Guggenheim Bilbao Museoa. Allora & Calzadilla. Farmazia tropikala

  • Noiz

    2019/03/15(e)tik 2019/06/23(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Jennifer Alloraren (Filadelfia, AEB, 1974) eta Guillermo Calzadillaren (Habana, Kuba, 1971) obra bideoinstalazioaren, performancearen eta eskulturaren arteko elkargunean dago, eta azken bi hamarkadetako erreferentzia artistiko saihetsezin bihurtu ditu haren sortzaileak.

Farmazia tropikala berariaz Guggenheim Bilbao Museoko 103. aretorako sortu zen. Hiru piezaz osatutako multzo honek bizileku duten uhartean (Puerto Rico) artistek egiten duten lanaren koherentzia eta aniztasuna erakusten du.

Bi artistek lurralde hori ikertzen dute, arazo geopolitikoak, ekologikoak, kulturalak eta historikoak uztartzen dituen eremu gisa.

Erakusketari izenburua ematearekin batera, Kanpaia, hondeamakina eta farmazia tropikala (The Bell, the Digger, and the Tropical Pharmacy, 2014) proiekzioak modu ikusgarrian dokumentatzen du farmazia-laborategi baten eraisketa barrutik; hain zuzen ere, AEBko farmazia-industriak eskualdean zuen plantarik handienetako bat zen eraikin hori.

Gertaera horrek ondo irudikatzen du salbuespenezkotasun kolonialaren esparru ekonomiko eta politikoko asimetria sakona.

Egoera horretan, kapitalek neurrigabe egiten dute ihes AEBko errepublika federala osatzen duten estatuen artean «onartuta ez dagoen» lurralde batetik, eta korporazioek erantzukizun eskasa erakusten dute bertako baliabideak ustiatzerakoan.

Farmazia tropikala”ren ideiak Karibeko berezko bioaniztasunak gizakien erabilerarako duen potentzial itzela iradokitzen duen arren, adierazpide horrek ironiaz gogoratzen ditu Puerto Ricoko uzte-egoera eta osasun-gabeziak ere.

Allora & Calzadillaren obra honetan, hondeamakina bat agertzen da.

Pala bat izan ordez kanpai bat dakarrenez, soinu-performance bat bihurtzen da eraisketa-lana, eta hunkigarria egiten du amaiera-ekitaldia.

Pieza txundigarri honekin batera, Izerdi-guruinak, izerdi-lurrak (Sweat Glands, Sweat Lands, 2006) erakutsiko da pantailan.

Obra horretan René Pérez Joglar musikariak hartu zuen parte, Residente Calle 13 gisa ezagunagoa eta hainbat Grammy sariren irabazlea.

Lechonera izeneko batean gertatzen da dena; alegia, erretegi gisa erabilitako eraikin ezegonkor batean.

Bertan, ibilgailu bat haragia erretzeko mekanismo gisa egokitu da.

Barruan, gizon batek tramankuluari eragiten dio azeleragailua zapaltzean; bitartean, Residenteren ahotsa entzuten da, prozesu organikoei, historiaurreari eta kapitalismoari buruz hizketan, eta, tartean, animalien pertzepzioko irudiak eta krisian dagoen ekosistema tropikala agertzen dira.

Bi proiekzio horiek elkarri jarraitzen diote, eta etengabeko elkarrizketan hasten dira Epemuga (Deadline, 2007) filmarekin, 16 mm-tan grabatutakoa George urakana San Juan de Puerto Ricotik igaro ostean.

Filmean, bi palmondoren artean nekez euts diezaiokeen adar bat ikusten da.

Kometa-hari ikusezin batetik zintzilik, palmak aurre egiten dio grabitateari etendako erorketan, eta ezohiko tarte bat sortzen du suntsitutako paisaian.

Oro har, Farmazia tropikala osatzen duten hiru piezak Allora & Calzadillaren lan egiteko moduaren adibide paradigmatiko bat dira.

Artista horiek muga-egoeretan eguneroko objektuek dituzten funtzioak eraldatu, elkarren ondoan jarri eta aldatu egiten dituzte.

Bulkada eraldatzaile batekin, haien obrak etsipen materialaren aurreko erreakzio bat dira, eta, aldi berean, itxaropena berpizteko saiakera bat.

Komisarioa: Manuel Cirauqui

Ordutegia

  • Asteartetik igandera:
    10:00etatik 20:00etara
  • Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita
  • Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak:

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira.

Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.

Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Guggenheim Bilbao Museoa. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera