Bizitza errazten duten ekimenak

Modernotasuna

Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek dagoeneko partekatzen dituzte gizarte ekintzari eta erroldari lotutako datuak, lurraldeko biztanleek errazago kudea ditzaten tramite guztiak. Orain helburua da beste arlo batzuetako datuak trukatzen jarraitzea.

Denoi gertatu zaigu: administrazio baten leihatilara joatea gero beste administrazio baten leihatilara eraman behar den papera eskatzera, eta azken horretan, lehenengo leihatilara eramateko den paper bat jasotzea. Horrela bakarrik lor daiteke behar dena. Hori edo antzeko zerbait gertatu izan zaigu denoi. Administrazio-labirinto horretan galdu da munduko biztanleen denboraren eta pazientziaren zati bat. Leihatiletako erromesaldia esaten zaio horri. Eta, jakina, konpondu behar zen.

Zer egin daiteke jendeari bizitza errazteko? Galdera horri erantzuten dio Bizkaiko Aldundia eta udalak batzen dituen ekimenak. Datuak trukatu behar dira, leihatila bakarrera joatea nahikoa izan dadin behar den hori lortzeko.

Oraingoz, gizarte ekintzari eta erroldari lotutako tramiteetan aplikatu da ekimena. Gizarte ekintzari lotutako datuak trukatzean honako hauek kudeatzen dira modu bateratuan: etxez etxeko laguntza zerbitzua, gizarte larrialdietarako laguntzak, gizarte-inklusioko eta haurren arloko interbentzioak, eta mendekotasunaren balorazioak, besteak beste.

Erroldako datuak trukatzean zera lortu da: pertsona batek errolda-aldaketa eskatzen badu dagokion udalerrian, gero ez du ziurtagiri hori Aldundian aurkeztu behar edozein kudeaketa gauzatzeko beharrezkoa den kasuetan, Aldundiko bulegoan arreta ematen dion pertsona horrek online kontsulta dezakeelako ziurtagiria.

Sistema horren bidez, gainera, modu eraginkorragoan eta azkarragoan lan egin daiteke: langile publikoek berehala eskura dezakete informazio hori, eta herritarrek eskatutako dokumentuen kopurua murriztuko da.

Lan egiteko modu hori Aldundiak eta udalek datuak trukatzeko moduko beste arlo batzuetan ere ezarri nahi da, adibidez: Aldundiko gizarte prestazioei buruzko ziurtagiriak, DSBEri buruzko informazioaren eskuratzea, zerga betebeharrei buruzko ziurtagiriak, edo poliziarekin lotuta NANaren identifikazioa egiaztatzeko zerbitzuak.