Estatu Batuetara enpresa-misioa

2015(e)ko uztailaren 29(a)

Bizkaia munduari lotuta

Aukera handiko beste leku batzuekin batera lan egiten duen Bizkaiaren garaia da

Boisen, 2015eko uztailaren 29an.

Duela hilabete bat nire herrialdeko gizon eta emakumeek Bizkaiko Ahaldun Nagusi hautatu ninduten. Gobernu sendoa eratu berria dugu lau urtetarako eta apustu argia du: Bizkaia eta mundua, aukera zentroak, konektatzea eta etengabeko loturak egituratzea. Esaldi bat asko errepikatu dut Bizkaiko herri bakoitzean: It’s the time for Biscay. Horregatik, nire lehenengo erabakia hona etortzea izan da eta asmatu dugulakoan nago. Bizkaia beste aukera-gune batzuekin lan egiteko garaia da, besteak beste, Idaho edo Boise, helburuak, ezagutza, ahalegina eta erronka erkideak partekatzen baitituzte. Biscay, bay of Biscay, Europan sartzeko ate paregabea da. Aukera lurraldea gara eta azkeneko 15-20 urteetan aurrerapauso handiak eman ditugu. Lehenengo lorpen handia bakean egotea da, terrorismoa desagertu da eta jada inork ez digu galarazten hegan aritzea.

Eta hegan dihardugu. Hona hemen hainbat datu: Bizkaian biztanleko errenta 35.000 dolarretara iristen da, Europako muturreko eskualdeen antzera, alegia. Ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako ekonomia gara. Badakigu ezin dugula beste herrialde batzuetako lanesku merkearekin lehia egin eta, horregatik, ezagutzan, know how sortzen, balio erantsia eratzen lehiatzen dugu. Berrikuntza da gure apustua eta herri administrazioaren nahiz ekimen pribatuaren artean lankidetza erabatekoa da. Prestakuntzak talentua sortzen du, talentuak berrikuntza eta berrikuntzak balio erantsia eskaintzen du. Hala, lehiakorragoa izan daiteke, bai enpresaren mailan, bai herrialdean. 12.000 ikertzaile inguru ditugu gure herrialdean, erdia konpainia teknologikoetan lanean. Lau unibertsitate eta 60.000 unibertsitario ditugu eta 25 eta 64 urte bitartean ia biztanleriaren erdiak unibertsitate titulua du. Europar Batasunaren tasa % 24 da, gurea, berriz, % 46. Europan gailurrean gaude zientzia eta teknologian graduatuei erreparatzen badiegu eta lan hori babestu eta laguntzen duen parte teknologiko nahiz ikerketa zentroen ekosistema dugu. Oso jomuga erakargarri bihurtu gara ikertzaileentzat. Egonkortasun politikoa dugu. Espainia edo Greziaren aldean, gobernu egonkorra gara. Erakunde egonkortasuna, politikoa eta ekonomikoa bermatzen dugu eta hori inbertsioetarako nahiz enpresetarako oso garrantzitsua da.

Hori guztia nazioarteko enpresetara iristen ari da. Duela gutxi Bilbon Red Hateko zuzendari exekutiboari, Jim Whitehursti, harrera eman nion. Izan ere, urteak daramatzagu software librearen programetan lankidetzan eta harremana biziagotzeko moduak aztertzen ari gara. Red Hat pozik dago Bizkaian. Beste adibide bat Munduko Bankua da. Berak Bizkaiko proiektu teknologikoa bermatu du lurraldeko udalerrietan berrikuntza teknologikoak ezartzeko.

Gure zerga-sistema dugu eta tresna horri esker oso lehiakorrak gara, enpresak ezartzea eta jarduera ekonomikoa sortzea errazten baitugu. Gure zerga gaitasuna erakunde europarrek goretsi eta bermatzen dute.

Hori guztia garrantzitsua da, baina gure baliorik handiena pertsonak dira. Gizarte prestatua dugu, hobetzeko gogoz eta erronka berriei aurre egiteko prest. Boisek eta Bizkaiak basogintzaren eta egurraren sektorean, meategi eta industriaren ingeniaritzan, energian eta, batez ere, teknologia berrietan eta bigdatan zenbait erronka partekatzen ditugu. Bidea elkarri egitea eskaintzen dizuet. Ziur naiz elkarturik indartsuagoak garela. Saiatzea eskatzen dizuet eta ezagutzeko, Bizkaiaren ateak zabaltzen dizkizuet. Merkatu europarrean sartzeko abiapunturik onena gara eta merkatua interesgarria suertatu zaizuelakoan nago.