Eduardo Arroyo. Le retour des croisades

Eduardo Arroyo.  Le retour des croisades
  • Noiz

    2017/11/30(e)tik 2018/04/09(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Bilboko Arte Ederren Museoa, 17/11/30. Bilboko Arte Ederren Museoak, BBKren babesarekin, Eduardo Arroyo. Le retour des croisades erakusketa aurkeztu du gaur, artistaren 44 obraz osatua, horietako batzuk aurten eginak, haren 80. urtebetetzearen urtean.

1994an, Eduardo Arroyo. Tamaina naturala, 1963-1993 erakusketa egon zen ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoko BBK areto orduan sortu berrian, artista madrildarraren tamaina handiko -grandeur nature- margolan multzo zabala atzera begirako gisa bilduz osatutakoa. Ia 25 urte geroago, erakusketa areto berean, Arroyok XXI. mendearen lehen hiru bosturtekoetan egindako margolanak eta eskulturak aurkeztu dira, arreta berezia emanez margolariak aurtengo udan Saint-Paul-de-Venceko (Frantzia) Fondation Marguerite et Aimé Maeghten egin duen bakarkako erakusketa bikaina prestatzen zuen bitartean egindako sormen ahalegin ikaragarriari.

Europako margolaritza hirurogeiko hamarkadaren inguruan berritu zuen figurazio narratiboaren ordezkari behinenetakotzat hartua, Eduardo Arroyo (Madril, 1937) erreferentzia literarioz eta autobiografikoz betetako obra baten jabe da, umorea, kritika politiko eta soziala, eta kultura bisualarekiko lilura batzen dituena.

Literatura izan zuen lehen bokazioa, eta, margolaria eta eskultorea izateaz gain, ibilbide emankorra egin du marrazkilari, eszenografo, ilustratzaile, kartelen diseinatzaile eta grabatzaile gisa.

Azken obretan bere pasio literario eta artistikoak bridarik gabe aske utzi dituen arren, eta pertsonaia batzuetan errealen eta zenbaitetan alegiazkoen erretratu galeria aparta osatu duen arren (Dante, Don Juan Tenorio, Cyrano de Bergerac, Balzac, Van Gogh, Joyce, Orson Welles), haren sortzaile ibilbidea beti egon da XX. mendearen erdialdeko Europako zein Espainiako historiaren gorabehera politiko eta kulturalen eraginpean, eta ez du inoiz zalantzarik izan horiek bere lan artistikorako material gisa erabiltzeko. Adibidez, erakusketaren izenburua, Les retour des croisades, Arroyok 2017an margotutako mihise handietako bati dagokio, Espainiaren gaur egungo egoeraren alegoria bat, Ignacio Zuloagaren Festako biktima (1910) margolan monumentalari egindako parodia-omenaldi gisa ere sortua. Bi artelan horiek, jatorrizkoa eta pastichea, lehen aldiz erakutsiko dira elkarren ondoan.

Pinturaren historiari eta margolariei egindako omenaldiak ugariak dira erakusketa osoan zehar. Adibidez, Jakoben eta aingeruaren arteko borroka (2011-2012) margolanak, Delacroix margolariak Parisko Saint-Sulpice elizarako egindako horma-irudi handian inspiratuak; Bildots mistikoa (2008), Van Eyck anaien Ganteko poliptiko ospetsuaren bertsioa, tamaina naturalean egina; eta Van Goghi –Van Gogh sur le billard d´Auvers–sur-Oise (2016-2017)– eta Ferdinand Hodler margolari suitzarrari –Ferdinand Hodler et son modèle (2016)– egindako omenaldi partikularrak.

Azkenik, erakusketak Arroyok azken urteetan egindako eskulturen hautaketa zabal bat aurkezten du BBK aretoan. Pieza horiek, ibilbideko lehena adibidez, Lacianako adarbakarra (1999), naturaren erdian eginak dira, jatorriz Laciana haranekoak diren hainbat materialekin (enborrak, harrizko blokeak), haran horretan bizi baita artista udan hirurogeita hamarreko hamarkadako azken urteetan Espainiara itzuli zenetik.

Erakusketa osatzen duten gainerako obren artean honako hauek nabarmentzen dira: Autorretratua (2011), Europaren bahiketa (2014), Poissonnière (2015), La vie à l´envers. Paimio. Omenaldia Alvar Aaltori (2016), Gerónimo / Cyrano de Bergerac (2016), Arthur Quiller-Couch dit Q. What odds? (2016) eta Sylvia Beach fête la publication d´Ulysse dans la cuisine d´Adrienne Monnier (2016).

Ordutegia

Zabalik
Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara
Abenduaren 24 eta 31n, 10:00etatik 14:00etara. (Asteartea ez ezik, ohiko itxiera-eguna)

Itxita
Astearteetan (ezohiko egunetan izan ezik)
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an

Itxi baino 15 minutu lehenago hasten gara aretoak husten, eta ez da sarrera gehiago saltzen.

Doako ordutegia, Bilduma Iraunkorrerako
Egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Argibide gehiago

Tarifak
Orokorra: 9,00 €

Murriztua: 7,00 €
Ikasleak
25 urtetik beherakoak
65 urtetik gorakoak
15 pertsonatik gorako taldeak

Familia ugarientzat: 4,50 €


Audiogida
Bilduma iraunkorra: sarreraren prezioan sartuta, doako sarreren kasuan izan ezik (3 €). Eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Museoaren bildumatik hautatutako maisulanei buruzko azalpenak.
3,00 €
Aldi baterako erakusketa: eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Azalpenezko ibilbidea, aldi baterako erakusketan zehar.
3,00 €
Umeentzako ibilbidea: 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat gomendatua. Eskuragarri euskaraz eta gaztelaniaz. Museoaren bildumako artelanetan oinarritutako 10 kontakizun entretenigarri. Doan
Audiogida guztiak doakoak dira Museoaren Lagunentzat. Baina, betiere, libre egon behar dira.

Doan
Museoaren Lagunak
ICOM
12 urtetik beherakoak
Akreditatutako gidariak, irakasleak eta kazetariak
Minusbaliatuak (pertsona baten laguntza behar badute bisita egiteko, pertsona horri tarifa murriztua aplikatuko zaio).
Langabeak

Artean Bonoa
16,00 €
Sarrera bateratua, Guggenheim Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora sartzeko. Bi museoko txartel lehiatilan soilik eskuratu daiteke.

BBK Aretoa

Eta gainera