Pablo Picasso. Femme assise dans un fauteuil (Dora)

Pablo Picasso.  Femme assise dans un fauteuil (Dora)
  • Noiz

    2017/09/19(e)tik 2018/02/27(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

2017an, zenbait erakusketa eta jarduera antolatu dira Picassoren Guernica sortu zeneko 80. urteurrenarekin lotuta. Horien artean, Bilboko Arte Ederren Museoak 1937. Gernikari buruz.

Gerra eta 'civitas' erakusketa hartu zuen bere baitan, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren inguruko ekitaldien barruan.

XX. mendeko funtsezko obretako baten garrantzia gogorarazteko helburu berarekin, Obra Gonbidatua programak, Santander Fundazioaren babesari esker, Pablo Ruiz Picassoren (Málaga, 1881– Mougins, Frantzia, 1973) margolan nabarmen bat jarriko du jendaurrean datozen hilabeteotan. Ezohiko mailegua da; izan ere, Beyeler Fundazio (Riehen, Basilea, Suitza) ospetsuaren bildumako piezarik garrantzitsuenetakoa da. Fundazio hori 1982an sortu zuten Ernst Beyeler arte-merkatariak eta haren emazteak, zeintzuek, berrogeita hamarreko hamarkadan, harreman estua izan baitzuten Picassorekin.

Aipatutako margolana Femme assise dans un fauteuil (Dora) (1938) da, eta Guernica obrarekin, azken horren 1937ko betearazpen-prozesuaren inguruko beste zenbait obrarekin, eta berrogeiko hamarkadaren erdialdeko Hezurtegia zikloarekin duen loturagatik aukeratu da.

Koadroa 1938koa da, eta horrek ezinbestean garamatza Espainiako eta Europako garai hartako gerren testuingurura, eta, ondorioz, obra hau urte haietako drama historikoaren adierazpena dela esan daiteke.

Une hartan, Picassok kontzientzia politikoa hartu zuen, eta, aldi berean, bere artea erresistentzia intelektualerako gailu bihurtu zen, opresioaren eta gerraren aurrean: Guernica, hain zuzen ere, basakeriaren kontrako salaketa da, eta laster helduko zen bakearen ikur unibertsala izatera.

Femme assise dans un fauteuil (Dora) margolanaren murrizketa kromatikoak –konposizioaren espazialtasuna indartzen duen grisaila bat, okre koloreko olio-trazuekin figuran eta zoruan– eta koadroaren intentsitate dramatikoak agerian uzten dute Guernica obrarekin duen lotura. Beste alde batetik, pertsonaiaren konfinamenduak eta konposizioaren tentsioak agerian uzten dute Picassok zein egoera biografiko zehatzetan pintatu zuen mihisea: garai hartan, obraren izenburuan aipatutako Dora Maarrek (Paris, 1907-1997) eragin handia izan zuen artistaren bizitzan eta lanean.

Urte pare bat lehenago, Espainiako Gerra Zibilak eztanda egin baino zertxobait lehenago, Picassok Dora Maar argazkilaria ezagutu zuen Parisen, zeinak, hogeiko hamarkadaren amaieratik, harreman estua izan baitzuen surrealisten zirkuluarekin; hain zuzen ere, Paul Éluard poeta dadaistaren bitartez ezagutu zuten elkar.

Sasoi hartan, Maar Georges Bataille filosofoarekin zebilen, eta Picassok, Olga Khokhlovarekin ezkonduta egon arren, harreman sentimentala zuen Marie-Thérèse Walterrekin. Argazkilariaren inteligentziari eta prestakuntza sendoari esker, euren harremana, 1943ra arte iraun zuena, pasio erotikoa baino harago joan zen, eta elkartruke intelektual oparoa izan zuten. Horren ondoriorik garrantzitsuenetakoa da Picassori kontzientzia politikoa piztu zitzaiola. Gainera, Maar Guernica obraren prozesuari buruzko argazki-erreportaje ospetsuaren egilea ere izan zen. Argazki horiek funtsezko dokumentu historikoa dira, koadroa nola egin zen ulertzeko. Parisko rue des Grands-Augustins kaleko tailerrean egin zituen, 1937ko maiatzaren eta ekainaren artean, eta, handik gutxira, Cahiers d'Art aldizkarian argitaratu ziren.

Tailer hartan bertan, eta euren harremanak iraun zuen zortzi urteetan, Maarrek, bikotekide sentimentala izateaz gain inspirazio-iturri ere bazenez, hainbat aldiz posatu zuen margolariarentzat. Denbora horretan guztian, Picassok bere serierik ospetsuenetako bat egin zuen, "negarrez ari den emakumea" gaiaren inguruan.

Beste emakume batzuek ere –esate baterako, Marie-Thérèsek, aurreko hamarkadan izan zuen musak– Picassorentzat posatu zuten, eta, horrela, "eseritako emakumearen" erretratuen tipologia sortu zen, oso ugaria zena Picassoren obran, eta olio, gouache eta marrazkien errepertorio aparta eskaini zituena. Ohiko erretratua baino harago joanez, sorkuntza-lan horiek esperimentazio artistikorako eremu interesgarri bihurtu ziren, eta, aldi berean, nolabaiteko intentsitatez transmititzen zituzten modeloaren alderdi psikologikoak eta aldarteak, bai eta margolariarekin zuen harremana ere.

Femme assise dans un fauteuil (Dora) lanaren kasuan, pertsonaiaren indar espresiboaz eta margolariarekin izan zuen harreman gorabeheratsuaz gain, garai hartako drama ere sumatzen da, eta horrek inpaktu emozionala eragiten du ikuslearengan. Mihisearen formatu handia (188,5 x 129,5 cm) da obraren adierazkortasun bisuala indartzen duen beste ezaugarrietako bat.
 
Irudiaren frontaltasuna emakumearen aurpegian baino ez da apurtzen. Hain zuzen ere, aurreko hamarkadetako hizkera guztiz kubistaren oihartzuna balitz bezala, emakumeak aurpegiera erabatekoa du, bai eta aldi bereko profilak ere, lerro beltz lodi batez deskribatuak. Adatsak eta takoidun zapatek baino ez diote sentsualtasun-elementuren bat ematen erretratuari. Gainean, kapela txiki bat dauka.

Anatomiako gainerako atalak hiru dimentsioko zenbait bloketan "deseraikitzen" dira. Bertute grafikoko trazuz eginda daude, eta konposizioa espazioan zehar zabaltzen dute. Gorputzean, bular makurra eta hiruki formako soineko bat daude deskribatuta, eta, soinekoaren atzean, sexua iradokitzen duen triangelu alderantzikatua sumatzen da. Figura osoa itxitura bikoitz baten barruan agertzen da. Alde batetik, ziega baten antza duen irudikapenaren espazialtasun kubikoagatik; eta, bestetik, besaulkian sartuta dagoelako, eta besoek baino ez diotelako hortik ihes egiten.

Osotasunaren monumentaltasuna, Picassok erabilitako hizkera artistikoaren modernitatea, eta dituen konnotazio biografiko eta historikoak kontuan hartuta, obra hau garai hartako adierazpenik sutsu eta berritzaileenetakoa da.

Ordutegia

Zabalik
Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara
Abenduaren 24 eta 31n, 10:00etatik 14:00etara. (Asteartea ez ezik, ohiko itxiera-eguna)

Itxita
Astearteetan (ezohiko egunetan izan ezik)
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an

Itxi baino 15 minutu lehenago hasten gara aretoak husten, eta ez da sarrera gehiago saltzen.

Doako ordutegia, Bilduma Iraunkorrerako
Egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Argibide gehiago

Tarifak
Orokorra: 9,00 €

Murriztua: 7,00 €
Ikasleak
25 urtetik beherakoak
65 urtetik gorakoak
15 pertsonatik gorako taldeak

Familia ugarientzat: 4,50 €


Audiogida
Bilduma iraunkorra: sarreraren prezioan sartuta, doako sarreren kasuan izan ezik (3 €). Eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Museoaren bildumatik hautatutako maisulanei buruzko azalpenak.
3,00 €
Aldi baterako erakusketa: eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Azalpenezko ibilbidea, aldi baterako erakusketan zehar.
3,00 €
Umeentzako ibilbidea: 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat gomendatua. Eskuragarri euskaraz eta gaztelaniaz. Museoaren bildumako artelanetan oinarritutako 10 kontakizun entretenigarri. Doan
Audiogida guztiak doakoak dira Museoaren Lagunentzat. Baina, betiere, libre egon behar dira.

Doan
Museoaren Lagunak
ICOM
12 urtetik beherakoak
Akreditatutako gidariak, irakasleak eta kazetariak
Minusbaliatuak (pertsona baten laguntza behar badute bisita egiteko, pertsona horri tarifa murriztua aplikatuko zaio).
Langabeak

Artean Bonoa
16,00 €
Sarrera bateratua, Guggenheim Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora sartzeko. Bi museoko txartel lehiatilan soilik eskuratu daiteke.

Babeslea
Fundación Santander

Laguntzaile
Fondation Beyeler

32. Aretoa

Eta gainera