Nueva Economía foroak

2016(e)ko maiatzaren 12(a)

Ekonomia

Bizkaitik alde egin zuten enpresak konbentzitzea gustatuko litzaidake, itzul daitezen

Madrilen, 2016ko maiatzaren 12an.

Gaur zuen zapatetan sartzen saiatuko naiz eta zehatza izango naizela promesten dut. Ni mahai horietan banengo, lehenengo galdera egingo niokeena neure buruari honakoa litzateke: nor da gizon hori? Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Bizkaiko lurralde historikoko gobernuaren burua, naiz. 42 urte ditut eta hurrengo uztailaren 1ean urtebete beteko du Batzar Nagusiek, Bizkaiko Parlamentuak, lurraldeko mandatari goren izendatu zidatenetik. EAJ eta PSEren arteko koalizioko gobernuaren burua naiz eta gehiengo osoa dugu. Beraz, gobernua sendoa eta egonkorra da, uneak eskatzen duen modura.

Bizkaiko Aldundia Bizkaiko lehenengo erakundea eta Euskadiko bigarrena da. Ia 7.500 milioi euroko aurrekontua kudeatzen dugu. Eta 112 udalerritan banatuta milioi bat eta berrehun mila biztanle dituen lurralde historikoa kudeatzen dugu. Horietatik, 347.000 Bilbon, hau da, gure hiriburuan bizi dira. Utz nazazue xehetasun garrantzitsu bat adierazten. Eta Estatuko beste aldundi batzuk osorik errespetatuz egingo dut. Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek ez dugu probintzia aldundiekin zerikusirik.

Bizkaiko Aldundiak Ogasuna kudeatzen du eta zergak biltzen ditu. Eta guk geuk egiten dugu zerga-arautegia. Gero, gure parlamentuak, Batzarrek alegia, onartzen dute. Foru arauak legeei pareka dakizkie alderdi guztietan. Halaber, gure politika ekonomikoa eta industriala bultzatzen dugu, noski, Eusko Jaurlaritzarekin bat eta bere laguntzaz. Lurraldeko errepideak eraiki eta ustiatzeko orduan, aginpide esklusiboa dugu. Gauza bera gertatzen da bestelako azpiegitura garrantzitsuekin, besteak beste, metroa, Guggenheim museoa edo BEC. Horiek erdibana ordaintzen dira Eusko Jaurlaritzarekin batera. Gainera, errepidez garraio publikoa kudeatzen dugu eta gizarte zerbitzuen zatirik handiena gure gain hartzen dugu. Hain zuzen ere, adinduekin, mendekotasunarekin, desgaitasunarekin, gizarteratzearekin, emakumearekin eta haurrekin zerikusia duen guztia. Urtean 500 milioi euro inbertitzen ditugu behar duten pertsonak zaintzeko.

Modakoak ez diren gauzez hitz egitera nator: enpresa eta industria, ekonomia eta lehiakortasuna, zerga-sistema, berrikuntza… Bizkaiari, hots, aukera lurraldeari buruz berba egitera nator. Hala, hurrengo urteetan erreferentziazko lurraldea izan behar du. Gure helburua hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea uztea da: Bizkaia berriztatzailea, jarduera ekonomiko gehiagorekin eta kalitatezko enplegu kopuru handiagoarekin; Bizkaia elkartua, lehenengo eta bigarren mailako pertsonarik eta herririk gabe, administrazio moderno eta eraginkorragoaz hornituta. Eta munduari nahiz aukera orokorrei konektatuagoa, jarduera eta lanpostuak sortzen lagun baitezakete. Hori da Aldundi bezala dugun erronka.

Zuetako asko enpresen buruak edo zuzendariak zarete eta egunero lehian aritzen zarete geroz eta orokorragoa den merkatuan. Guri gauza bera gertatzen zaigu: lurraldea kudeatu behar dugu eta beste lurralde batzuekin lehian jardun behar dugu hain lehiakorra den merkatu orokorrean. Horretan ere lanean aritzen dira politikariak. Saltzailea izateko maleta besterik ez zaidala falta pentsatuko duzue. Bada ez zoazte bide okerretik: gaur saltzaile modura nator. Bizkaiaren saltzaile bezala. Eta saltzaile lanetan dihardut apaltasunez, baina, aldi berean, harro. Oraintxe bertan gure diputatu bat, Ekonomia eta Lurraldearen Garapena Sustatzeko dena, Estatu Batuetan dago, maletarekin ere bai. Uztailean Washington eta Boise bisitatu genituen. Azaroan Txile. Eta ekainean berriz bueltatuko gara Washingtonera Smithsonian Folklife Festivalen eskutik. Izen handiko kultura jaialdia da eta Euskadi bi astez protagonista izango da. Eta kulturarekin batera, enpresa eta aukerak bilatzea. Gure ekonomiaren eta Ipar Amerikako estatu batzuen artean zubia eraikitzearen nahia. Innovation by culture. Hori izango da gure leloa bertan.

Mugitzen ari garela ikusten duzue. Nahiz eta batzuentzat bidaiatzea gustukoa ez izan, behar den tokiraino iritsiko gara Bizkaiaren etorkizuna hobetzeko. Berriz azpimarratzen baitut Bizkaiari edozein enpresari bezala gertatzen zaiola: zuek beste konpainia batzuekin munduan lehia egiten duzue. Guk beste lurralde batzuekin egiten dugu, inbertsioa, talentua edo turismoa, azken finean, aberastasuna erakartzearen alde. Aberastasunik sortu gabe, ezinezkoa da kalitatezko zerbitzu publikoak, pertsona guztien ongizatea dakartenak, eskaintzea. Betiere gure enpresekin bidaiatzen dugu, lankidetza publiko pribatuan sinesten baitugu eta, beraz, praktikan jartzen baitugu.

Gaur maleta betea dakartzat. Garrantzitsuena, bitxia izateagatik, egonkortasuna. Bizkaia lurralde egonkorra da. Lurralde egonkorra, politika, ekonomia eta zergen ikuspegitik; aparteko egonkortasunekoa esango nuke. Terrorismoaren gaitza gainditu ostean, gaur egun eragozpenik gabe gabiltza. Aukera aprobetxatu nahi dut biktima guztiei gehieneko errespetua adierazteko. Halaber, pertsona, enpresa eta erakunde guztiei eskertu nahi diet, terrorismoa, kaltea eta sufrimendua egon arren, etorkizunaren alde lanean jarraitu zutelako. Era berean, ez ditut ahaztu nahi gu izaten utzi gaituztenoi. Handik edo beste toki batzuetatik. Mila esker denbora gogorretan zuen tokian mantentzeagatik. Zorionez, denbora horiek jada historia dira.

Gaur egun beste batzuek egon behar dugu gure tokian. Argi daukat gizarteak arazoak konpontzeko aukeratu gaituela, ez arazoak sortzeko. Eta egun gure arazoak langabezia, desberdintasuna, ezegonkortasun ekonomikoa eta maila guztietan izugarrizko lehia dira.

Arazoei, konponbideak. Administrazioek ez dugu enplegurik sortzen. Enplegua enpresek sortzen dute, baina administrazioek ingurunea sortzen lagun dezakegu, enplegua iritsi eta kalitatezkoa izateko baldintzak era ditzakegu. Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako erakundeekin batera, hainbat tresna finantzario amaitzen ari gara, gure enplegu sarea bultzatzeko eta gure enpresen finantzazioa nahiz lurraldean ainguraketa hobetzeko. Bizkaiko eta Bilboko finantza plaza berreskuratzeko asmo tinkoa daukagu. Zuetako asko bizkaitarrak, euskaldunak zarete, eta lanagatik Madrilera etorri zineten. Itzultzea erakargarri egingo duen ekosistema bat sortzea gustatuko litzaidake. Gure talentu guztia gure itxaropenen zerbitzura izatea gustatuko litzaidake. Gainera, Bizkaitik joandako enpresak konbentzitzea ere gustatuko litzaidake, itzul daitezen. Saiatuko gara. Garai batean izan genuen finantza protagonismo hori berreskuratzen saiatuko gara. Berriz izan behar dugu lehenengo mailako finantza eragilea eta saiatzeko argudioak ditugulakoan nago.

Nire ustez, eta egiaz uste dut, Bizkaia eta Madril osagarriak gara. Gustatuko litzaidake Bizkaia Madrilekiko izatea Londresekiko Edinburgo dena. Osagarritasunaz ari naiz. Ez dut besteen kalterik desira, alderantziz: mundu honetan elkarrekiko mendekoak gara. Eta nik Espainian eta Madrilen gauzak ondo joatea nahi dut, gure ekoizpenaren herena Estatura baitoa.

Osagarriak izan gaitezke eta hala izan behar dugu, gainera. Madrilek jada finantza eragiketa handiak ditu. Gure nahia merkatu txikiago bat da, eta, horrenbestez, osagarria. Nire desira litzateke edozein enpresak, dagoeneko existitzen bada edo sortu berria baldin bada, eta 250 milioi arteko finantzaketa edo kapitala behar izanez gero, bultzatzen ari garen finantza nodo horretatik Europako hegoaldean Bizkaiko edo Bilboko plaza erreferentzia gisa izatea. Duela bi mende industria iraultza egiteko gai izan ginen eta aurrerapena nahiz enplegua ekarri zituen. Nolanahi ere, modu horretan jardun genuen, gure finantza sistema lagungarri izan genuelako. Gaur lurraldearen industria etorkizuna eta enplegua ziurtatu behar dugu. Ahalezkoa izateko, finantza ingurunea beharrezkoa da.

Finantza erakundeek eta inbertsio funtsek gure kokalekua negozioak egiteko toki apropostzat jo dezaten baldintzak jarri nahi ditugu. Estatuko eta nazioarteko funtsek indarrak batu behar dituzte tokiko eragile eta funtsekin, baita banku fundazioekin ere.

Berriz nabarmentzen du osagarritasuna. Enpresek arriskua minimizatu eta aukerak sortzeko anizten duten bezala, ona litzateke finantzaren eremuan, arlo ekonomikoan aniztea. Madrilek pilatu du finantza ahalmen guztia azkeneko 15-20 urtetan. Joera erabat desberdina da inguruneko beste herrialde aurreratu batzuetan. Alemaniako finantza kokagunea ez dago hiriburuan eta erregulazio agentzia ezberdinak Alemaniako hainbat hiritan banatzen dira. Volkswagenen egoitza Wolfswurgon aurki daiteke eta Daimlerrena Stuttgarten. Enpresa globalak, besteak beste, Siemens edo Allianz egoitza Munichen dute. Parisek harmonian dihardu Toulouse eta Lyonekin. Italian enpresa handiak Milan, Turin, Bergamo eta Erromaren artean banatzen dira. Adibide argiena ez aipatzeagatik, ekonomiari buruz erabakitzeko AEBko zentroen deszentralizazioa. Ez dugu ahaztu behar munduko lehenengo ekonomia dela.

Herrialde baten lehiakortasun ekonomikoa ez da deszentralizazio ekonomikoaren eta finantzarioaren kontrakoa. Herrialderik lehiakorrenak ahalmen ekonomikoa lurralde errealitate ezberdinen artean banatzeko gaitasuna dute. Hori herrialdearen beraren lurralde oreka eta kohesio politikoa sustatzeko faktorea da. Espainiako Estatuan joera aurkakoa izan da. Trantsizio demokratikoan hasitako deszentralizazio politikoarekin batera ez da deszentralizazio ekonomikoa gertatu. Gai hori aztertu eta ulertzeak Espainiako krisi politiko-instituzionala ulertzen lagun dezake. Aurreratzen dizuet Gobernu bezala honako lehentasuna dudala: ekonomiaren ikuspegitik erabakitzeko jada ditugun zentroak finkatzea eta beste batzuk etor daitezen babestea, Bizkaian instalatu nahi izanez gero. Bestalde, lurraldearen lehiakortasuna proiektu interesgarriak eskaintzeko gaitasunean oinarritzen da eta horiek garatzeko gai izan behar dugu. Xede horrez, erabakitze zentroak mantendu eta erakartzea lehenengo mailako elementu kritikoa da.

Aldi berean, lehiakortasunari begira, irmo egin behar da giza kapitalaren aldeko apustua, gure lehengai bakarra baita. Prestakuntza, talentua eta berrikuntza funtsezkoak dira: prestakuntzak talentua sortzen du eta talentuak berrikuntza dakar. Eta berrikuntzak kalitatezko produktu berri eta lehiakorrak eragiten ditu. Eta lehiakortasun handiago horrek jarduna, enplegua eta aberastasuna sorrarazten ditu. Horregatik gure ahalegin guztiak berrikuntzaren aldekoak dira. Nire erronka pertsonala urte batzuetan Bizkaiak berrikuntza tasa bikoiztea da. Badakigu nola egin edo nola saiatu: berrikuntza landu eta lehiakortasuna areagotu nahi duten enpresen premiak betetzeko berrikuntza funtsaren bidez. Bizkaia prest dago fiskalitatea horren zerbitzura jartzeko. Gure proposamena gure herrialdeko aurreztaile txiki eta handiei berrikuntzaren eragile aktibo izateko aukera eskaintzea da. Enpresen lehiakortasunaren parte izatea nahi dugu. Beren herrialdean, beren enpresetan, beren seme-alaba eta bilobentzat etorkizuna sortzen inbertitzea eskatuko diegu. Horren truke, inbertsio horren gaineko zerga-arintzeak eskaintzeko aukera aztertzen ari gara.

Aldi berean, ondare handiek funts horretan inbertituz gero, zergez salbuestea planteatuko dut. Denok izango gara irabazle, baina batez ere etorkizunak eta Bizkaiak irabaziko dute. Proposamen hori Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako foru erakundeen laguntzaz eraiki behar da. Betiere batuz. Eta antolamenduarekin ardura handiz egingo dugu, hau da, Estatuko eta Europako legeriak errespetatuko ditugu. Baina egin dezakegu. Ogasun propioa eta Ekonomia Ituna izatearen abantaila handia da.

Itunari buruzko gauza asko esan dira kontra. Ez jakitetik datozela pentsatu nahi dut. Hasteko, Ituna indarraldi mugagabeko legea da eta Gorte Nagusiek onartu zuten. Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru lurraldeen eskubide historikoak onartu eta babesten ditu. Ituna Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan sartuta dago eta jurisprudentzia europarrak babesten du. Horrenbestez, zalantzan jartzen dutenek indarrean dagoen lege sistema ere zalantzan jartzen dute. Ituna eta kupoa, Euskal Autonomia Erkidegoak estatuaren gastuak bere gain hartzeko mekanismo gisa, ez dira pribilegioak. Guztiz kontrakoa: sistema bitxia da, estatuko gastuei ekarpena egin eta finantzatu egiten duena. Ez da pribilegio bat, baizik eta alde bakarreko arrisku sistema bat.

Lehenengo, Estatuko gastuetarako ekarpena egiten dugu, izandako diru sarrerak eta bilketa alde batera utzita. Kupoa ez dugu ordaintzen gure sarreren arabera. Estatuak bere aurrekontuetan ezarritako gastuen arabera ordaintzen dugu. Bigarrenik, euskal administrazioen gastu ahalmena zergak biltzean foru ogasunen eraginkortasunaren araberakoa da. Gure administrazioek bildu ahal dutena gastatzen dute, ez gehiago. Ez badago diru sarrerarik, ez dago gasturik. Diru sarrera gehiago egon daitezke araudi autonomia dugun zergen diseinuan asmatuz gero, nagusiki, PFEZ, sozietateen zerga, oinordetza eta dohaintzena edo ondarearena. Halaber, aipatu zergak eta estatuko araudiari jarraiki eragiten diren gainerako zergak (hala nola BEZa edo zerga bereziak) biltzeko gure eraginkortasunaren araberakoa da. Foru erakundeek % 6,24ko kupoa ordaintzen dute Estatuko gastu guztiengatik, Estatuak aginpide esklusiboa izanik (koroa, armada, kanpoaldea, segurtasuna, kostaldeak eta abar luzea). Gauza bera gertatzen da Autonomia Erkidegoak edo lurralde historikoek onartutako eskumenekin, Estatuak bere gain onartuak baditu. Lurraldeen arteko elkartasun funtsa edo amortizazioa eta Estatuko zorraren finantza gastuak ahaztu gabe. Gastu horietatik guztietatik, Euskadik % 6,24ko ekarpena egiten du, nahiz eta biztanleriaren ikuspegitik % 4,67 izan eta gure BPGa % 6 inguru egon.

Gauzek okerrera egiten dutenean, kupoa ez da murriztu edo jaisten. Oso adibide argia izan genuen 2009. urtean; krisiak herri-administrazioen diru bilketa % 25 murriztu zuen eta gastu publikoaren oso doikuntza zorrotza izan zen. Euskal Autonomia Erkidegoan ere diru bilketa % 25 jaitsi zen. Ekonomia Itunaren araubidearekin bat, arazo garrantzitsu horren aurrean, finantzaren ikuspegitik inork ez zituen euskal erakundeak lagundu. Estatuak,berriz, 50.000 milioi eurotik gorako ohiz kanpoko funtsak antolatu zituen araubide erkidea duten autonomia erkidegoetarako. Berriz errepikatzen dut: funtsak edo zorra, Euskal Autonomia Erkidegoak ekarpena egiten zuen eta hala dihardu, zentimo bakar bat ere ez jaso gabe. Hori da Ekonomia Ituna eta hori da alde bakarraren arriskua. Ekonomia Itunak ezin dezake hauteskunde borrokaren elementu bihur. Foru araubidean du bere jatorria eta eskubide historikoek babesten dute. Berriz gogorarazi nahi dut Espainiako Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak bermatzen dutela eta gure ekonomia eta gizartea garatzeko oinarritzat hartu dugula.

Bizkaia ez da low cost lurraldea. Kalitatea ordaindu behar da, baina gozatzen da. Gure zerbitzu publikoek Europako iparraldekoekiko ez dute inbidiarik, ondo bizi gara eta, batez ere, seguru eta lasai bizi gara. Utz nazazue sentipen hori objektibo bihurtzen: Bizkaian delituen tasa Europako txikienetarikoa da, mila biztanleko 42,3 delitu daude. Europar Batasuneko 15 herrialdeen batez bestekoa 61,3 da. Frantzian 54,7 edo Alemanian 73,3.

Ezin daiteke gastuaz hitz egin, lehenago diru sarreraz hitz egiten ez badugu, nola sortu diru sarrerak? Diru sarreraz hitz egitea zerga sistemaz berma egitea da. Zergen ikuspegitik lurralde lehiakorra gara eta gure borondatea ildo berari eustea da. Lehen komentatzen nizuen pertsona fisikoentzat eta ondare handietarako hainbat kenkari, berrikuntzaren funtsean inbertitzen badute. Modu berean, sozietateen gaineko zergan lehiakorrak gara. Zerga hau egituratzeko orduan, guretzat, batez ere, politika ekonomikoa eta industriala gauzatzeko tresna da. Tresna honekin enpresei erraztasuna ematen zaie jarduera zehatzak egiteko, inbertitzeko eta enplegua nahiz aberastasuna sortzeko. Izan ere, sozietateen gaineko zerga gure Ogasunean “bakarrik” diru-bilketa guztiaren % 10 inguru da.

1991z gero sozietateen gaineko zergan arautzeko autonomia dugu. Beti, baita arautzeko gaitasuna izan baino lehen ere, Estatukoekin erkatuz, zerga pizgarri erakargarriagoak izan ditugu. Gure sozietateen gaineko zergak kenkariak aurrez ikusten ditu enplegua sortzeagatik, ingurumenarengatik, I+G-ban egindako inbertsioarengatik edo aktibo finko berrietan inbertitzeagatik. Horiek Estatuan ez daude. Aldi berean, ken daitezkeen zenbait gastu ageri dira, besteak beste, finantzarioak eta amortizazioari dagokionak. Horrez gain, ez dituzte estatuko legediak ezartzen dituen mugak. Arrazoi horiengatik, nahiz eta tasa nominala Estatukoa baino pixka bat altuagoa izan, egiazko zerga-tasa Estatukoa baino txikiagoa da: % 15 enpresa txiki eta ertainetarako eta % 20 enpresa handietarako.

Bizkaiko sozietateen arautegiak produkzio sarearen aldeko apustu irmoa egiten du, jarduera ekonomikoa eta enplegua sor ditzan. Beraz, ez da nahikoa zenbakiaren argazkiarekin, argazkiaren atzean adorea baitago. Beste toki batzuetan argazkiaren atzean, zenbakia txikiagoa izateagatik ederragoa izan arren, baliteke adorerik ez aurkitzea.

Erakunde eta lurralde hurbila gara. Galdetu gure enpresei. Edozein egon daiteke Ahaldun Nagusiarekin, Ogasun diputatuarekin edo beste edozein diputaturekin. Eskatu besterik ez dago. Enpresen kide sentitzen gara. Eurei ondo joaten bazaie, Bizkaiari ongi joango baitzaio. Horregatik, administrazio burokrazia saihesteko neurriak bultzatuko ditugu. Instalazioak hedatu nahi dituenean edo gure lurraldean kokatu nahi duenean, ez dut ulertzen enpresa zoratzea. Enpresek inbertitu nahi badute eta, bide batez, lanpostuak sortzeko gura badute, neurrira egindako jantzia eskaintzeko programan lanean ari gara. Zerga-sistemaz, kokapenaz, lursailaz, sektore baimenez, laguntza programez edo nazioarteko sareak aprobetxatzez ari naiz.

Jardun horretan lankidetza publiko pribatua funtsezkoa da. Euskadiko automobilgintzako enpresa nagusiek lankidetza hori nola lantzen dugun azal dezakete. Lankidetza munduan muturreko berrikuntza zentroak (Automotive Intelligence Center) jorratu du. 30 enpresa eta 50.000 m2 daude, gure ekonomiako sektore eragilerako produktu berrietan, berrikuntzan eta prestakuntzan lankidetzan aritzeko. Duela hilabete batzuk eredu arrakastatsu hori energiaren sektorera zabaldu dugu eta bide horretatik Energy Intelligence Centerra (EIC) eratu dugu. Jada abian da Repsol-Petronorrekin lankidetzan lehenengo proiektua eta hurrengo egunetan EICren bigarren proiektua aurkeztuko dugu. Modu berean, aeronautikaren sektorean bikaintasunaren bila gabiltza Fabrikazio Aurreraturako Zentroaren bidez. Horiek errealitateak dira, hain zuzen ere, orainaldia. Orain etorkizunari erreparatu behar zaio, baina ezin daiteke etorkizunaz hitz egin erakunde eta lurralde bezala norabidea diseinatu gabe. Horregatik, plan estrategikoa abian jarri dugu eta 15 urtera (2030. urtea) pentsatuta dago. Luzera pentsatu eta laburrera jardun.

Pozik nengoke hitzaldi honen ondoren Bizkaia eta bere Foru Aldundia pixka bat hobe ezagutuko bazenukete. Poz-pozik nengoke Bizkaiaren enbaxadore modura zuen inguruneetan hemen entzundakoa zabalduko bazenukete. Eta pozik agertuko nintzateke zuetako norbait bisitan etorriko balitzait, nire hitzak errealitate direla egiaztatzera. Ongietorriak izango zarete. Etor zaitezte. Bizkaiak beti ateak zabalik ditu. Ahaldun honen bulegoa bezala. Etorri maletak ezinegonez, ideiez eta proiektuez beteak dituzuela eta seguru elkar ulertuko dugula.