Mendia, lirain Zapietan - Foullard delle Montagne

  • Noiz

    2017/11/22(e)tik 2018/01/28(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Euskal Museoak, Bilbao Mendi Film Jaialdiaren 10. Edizioko ekitaldi lez, Mendia, lirain Zapietan - Foullard delle Montagne erakusketa hartzen du azaroaren 22tik aurrera.

Erakusketa, Turineko Museo Nazionale della Montagna bildumako jatorridun moda munduko izen handien fular aukeraketa batek osatuta dago eta mendia da haien guztien gaia.

Fularrari buruzkoa da erakusketa

Erakusketak hirurogeita hamar pieza hautatu baino gehiago biltzen ditu, Aldo Audisio, Laura Gallo eta Cristina Natta-Soleri komisarioek aukeratuta. Turingo Museomontagna-ren (Italia) bildumatik datoz guztiak; ia 200 alez osaturik dago aipatutako bilduma hori. 

Turingo Museo Nazionale della Montagnaren bildumatik datozen piezaz osaturik dago erakusketa. Berrehun ale inguru daude bilduman jasota, eta mendia da haien guztien gaia. Antzinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko urteetakoak dira, eta badira mende honetako fularrak ere. Moda munduko izen handien sormenak ikus daitezke erakusketan. Sortzaileen artean hor dira Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Céline, Burberrys, Ralph Lauren, Escada eta beste hainbat. Eta horiez gain, hainbat sortzaile garaikide: Lola Paltinger, Milleneufcentquatrevingtquatre, Étoile de Marie, Casali 71 eta Charlotte Hudders, batzuk aipatzearren.

Museo Montagnaren bilduma

Fularren bildumak 180 pieza inguru biltzen ditu. Antzinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko hamarkadakoak dira, eta badira mende honetako fularrak ere. Zapi horien sortzaileen artean hor dira moda munduko izen handi guztiak: Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Krizia, Burberrys, Escada, Gabrielli, AAllard y Bogner… Eta horiekin batera, gaur egungo sortzaileak eta ekoizleak. Halaber, badira luxuzko osagarriekin batere zerikusirik ez duten ale soilagoak ere. Dotoreenak zetaz eginak dira, antzinakoenak kotoiz edo artilez, eta berrienen artean, badira material sintetikoz eginak ere, besteak beste azetatoz, rayonez eta poliesterrez. Zeta material noblea da, findua, arintasunaren, ametsaren eta dotoreziaren ikurra.

Hein batean, lehengai honen antzina-antzinako historiari eta urruneko sustraiei loturiko ezaugarriak dira aipatutakoak; izan ere, erromatarren garaian agertu zen lehen aldiz Mendebaldean, eta, ondoren, maiztasun handiagoz, Erdi Aroan. Batez ere Frantzia eta Italia (Genova eta Venezia hiriak, XVIII. mendera arte, eta Florentzia eta Como, berrikiago) izan dira zetaren hedapena bultzatu duten herrialdeak.

Hermés eta Gucci

Fularren historia Maison Hermès etxeari loturik dago. Diseinu aberats eta fantasiazkoekin eginiko zapiak 1937an sortu ziren, Robert Dumas jeinu sortzailearen eskutik. Émile-Maurice Hermèsen suhia eta bazkidea zen Dumas. 1940ko eta 1950eko urteetako bildumako pieza ugari dira marka frantses horren lantegian sortutakoak. Esaterako, Les Joies de la Montagne, Jean-Louis Clerc suitzarrak sinatua, edo Chamois, Xavier de Poreten eskutik sortua, mendiko faunari buruzkoa eta landako kaier baten orrialde bat bezain delikatua. Maison Hermès etxe horretakoak dira gaurdaino gai alpinoekin edo polarrekin loturik egindako beste asko ere, hala nola Hommage a l’Explorateur Sir Ernest Shackleton, Zoé Pauwelsen marrazkiekin.

Moda munduko bi Maison handien historian badira zenbait uztartze. Thierry Hermèsek 1837an sortu zuen bere lantegia, fularrak sortu baino ehun urte lehenago, eta hasiera hartan enpresak zaldientzako zelak eta osagarriak ekoizten zituen. Hain zuzen, zaldiketaren eta goi-gizartearen giro horretan sortu zen, 1921ean, Gucci moda etxea. Vittorio Accornero izan zen Gucci fularren sortzailea, eta 1966an Grace Kellyrentzako egini¬ko Flora entzutetsuaren egilea, baita nagusiki gai botanikoekin eginiko serie ezagunarena ere.

Olinpiar fularrak

Oroitzapenezko olinpiar fularren tradizioari 1936an ekin zioten, Berlingo Olinpiar Jokoetan, eta ale oso koloretsua egin zuten: bost uztaiak erdian eta herrialde partaide guztien banderak inguruan. Alabaina, ordurako eginak zituzten beste bi fular olinpiar dotore, eskuz landuta, hilabete batzuk lehenago, Bavariako Garmisch-Partenkirchen hiri alpinoan otsailaren 6tik 16ra izan ziren Neguko Olinpiar Jokoen harira. Hain zuzen, Museomontagna-ren bilduman gordeta daude bi ale horiek. Neguko kirol diziplinen irudiak agertzen dira bi fular horietan, eta ondoan, ekitaldia hartu zuen hiriko “postalak”. Ugariak dira olinpiar jokoen oroimenezko aleak, eta horiekin batera, motibo turistikoz ondutakoak, bidaietako oroigarri betebetekoak, zenbaitetan kitsch samarrak. Nolanahi, badira pieza dotore eta finak ere, 1952ko Osloko VI. Jokoetarako eginikoa, adibidez, edota 1968ko Grenobleko Jokoetarako Constantin eta Pierre Ambrogiani ilustratzaile eta margolari entzutetsuei enkargatutako seriea.

Fularra gailurrean

Mendi giroan, askatasunarekin lotu izan da sarri fularra, ezarritako arauak iraultzeko sentipenarekin. Halaxe iradokitzen du ausaz Mary Varale eskalatzailearen 1931ko argazkiak, buruan fular batekin ageri baita, Riccardo Cassinekin batera. Hain zuzen, Cassinen sinadura ageri da “Reina Elena aterpea, 23.24.25. V. 1931” fularrean brodatutako laurogeita hamabien artean. XX. mendeko lehen hamarkadetako alpinista entzutetsuenek utzitako lekukotzak dira. Gailurren konkistan ugariak dira oihal zati karratu batzuen aztarnak.

1786an, Michel-Gabriel Paccardek “zapi handi” gorri bat haizatu zuen Mont Blanc gailurrean, Jacques Balmat kristalbildumatzailearekin batera eginiko igoera arrakastatsuan, Horace-Bénédict de Saussure aitzindariaren ekimenezko espedizio hartan. G.L.M. inizialak brodaturik zituen beste “zapi” bat aurkitu zuten 1999. urtean Everesten, 8.290 metrotan, ipar aurpegiko Couloir Handiaren azpian. Oihal zati horri esker identifikatu ahal izan zuten George Leigh Mallory alpinista ingelesaren gorpua. 1920ko hamarkadan munduko gailur garaiena igotzeko saiakera britainiarren protagonista nagusia izan zen Mallory.

Ordutegia

  • Astelehenetan: 10:00etatik 19:00etara
  • Asteazkenetik ostiralera: 10:00etatik 19:00etara
  • Larunbatetan: 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara
  • Igandeetan: 10:00etatik 14:00etara
  • Astearteetan: Itxita

Argibide gehiago

Tarifak:

  • Orokorra: 3€
  • Murriztua: 1,5€

(Ikasleak eta Taldeak 10 lagunetik gorako)

Dohainik:

  • Museoaren Eguna (ostegunero)
  • Museoaren Lagunak
  • ICOM
  • 12 urtetik beherakoak
  • 65 urtetik gorakoak
  • Urritasun pertsonak
  • Langabetuak
  • Kazetariak

BilbaoCard txartel turistikoa: 2€

Gazte-txartela: sarrera 2x1

Eta gainera