Guggenheim Bilbao Museoa. Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau

  • Noiz

    2019/07/04(e)tik 2019/10/20(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Jesper Just (Kopenhage, 1974) oso ezaguna da nazioartean zinema-produkzio handietako baliabide ugari erabiltzeagatik eta filmaren egitura bisualki eta materialki berrinterpretatu nahi izateagatik.

Zinemaren kulturarekin oso lotuta dauden kontzeptuak aztertuz —adibidez, voyeurismoa, hiriko bizitza eta genero-gatazkak—, Justen lanak testuinguru zabalago batean kokatzen ditu irudiak.

Testuinguru horretan, esanahi ia arkitektonikoa bereganatzen dute irudiek, eta, aldi berean, agerian jartzen da zer ahalmen sozial handia duten.

Ikuskizun izengabe hau (This Nameless Spectacle, 2011) izeneko bi kanaleko bideoinstalazioak William Carlos Williams idazle estatubatuarraren «The Right Way» poemari zor dio izena.

Poetak eguneroko bizitzako egoera interesgabeen edertasun liluragarria goraipatzen du: edonoiz eta edonon gure begi aurrean gertatzen diren fenomeno txiki horien «ikuskizun izengabe hori».

Gertutik begiratuta, gertakari hutsal horiek edertasun zoragarri bat dute, enigma aztoragarri bat, edo egia ahaztu bat.

Justen filma bi denbora-fluxu paralelotan banatuta dago, eta aurrez aurre jarritako bi pantaila erraldoitan proiektatzen da.

Nekez deskribatzen den ekintza bat eskaintzen digu: kausa eta efektuen kate hipotetiko bat, igarri besterik ezin ditugun zenbait harreman posible ondorioztatzeko aukera ematen diguna.

Tarte labur batez, bi pertsonaiak elkar aurkitzen dute Parisko Buttes-Chaumont parkean, eta elkarri begiratzen diote.

Parez pare kokatuta dauden beren apartamentuen leihotik ere begiratzen diote elkarri, baina, azkenean, batek krisialdi bat jasaten du, beharbada besteari begiratzeagatik, edo besteak begiratu egiten diolako, edo eguzkiaren isla biziagatik.

Gertakari horren anbiguotasuna areagotu egiten du protagonista Marie-France Garcia aktore eta abeslari transgeneroa izateak.

Gailu panoramiko bikoitzaren bidez, Justen obrak urbanismo modernoa eta haren formak aztertzen ditu, baita begi zinematografikoaren istorioa bera ere, eta mugitzen ari den begiradaren eta kamararen paneoa delakoaren baliokidetasunekin jolasten du.

Era berean, agerian jartzen du ez datozela guztiz bat publikoaren ikuspegia eta irudiak eurak, buru-hausgarri osatugabe baten pieza solteak balira bezala.

Istorioa hutsala da, baina giro dramatikoa Hitchcocken filmetakoaren parekoa da ia.

Aldiz, ez denez ezer esaten edo ez denez ekintzarik deskribatzen, are anonimoago bihurtzen dira pertsonaiak.

Arduraduna: Manuel Cirauqui

Ordutegia

  • Asteartetik igandera:
    10:00etatik 20:00etara
  • Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita
  • Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira.

Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.

Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Guggenheim Bilbao Museoa. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera