batzuetara zabaltzeko prest nago.

Ez litzateke bidezkoa izango arazoak ukatzea, baina bidegabea litzateke arazo horreek bestelako errealidade bat ezkutatzea. Gora doan Bizkaia baten errealidadea, bai, benetako errealidadea; hazten, enplegua sortzen, jarduera eta baliabideak bizkortzen dabilzan enpresen eta lurralde baten errealidadea. Sestaoko PCBren adibide grafikoa itxiko dot, Ezkerraldean. Orain dala urte bi orube bat hutsik egoan, eta ondo baino hobeto gogoratzen naz putzuez eta basatzaz betetako zuloren bat edo beste be baegoala. Gaur egun, punta-puntako planta bat dago, 200 pertsonari enplegua emoteko asmoa daukana. Irudi baten eta bestearen artean Aldundiaren eskua be badago. Edota Sidenorren adibidea, 35 milioi euro inbertidu dauzena Basauriko plantan. Edo Bridgestonena. Edota sortu diran enpresa barriak, kasurako Haizea Wind, aeronautikearen arloko sektore estrategikoan. 55 milioiko inbertsinoa eta 300 industria lanpostu. Edota modu isil baten Bizkaia jarduera eta biziz betetzen dituzten pyme guzti horiek. Histocell, Ekide, Navacel, Alkargo, Metal Smelting, Dibal, Cikautxo, Nemak, Fundiciones Garbi, Lebario eta beste asko dira horren adibide.

Hori be pasetan dabil Bizkaian, munduari gero eta gehiago begiratzen deutson eta etorkizun oparoa daukan lurraldean. Atzean hamarkada luze eta gatxa itxi behar dogu, 2008tik 2018ra artekoa. Hamarkada iluna, asko sufridu eragin deuskuna, zalantzak zuztarretaraino sartu deuskuzana, etorkizunagaz mesfidati izatea eragin deuskuna eta gure bizitzei eusten eutseen segurtasun batzuk desagertu eragin dauzena, berbarako denbora luzez enplegu egonkor eta duina izatea.

Sasoi argiagoan gagoz, ilusino handiagokoan; zuhurtziaz jokatu beharra dago, baina ilusino handiagoa daukagu eta susperraldia etenbakoa da. Ahaleginak egingo doguz 2018ak argi gehiago euki daizan eta argi horrek lagundu deigun badaukaguzan segurtasunak berreskuratzen eta gaur egun daukaguzan arazoak konpontzen. Argi gehiago dago orain. Ostera be azpimarratu behar dot 20.000 langabetu gitxiago dagozala. Gure BPG jarraian hazi da aurreko 14 hiruhilekoetan; krisialdiaren aurreko mailetara heldu da. 2018rako joereak antzeko aurreikuspen positiboak daukaz. Joera iraunkorra, sendoa eta dinamikoa, jarduera sektore guztietara heldu dalako, zerbitzu sektoretik industriara. Eta horreri barne eskariaren % 2,9ko bilakaera positiboak laguntzen deutso; ganera, etxeen kontsumoaren hazkundea % 3koa da, eta inbertsinoaren hazkundea, barriz, % 2,9koa. Datuok baieztatzen dabe, azkenik, susperraldia etxeetara heldu dala, kalera, plazara. 2017ko lehen seihilekoan ekoizpen industriala % 4,3 hazi zan Bizkaian, 2016ko aurreko epe beraren aldean.

Ekonomia hau, lurraldea legez, gero eta konektatuago dago munduagaz. Gure ekonomiaren esportazinoen pisua BPGren % 25 ingurukoa da eta hazi egin da: 2017ko lehenengo datuek adierazoten dabe hazkundea % 19,6koa izan dala 2016ko lehen hiruhilekokoaren aldean. Guretzat oso garrantzitsuak diran merkatu batzuk, berbarako Frantzia eta Alemania, % 12,3 eta % 9,4 hazi dira, hurrenez hurren, Bizkaiko esportazinoen jomuga modura. Era berean, Bilboko Portuaren salgaien trafikoa be oso positiboa izan da; halan, 2017ko lehen seihilekoan 15,9 milioi tonak gainditu ditu, 2016an baino % 4,1 gehiago, estibearen gatazkea sortu arren.

Hobeto egon gura dogu eta oinarrizko gauza bat lortu gura dogu, txarto dagoana ondo egotea. Bizkaian benetako pobreziaren tasea % 5,5ekoa zan, 2016ko datuen arabera. Tasa hori % 6,4koa zan 2014an eta gaur egungo tasea krisialdia hasi zan 2008koaren antzekoa da. Gure betebeharra da pertsona horreek bazterkeriatik ataratea. Egiteko asko dagoz, baina bide bat daukagu: Habitat Bizkaia programak, une honetan 18 pertsona artatzen dabezanak, edo Goihabe programea, 193 errefuxiatu artatzeko beharra jorratzen dauena; ganera, gizarteratzeko lana beteten daben egoitza zentroak daukaguz. Lurralde honek daukan indarra izaugarriaren ereduak dira. Aldundiak gizarte gaiko laguntza edo diru-laguntzaren batekin babesten ditu Bizkaiko 95.375 pertsona. Populazioaren % 10 inguru. Aldundi honek ez du inor bazterrean uzten.

Bizkaia ibili dabil, eta mundua konturatu da horregaz. 2017ko urterriletik abuztura bitarte 3,3 milioi bidaiari igaro dira Loiuko aireportutik, 2016an baino % 7 gehiago. Portzentajearen aldetik, aireportua estaduko hiru aireporturik garrantzitsuenak baino erritmo handiagoan hazten dabil: Madril, Bartzelona eta Palmakoa baino erritmo handiagoan. Oraindino udako datuak euki barik, bidaiarien trafikoak, ganera, hazkunde handiagoa euki dau nazinoarteko hegalaldietan (% 12) etxeko trafikoan baino. Gero eta gehiago bisitetan gaitue: aisialdiko bisitak dira eta negoziokoak. Daborduko atzerriko bidaiariak Bizkaira heltzen diran hiru bisitarietatik bat dira; Bizkaia, ganera, Euskadi bisitetan daben bidaiarien % 48ri egiten deutso harrerea. Bizkaia gustagarria da eta bisitetan gaituena engatxau egiten da, kalidadezko jomuga garalako; hain zuzen be, balorazinoa 10etik 8,6koa da.

Datu objektibo horreekaz norberak ezin dau ulertu eta ez dau ulertuko batzuk zergaitik geratu diran barregarri uda honetan. Ezin da ulertu eta ez da ulertuko zergaitik ipini behar jakozan makilak gurpilari, zergaitik zangotrabau behar dogun Bizkaian enplegua eta aberastasuna sortu eragiten dauzen sektore bat, zergaitik lohitu behar doguzan gure abegikortasuna eta gure baloreak, zergaitik asmau behar dogun arazo bat ez dagoan eta egongo ez dan tokian. Bizkaiko eredua bestelakoa da: kalidadean eta alkarrenganako begirunean oinarritutakoa. Betikoek kalte egin gura izan dabe, baina hori be ez da barria; historia errepikatu egin ohi da. Eta amaierak be bai.

Bizkai positibo eta argitsu honetara itzuliz, beharbada datu bakar batean bildu daitekez aitatu dodazan adierazle guztiak: diru-bilketea positiboa izan dala. Datuek, dana ixtearen zain egon arren, erakusten dabe ekonomia behar baizen dinamikoa dala eta behar beste baliabide sortu eragiten dauzela gure zerbitzu publikoen eta laguntzino-zerbitzuen kalidadeari eusteko. Urteko lehenengo zortzi hilabeteen diru-bilketeak % 14,9ko igoerea euki dau 2016koaren aldean. Bildutako 4.808 milioi euroak ekitaldi honetarako aurrekontuan sartutako diru-bilketearen % 68,8 dira.

Aurreko ekitaldiagaz egindako alderaketea be erlatibizau beharra dago, hilabete honeetan izandako hazkunde handia justifiketan dalako, neurri handi batean, diru-bilketarik baxuena euki daben 2016ko hilabete batzuekaz erkatzeagaitik. Era berean, eragina dauka maiatzean BEZaren doikuntzaren zenbateko konpentsatuak zenbatu izanak, Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortutako akordioen ondorioz, beti be burutzeke egon diran kupoen likidazinoari jagokonez. Eta, aldi berean, 2016an ez ziran izan BEZaren doikuntzetan konpentsazino batzuk estaduagaz, desadostasunak sortu ziralako.

Dana dala, hurrengo hilabeteetako diru-bilketea bai alderatu ahalko da orain dala urtebete izandako datu onakaz. Gogoratu beharra dago sasoi horretan lurralde erkidearen arautegia, konturako ordainketei buruzkoa, aldatu zala gorantz. Halanda ze, argi dago diru-bilketearen hazkundea apalduko dana urteko azken hilabeteetan; ganera, epe horretan, soziedadeen zergearen kanpainearen itzulketak egiten doguz. Laburbilduz: hasikeran aurreikusitako diru-bilketearen zenbatekoa beteko dugu, hau da, 6.990,8 milioi euro. Eta gehiago biltzen badugu, hobe Bizkaiarentzat eta erakundeentzat.

Orain, tuneletik kanpo gagozan honetan, doitu beharko geunkez gure fokuak, hareen argia, distirea eta distantzia handiagotzeko, tunelera bueltetan garanerako hau laburragoa eta argiagoa izan dadin. Fiskalidadearen ganean nabil berbetan. Nire ikuspegi berezia jakinarazo gura deutsuet. Barriro aitatu dot neure ikuspegia. Lehenengo ñabardura garrantzitsua: herritarrei zergak ez ikutzea. Ez. Edozelan be, neure eretxiz, bai berba egin beharko geunke enpreseagaz eta jarduera ekonomikoagaz zerikusia daukien hiru alderdi zehatzen ganean: soziedadeen zergearen ganean (argibide bat eginda: zerga hori enpresena da, ez enpresen jabeek ordaintzen dabenena), ekintzailetza neurrien ganean (autonomoek edo enpresa barriek hasikera errazagoak izateko neurriak), eta kanpotik beharrean gurera etorri diran pertsonei eragiten deutsien tasen ganean, hau da, beste herrialde batzuetatik lan egitera eta talentua erakarri guran datozen pertsonen tasen ganean.

Aldatu bai, baina zertarako? Bizkaia lehiakorragoa eta erakargarriagoa lortzeko eta beharrezko baliabide publikoei eustis eta horreek danak sendotzeko. Hori jadesteko, behar-beharrezkoa da gure enpresek lehiakorrak izaten jarraitzea gero eta gogorragoa den ingurune batean. Erakargarritasun horrek enpresak animauko dauz Bizkaia aukera modura ikusten, gaur egun gertatzen danez bestaldera. Halan, hemen daukaguzan enpresek eta enpresa barri horreek enplegu eta jarduera ekonomiko gehiago sortu ahal izango dabez. Eta enplegu eta jarduera horreek lagunduko dabe gure zerbitzu publikoak mantentzen eta hobetzen, bai eta gure gizarte zerbitzuak eta gure bizi-kalidadea be.

Azaldu deutsuet zergaitik uste dodan modako lurraldea garala. Orain azalduko deutsuet zergaitik uste dodan maila fiskalean hobetu behar dogula. Izan be, nire eretxiz, ez gara une honetan izan ahal garan eta izan behar dogun baizen lehiakor eta erakargarriak. Benetakoa izan leitekean adibide irudikatu baten bitartez egingo dot: Erresuma Batuan egoitza daukan enpresa batek mobitzea erabagi dau edo Europan filial bat zabaltzea. Zuzendariak mapea hartu eta jomuga posibleak alderatzen hasi da. Zenbakiak egin eta konparetan dau zenbat urteten deutson leku batean eta bestean. Egiaztatzen dau, adibidez, soziedadeen zerga nominala Finlandian % 20koa dala, Holandan % 20tik %25era bitartekoa, Erresuma Batuan % 20koa, Alemanian % 15ekoa, Danimarkan %22koa, Espainian % 25ekoa eta Euskadin, Bizkaian, % 28koa. Zer egingo dau jarraian? Gure mapea zirriborratu eta gugaz ahaztu.

Zeharo garrantzitsua dan datu bat: zerga hori Bizkaiak batzen dauzen zerga guztien % 7 da. Zerga bat baino gehiago, politika industriala egiteko erreminta bat da. Aldi berean, badagoz, egon, erabagi hori hartzeko beste faktore batzuk be: lan-baldintzak eta ekoizkortasuna, administrazinoak, azpiegiturak, konektibidadea, prestakuntzea, barrikuntza-mailea… Uste dot horreetan guztietan gure mailea oso ona dala, lehiakorra, baina beti hobetu geinke hori guztia. Dana dala, uste dot horrek ez dauela zerga-tasa nominalaren hasikerako inpresinoa arintzen. Bardin balio dau ekintzaile batentzat zein kanpotik beharrean gurera etorri dan batentzat, bai eta globalizazinoaren ondorioz gaur hemen eta bihar beste lekuren batean bizi diran zuzendaritzako kargu guztientzat be.

Horreentzat daukagun eskaintzea oso argia da: hemen hobeto bizi gara eta hobeto jaten dogu. Baina holango jenteak, jateko kontuak aitatzen dauzenean, erabat gauza desbardina eukiten dau gogoan. Herri batzuetan besoak zabalik hartzen dabez, badakielako aldi berean euren zergak, kontsumoa, familia eta enpresearen erabagiak hartzeko zentroa heltzen jakezala. Nik hautagaiak diran ganerako uriek eta lurraldeek daukiezan baldintzakaz hartu gura neukez, baina gaur egun hori asmo hutsa baino ez da. Askoz be errentagarriagoa egiten jake hemendik ordu bete eta gitxira dagozan beste uri batzuetan bizitzea, eta leku horreetara joaten dira eta leku horreetan ipinten dabez euren enpresak. Egia da, bai, hona etorten dirana, baina oporretan, gure Guggenheim maitagarria ikustera, baina ez negozioak egitera.

Europara begiratzera ohitu dan gizartea gara, Europaren Iparraldera, eta hori ona da. Baina geure burua eta eurena gauza guztietan konparau behar dogu, baita lehiakorrak izateko daukiezan zerga-neurrietan be, inbertsinoak lortzeko eta ekintzaileak deitzeko herri erakargarri izateko hartzen dabezan erabagietan. Nik neuk horretan sinestuten dot, eta uste dot zerga arloko kontuetan Lurralde erakargarriagoa eta lehiakorragoa behar dogula maila industrialean be Lurralde lehiakorragoa eta erakargarriagoa izateko, eta horrexegatik beharrean jarraituko dot, harik eta hori guztia lortu arte. Holan, gizarte inklusiboagoa eta oparotasun inklusiboa eregiteko behar diran baliabide publikoak bermatuko doguzalako. Hori ez eze, uste dot enpresek kalidadezko lanagaz, irabazien berrinbertsinoagaz, barrikuntzeagaz eta ingurumenagaz inplikauta egon behar dabela. Eta uste dot ondo diseinauta dagoan Soziedadeen ganeko Zerga batek hori guztia be sustatu leikeala.

Politikariok epe luzera begiratu behar geunke, ez laburrera, etorkizuna jokoan ipinten daben gauza honeetan guztietan. Beti eurei laranjei ura atara beharrean, hobe izango geunke lur barria prestatzea eta laranjondo barriak landatu eta jagotea, horreetan laranja-ur gehiago eta hobea eskainiko deuskuen laranja barriak sortu daitezan. Beti laranja berari ura ataraten deutsazunean, azala baino ez jatzu geratzen, eta azal hori mingotsa izaten da sano.

Bizkaiko Aldundi honek eta Ahaldun Nagusi honek epe laburrean jarduten jarraituko dabe, baina begiradea epe luzean ipinita. Eskasia egon danean kapaz izan gara zorrotz eta gastuetan lehentasunez jokatzeko eta, orain, hazkuntza-sasoi honetan be, kudeatzeko gauza izango gara, ondo baino hobeto dakigulako zein dan gidatzen gaituan ardatza: belaunaldi barriei Bizkaia hobea lagatzea. Beti gizarte beharrizanak salbuetsita, agian unea da definizinoz beti amaitu barik dagoan Bizkaian inbertsinoak egiteko. Eta amaitu bakoa esaten dot, beti egongo dalako hobetu beharreko zer edo zer. Nire eretxiz, Bizkaiak beti jarraitu behar leuke hobetzen. Ildo horretatik, helburu horretara heltzeko Aldundiaren gizatalde osoak eta batez be hurbilen daukadan taldeak, nigaz dagozan diputatuek, egiten dabezan lanak eta ahaleginak eskertu gura dodaz.

Amaitu barik dagoan Bizkaia horreri jagokonez, ekarpen bi egin gura neukez. Lehenengoa, gure errepideetako auto-ilaren kontrako plan ausarta egitea, segurtasuna, konektibidadea eta azkartasuna irabazteko; Bizkaiko gizon eta emakume guztien bizitza eta bizi-kalidadea hobetzeko. Derrigorrez jarduketa desbardinak eukiko dauzen plan orokorra behar dogu. Eta gehieneko kapazidadeko lotura barria behar dogu itsasadarraren alde biak batzeko; Arrontegiko zubiak anaia behar dau, eta kapazidade altuko beste bideakaz daukaguzan konexinoak hobetu behar doguz. Esan gura dot ezinbestekoa dala Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea eta AP-68 autobidea batzea, azpiegitura horrek zentzun eta praktikotasun osoak euki daizan. Jarduketa bi horreekaz, La Avanzadako, A-8 autobidearen Ezkerraldeko bide-tarteko eta Txorierriko saihesbideko ilarak arinduko geunkez, eta holan azkartasun, segurtasun eta bizi-kalidade arloetan irabaziko geunke.

Oso ondo pentsau beharreko kontuak dira, jarduketa zeharo garrantzitsuak dira-eta. Bizkaiarentzat Metroa garrantzitsua dan moduan, Aldundi honek bizkaitarren bizi-kalidadearen alde egin dauen ekarpenik onenetarikoa. Metroagaz be pausu bat aurrera egin gura neuke. Hori esaten dodanean, Metroaren eta Loiuko aireportuaren arteko konexinoa eta Metroaren eta Galdakao eta Usansoloko ospitalearen arteko konexinoa daukadaz buruan. Europatik bidaiatuz gero, momentuan igarten dogu punta-puntako lurraldeek eta uriek bete daben estrategia dala, gaur egun daukagunaren eta urte honeetan guztietan eregi doguzan azpiegituren zentzun osoaren arteko sinergiak bilatuz. Metroak eta trenak tresna bakarra izan behar dabe Lurralde honetako pertsonen eta euren bizi-kalidadearen zerbitzura.

Eskualdeetan hain garrantzitsuak diran konektibidadearen eta errepideen arloko obrak ahaztu barik. Hobekuntza-lanak egingo doguz Bizkaiko eskualde guztietan. Mugikortasunaren Agintaritza bat sortu da; Agintaritza honen helburua, jasangarritasuna, eragingarritasuna eta lehiakortasuna kontuan hartuta, etorkizuneko garraioaren diseinua egitea da, beti Lurraldearen kohesinoaren eta hazkuntza ekonomikoaren zerbitzura. Hori Bizkaibus Zerbitzuagaz lortzen dogu, lineak eta maiztasunak beste era batera antolatuta frogatu dauena zerbitzu bizia eta pertsonen zerbitzura dagoana dala.

Danok gura dogu hobekuntza, baina badagoz lege nagusi bi Aldundi honek eta Ahaldun Nagusi honek beti, baita obra eta azpiegitura handien kasuan be, kontuan hartzen dauzenak: gure eskura egotea, ordaindu ahal izatea, eta etorkizuneko obra horreek Bizkaiko gizonen eta emakumeen bizi-kalidadea hobetzeko izatea. Baldintza horreek biak ezinbestekoak dira. Urratsak emoten gabilz ea egoera ekonomikoak aukerarik emoten deuskun Bizkaia hobea eregitea lortzeko.

Eta Lurralde honen garapenaren ganean berba egiten badogu, datozen hileetan errealidadea izango diran proiektu handi bi iragarri gura deutsuedaz. Guk ilusino handiz landu doguz eta zuek be holan hartzea gura geunke, Bizkaian gakoak diran bi arlo sendotzeko eta horreei etorkizuna emoteko diralako. Ekintzailetasuna Sustatzeko Nazinoarteko Zentro bat eta mundu mailan erreferente izango den oil&gas-agaz lotuta dagozan produktuen laborategiaren eraikuntzak dira.

Historian zehar lurralde ekintzailea izan gara, gure geure ametsak eta inorenak errealidade bihurtzeko arriskatzen ziran pertsona ausartak izan gara. Holan jaio ziran hemengo enpresa asko, baina krisiaren eta bildurraren ondorioz gitxitu egin da ekintzailetasunaren aldeko konpromiso hori. Aldundiak Bizkaia handi egin dauen ekintzailetzarako grina hori lehengoratu gura dau, XXI. gizaldiko gakoak aintzat hartuta: munduagaz konektauta, gurean gakoak diran sektoreen aldeko posturea eginda eta nazinoarteko eragilerik onenen laguntzinoagaz. Bilbon egingo dogu, eta Ekintzailetasun Zentro bakarra izango da Euskadin. Biharko eguna daukagu gogoan, baina gaur gauzatzen dogu ideia, proiektu eta amets bat daukien guztiei behar dabena eskainita. Ausart be ausart jokatu dogu; izan be, hau ez da ekintzailetasunari enbidoa egitea, hordago bat baino.

Eta, zelan ez, benetakoa da EICren aldeko posturea be. Energy Intelligence Center-en inguruan egin dogun behar iraunkor eta isilak ilusinoz eta itxaropenez bete gaituan barria ekarri deusku. Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzeak sektore honetan mundu osoan erreferentziakoa izango dan laborategia eregiko dogu Bizkaiko eta Euskadiko arloko enpresa nagusiakaz batera. Proiektu honegaz, Herri hau eta gure enpresak munduko ekonomian oinarrizkoa dan sektoreetako baten abangoardian kokatuko dira.

Gauza horreek be gertatzea gure betebeharra da, eta arlo honetan be emon genduan berbea beteten gabilz. Barriro be Bizkaiaren ikuspegi optimistea, ilusinoa sortzen dauena eta zuhurra agertzen jaku. Gure arazoetariko batzuk konpontzeko aukerak emoten deuskuzana. Beraz, ilusionau gaitezan aurrean daukagun etorkizun honegaz eta Bizkaia honegaz.

Bizkaia honek gure konfiantzea eta ilusinoa merezi badauz, aldi berean, gu harro egon gaitekez, eta harro egon behar dogu Bizkaia honegaz. Aldundi honek bizkaitar izateagaz harro egotea sustatuko dau. Gauza handiak gertatzen diran Lurralde baten bizitzeagaz harro egotea esan gura dot, geuk eraginda gauza handiak igaroten diran Lurraldean.

Esan neban 2017. urtea oso garrantzitsua izango zala Bizkaiarentzat, eta holantxe gertatu da. Berbea emoten deutsuet 2018a be ikusgarria izango dala Bizkaiarentzat. Eta berbea emoten deutsuet behar egingo dodala, behar asko, datozen hileetan Bizkaian gauza ikusgarriak pasau daitezan, ahal bada guztiok Bizkaia eratzen daben kostalde honegaz, mendi honeekaz, ibar eta erreka honeekaz eta jente benetan miresgarriagaz harroago egon gaitezan.

Egia esan, ez dakit munduan zenbat herri, zenbat lurralde dagozan. Milaka, milioika. Bardin deust, ze horreen guztien artean guk “The World’s 50 Best Restaurants” moduko ekitaldi hain ospetsuek urteko euren ekitaldia egiteko Bizkaia aukeratzea lortu dogu. Sukaldaritzako Oskarrak munduko uri handi horreetatik edozeinetan banatu eitekezan, baina Bilbon emongo dira. Errugbiaren ‘Champions’ Txapelketeak gure Lurraldea aukeratzea jadetsi dogu; antolatzaileek 2018ko finala jokatzeko munduko estadio handienetatik edozein hautatzeko aukerea euki dabe, baina San Mamesen jokatuko da. Bizkaiak maitemindu egiten dau.

Jenteari gustau egiten jako, asko ganera, zelangoak garan, zer daukagun eta zer eskaintzen dogun. Horrexegatik posiblea da Espaniako Vuelta be Bizkaira itzultzea etapa benetan ikusgarri bategaz. Edo Frantziako Tourra be gure Lurraldera etortea. Edo musikako beste kontzertu handi bat eukitea. Ezin dot beste ezer esan, baina aparteko ekitaldi horreei guztiei goren puntu ezin hobea ipinteko lanean gabilz.

Eta hau guztia, zertarako? Bizkaiagaz harro egote hori indartzeko, guztion artean eregi dogun Bizkaia honetan gauza handiak gertatzen dira-eta. Herri eta eskualde guztien baturearen emoitza dan Bizkaia eregi nahi dogu, jente guztia aintzatesten dauen eta behar dauen bardintasunean oinarritzen dan baturea. Oinarrizkoenetik abiatuta sustatuko dogun aukera-bardintasuna: Batzar honeetan pertsonek eskatu deuskuena betez eskualdeetan Erakundearen barri emonda, egiten dogunaren eta emoten doguzan zerbitzuen barri emonda.

Aldundia Bizkaiko eskualde guztietara eroango dogu eta herritarrarengana hurbilduko dogu, “on line” eta tokian bertan. Aldundi honen modernizazinoari esker gauza gara gaur egun 62 prozedura “on line” eskaintzeko, oraintsura arte derrigorrezkoa zanean lehiatilara etortea; hori ez eze, lizitazino elektronikoa eta Bizkaiko 109 erakunderen erosketak erreztuteko kontratazino-zentrala aitatu behar doguz. Eta, maila fisikoan, Durangogaz batera Busturialdean be arreta integrala eskaintzen dauen bulegoa zabaldu dogu. Bigarren froga pilotua izan da eta informazinoa ez eze, urte honetan Durangon jaso doguzan datuak alderatzeko aukerea emongo deusku. Beste alde batetik, Arte Ederren Museoko herriz herriko erakusketa bat Bizkaiko eskualde guztietara eroatea antolatzeko beharrean gagoz. Altxor bat daukagu eta konpartidu egin gura dogu. Guggenheimegaz egin dogu eta gauza bera egin gura dogu Lurraldean erreferentziakoa dan beste Museoagaz. Artearen zirrarea Bizkaiko txoko guztietara heltzea eta jente guztiak emozinoa sentitzeko aukerea eukitea gura dogu.

Eta beste altxor kolektibo itzel bat be Bizkai osoan zabaldu gura dogu: arte paleolitikoaren arloan daukagun aberastasun aparta. Mundu mailako erreferentzia gara, eta gura neuke hori guztiok zuzenean frogatzea. Horretarako, herriz herriko erakusketea antolatuko dogu Lurralde osoan zehar, teknologia barrien eskutik altxor horreek ikusteko, hemen milioiak eta milioiak urte egin dauzen herri baten jarraipena garala sentitzeko aukerea emongo deusku horrek-eta.

Sustrai sano sakonak daukazan herri bat, pertsonen eta pertsona txikien herri bat. Berbarako, ahor daukaguz berrogei bat mila ume, Aldundiak eskola-kirolean eskaintzen dauzen ehun modalidade baino gehiagotan kirola egiten eta ondo pasetan. Horreen guztien prestakuntzea eta dibertsinoa bermatzea bai dala harro egoteko modukoa.

Eta Harrotasunaz berba egiterakoan, euskara adibidea. Hain garrantzitsua dan arlo honetan lanean gabiltza ere. Euskeraren ezagutza eta erabilera sustatzen. Ezagutza, dagoeneko, A1, A2, B1 eta, aurten, B2ko ikasleek dohakotasuna daukielako ikasterakoan. Erabilera lan munduan eta kirol munduan ari gara sustatzen, eskaraz berba egitea eremu horretan errealitate bihurtu behar dogulako. Eta bide horretatik, bizkaitarron bizitzako beste arloetan izateko urratsak emonaz.

Pertsonakaz hasi naz eta pertsonakaz amaituko dot. Harro nago, gure ekintza politikoaren ardatza pertsonak diralako. Lortu doguzan prestazinoen mailearen ondorioz etorkizunaren ganean hausnartzen hasi behar dogu, hau da, zelan egin aurrera gizarte-zerbitzuetan, zelan modernizau gizarte-ekintzea. Barriro be nire eretxiz politikari eta kargu publiko guztiek derrigorrez euki behar daben derrigorrezko epe luzeko ikuspegi hori azpimarratu gura neuke.

Aldundi honek hasita dauka XXI. gizaldian laguntza-ereduak zelangoa izan behar leukean erabagiteko hausnarketea. Gure ustez, argi dago zelango eredua gura dogun: integrala, jasangarria, belaunaldien artekoa, hurbilekoa eta ikerkuntzeagaz konektauta dagoana. Aurreratu egiten deutsuet amaitu barik dagoan hausnarketa honen barruan eta, zelan ez, Batzar Nagusi honeetan be konpartiduko doguna, proiektu pilotu bat prestatzen gagozala gure zentroetako baten. Proiektu honek aitatu dodazan abiaburu horreek beteko dauz: modernoa, bizitzaz eta bizitza kalitatearen zerbitzura dagoen teknologiaz betea; belaunaldi ezberdinen arteko harremana bultatzen duena; arlo horretan bertan ikerkuntza bultzatzen duena, hots, zilarrezko ekonomia; eta elkarbizitza eta boluntariotza bultzatzen duena. Erronka zoragarria da.

Amaitu egingo dot. Helburu bat daukagu: belaunaldi barriei Bizkaia hobea lagatzea. Badaukaguz, euki, helburu hori jadesteko proiektuak. Talderik onena daukagu, euki, proiektu horreen guztien zerbitzura, eta indar eta gogo faltarik be ez daukagu. Dan-dana daukagu. Beraz, ekin lanari! Goazen!