angle-left Bizkaiko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran

Bizkaiko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran

2018(e)ko irailaren 24(a)

Politika orokorra

Nagusi Intelligence Center-a, NIC. Zahartzeari ekiterakoan mundu mailan erreferentzia izango da

Bizkaiko Politika Orokorreko Osoko Bilkura hau Gipuzkoan hasiko dot, gipuzkoar eta euskaldun mundial bategaz: Eduardo Chillidagaz, hain zuzen be. Eta, hasteko, eskerrak emon gura deutsaguz bere inspirazinoagaitik. Berak esaten eban moduan:

“Zer gara?
Egiten doguna.
Esaten doguna.
Entzuten doguna.
Edo inspiratzen deuskuna.
Hori guztia gara”.

Eduardo Chillidak eta bere beharrak asko inspirau nabe. Haizea orrazteko kapaz dan pertsona batek inspirau egiten nau; inspirau egiten nau horizonteari gorazarre egiteko kapaz dan pertsona batek; inspirau egiten nau mamina topau eta errez eta ulergarri bihurtzeko daukan erreztasunak. Benetan estimetan dot Eduardo Chillidaren dohain hori. Estimau egiten dot, badakidalako zein konplikaua dan erreza izatea eta zein erreza konplikaua izatea.

Eta inspirazino horrek eroan nau Bizkaiaren ganeko nire lehen hausnarketara, 2018ko irailaren 24an bizi dogun Bizkaiaren ganekora. Zeren inguruan mugitzen da Bizkaia? Zein da Lurralde honen mamina? Normaltasuna. Bizkaia, Chillidaren esanetan, normaltasunaren ganeko gorazarrea da. Eta, normaltasuna, batzuetan, konturatu barik pasetan da. Kotxeetan moduan, serieak berez dakarrela emoten dau, baina ez da holan. Euskadin ondo dakigu hori, holan bizi izan dogu-eta. Gaur egun be ez dago zertan oso urrun joan, normaltasuna ez dala hain normala egiaztatzeko.

Bizkaian bai. Gozatzen dogun normaltasun hori gogoan euki behar dogu, agian aurrean euki arren ez dogulako ikusten edo behar dauen moduan baloretan. Normaltasun horren jakitun izan behar dogu, eta daukan balio handia autortu. Normaltasuna ez da zerutik jauzten, ez dator serietik; ekintzakaz eta jarrerakaz lotuta dago. Bizkaian normaltasunak hiru oinarri daukaz, Errontegiko zubia edo Bizkaia zubia lako boteretsuak diranak: egonkortasuna, bizi-kalidadea eta gizarte heldua. Zer da normaltasuna Aldundi honentzat? Normaltasun horren alde behar egiten segitzea bezain erreza eta konplikaua dan betebeharra. Normaltasunetik edozein ortzi-mugari aurre egin ahal zaio; normaltasuna bitarteko bezala, ez jomuga bezala. Horixe da Gobernu honek Bizkaiko gizarteari bialdu ahal deutsan mezurik onena: Bizkaiko Foru Aldundiak beharrean jarraitzen dau, Bizkaiaren alde. Egunero-egunero. Gaur be bai, atzo egin eban eta bihar egingo dauen legez. Normaltasuna. Normaltasunaren ganeko gorazarrea. Normaltasuna eta beharra. Zarata barik, burruka barik, lotsa barik; batzuetan zuzen, eta, beste batzuetan, zelan ez, oker.

Zuzen eta oker, antagonikoak izan arren, axioma beraren barruan sartzen diralako: zuzen edo oker egiten dau gauzak egiten dauzanak, erabagiak hartzen dauzanak, ekimena erakusten dauenak, mahai ganean ideiak eta proiektuak planteetan dauzanak. Hau da, erabagiak hartzera ausartzen danak bakarrik jokatuko dau zuzen edo oker. Horregaitik daukagu harrotasun bera zuzen egindakoen eta oker egindakoen ganean: ausartzen dan, erabagiak hartzen dauzan, norabidea argi daukan eta gobernatzen dauen Aldundi baten emoitzea diralako. Bizkaiko gizon eta emakumeek beren botoagaz aldi baterako laga euskuen erantzukizuna bete-betean eta normaltasun osoz hartu dauen Aldundiarena. Gure beharra da, eta ahalik eta ondoen egiten dogu. Behar erreza eta konplikaua.