Espresionismo Abstraktua

  • Noiz

    2017/02/03(e)tik 2017/06/04(e)ra

  • Non

    Guggenheim Bilbao Museoa

  • Web

    Bisitatu

Espresionismo Abstraktua

Bilbao

Aurreko Kubismoak eta Surrealismoak ez bezala, Espresionismo Abstraktuak saihestu egin zuen ezarritako formula oro, eta ospatu egin zituen aniztasuna eta askatasun indibiduala.

Espresionismo Abstraktuko artelanek berriro definitu zuten pinturaren izaera. Gehienetan oso eskala handiko mihiseetan landuak, espontaneoak eta espresibitate eta bizitasun handikoak dira batzuetan, eta kontenplaziozkoak, besteetan.

Pollock-ek zioenez Pintura abstraktua abstraktua da. Aurre egiten dizu. Artistak bere emozioak adierazten zituen artelana egitean, eta bertan jasota geratzen ziren; ikuslearen pertzepzioak bukatzen eta osatzen du obra, ordea.

Guggenheim Bilbao Museoak Espresionismo Abstraktua aurkezten du, 1940ko hamarkadan, New Yorken, pinturaren erabateko aldaketaren eta bere goraldi berriaren eragile izan ziren artisten lanen hautaketa bikaina ikusteko aukera emango digun erakusketa. Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith edo Clyfford Still, hautatu diren artistetako batzuk dira beste askoren artean, mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 130 pintura, marrazki, eskultura eta argazki baino gehiago biltzen dituen erakusketa honetarako. Erakusketak ikuspegi berri batetik begiratzen dio Espresionismo Abstraktuari, hainbestetan osotasun bat balitz bezala oker hartu izan den gertakari hau bere dibertsitatean, konplexutasunean, eta bere fazeta anitzetan erakutsi nahian. Erakusketa Bilbon aurkeztea a BBVA Fundazioaren babes eskuzabalari esker eta Terra Foundation for American Art erakundearen laguntzak ahalbidetu dute.

Free jazzaren eta beat belaunaldiaren poesiaren urteetan, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, artista talde batek ezarrita zeuden konbentzioak apurtu eta mugimendu baten sorrera bultzatu zuen. Artista haiek bai bizitzan bai artean bizitzen ari ziren esperientziek elkartu zituzten, nahiz eta bakoitzak bere estilo propioa landu. Aurretik izan zituen Kubismoak eta Surrealismoak ez bezala, Espresionismo Abstraktuak ihes egin zion ezarritako formula orori, eta aniztasuna eta askatasun indibiduala ospatu zituen espresatzeko garaian.

Eskala kolosala duten obrak dira mugimendu honen ezaugarrietako bat. Artelanak espontaneoak eta bizitasun eta espresibitate handikoak dira zenbaitetan, eta kontenplaziozkoak beste batzuetan, kolore-eremu handietan landuak. Lan horiek berriro definitu zuten pinturaren izaera, eta urrutitik behatzeko ez ezik, artistaren eta behatzailearen arteko norabide biko elkarraldi bat izateko ere sortu zituzten. Artistek euren emozioak adierazten zituen artelanak egitean, eta artelanek emozio horiek islatzen zituzten; ikuslearen pertzepzioa da, baina, interakzio horri amaiera ematen dion elementua. Hala, Pintura abstraktua abstraktua da. Aurre egiten dizu, esan zuen Pollockek 1950ean; izan ere, obra erakusteko moduak elkarraldi horren indarra areagotu dezake, Houston-eko Rothko Kaperan (Rothko Chapel) gertatzen den bezala.

Londresko Royal Academy of Artsek antolatutako erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean
Komisarioak: David Anfam, Edith Devaney eta Lucía Agirre
BBVA Fundazioak babestua

Ordutegia

Asteartetik igandera:
10:00etatik 20:00etara.

Astelehenetan itxita, honako egun hauetan izan ezik:
2017ko urtarrilaren 2an, apirilaren 10ean eta 17an, maiatzaren 1ean, uztaileko eta abuztuko astelehen guztietan, irailaren 4an eta 11n eta abenduaren 4an.

Argibide gehiago

Tarifak:

Museoaren tarifak Programazio artistikoaren arabera alda daitezke. Erakusketa-aldaketen bitartean aretoak ixten direnez, tarifa murriztuak ezartzen dira.

Eta gainera