Diana Thater. Mundu bat ihesean

  • Noiz

    2018/11/29(e)tik 2019/02/24(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Diana Thater (San Frantzisko, 1962) bideo-instalazioaren aitzindaria izan da, eta mugimenduan dagoen irudiaren teknologia berriak bideoaren eta zinemaren narrazio-konbentzioei aurre egiten dieten formekin konbinatu ditu.

Erakusketaren espazioan kolorea maneiatu eta pantailak eta monitoreak ikusmen-euskarri gisa erabiltzen ditu Thaterrek; hala, haren obrek elkarrizketak proposatzen dituzte artearen historiako gertaera gogoangarri nagusiekin —inpresionismotik minimalismoraino—, kultura garaikidearen gai larrienei aurre egitearekin batera.

Sortzen dituen guneek, inguratzaileak eta kolorez beteak, biziki eragiten diote haiek hartzen dituen arkitekturari; halaber, jokoan jartzen dute aurkako elementuen, edertasun eta izpiritu kritikoen arteko borroka, artistak berak zientziaren eta magiaren arteko tentsioa deitzen duena iradokitzeko.

Aldi berean, artistaren instalazioek zorroztasunez adierazten dituzte ikustearen eta begiratzearen artean dauden alde burutsuak.

Thaterren obraren gai nagusien artean, animalien bizi-baldintzak agertzen dira giza ekintzaren emaitza bezala.

Mundu bat ihesean (2016–17) lanean, bi instalazio berdin aurkezten ditu, Kenyan egin berriak; bertan, artistak galtzeko zorian dauden bi espezieren (errinozeroak eta elefanteak) bizimodua eta habitatak aztertzen ditu, eta haien biziraupena mehatxatzen dituzten ekonomia bidegabeak ekartzen ditu gogora.

Errealitatea bezain erradikala lanak hurbiletik begiratzen dio Sudani, munduan bizi den azken errinozero zuri arra, Ol Pejeta erreserban isileko ehiztariengandik babesten duten zaintzaileen ondoan.

Mundu bat ihesean lanetik hartzen du erakusketak izena, eta obra horrek elefante-talde bat eta haien habitata islatzen ditu Chyuluko mendixkan.

Bi obrek begirada hotz, deskribatzaile eta batzuetan alderrai bera dute; bietan objektuei isiltasunean erreparatzen zaie, eta, tazituki, planetan duten existentziaren nahiz hurbileko desagerpenaren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen gaituzte.

Giro-argiaren iragazketaren ondorioz, pantaila bakoitzaren kolorea aldatu egiten da ondoan duen hartan eta baita galeriako zoruan ere islatzean.

Nolabaiteko magia iradokitzeaz gain, efektu horiek are gehiago bereizten dute artelana, behaketarako espazio espezifiko gisa.

Thaterrek kolorearen interakzioarekiko duen interesa indar berarekin adierazten da Denbora konprimatua (2017) lanean; hau da, erakusketaren sarreran ikusgai dagoen horma-bideoan.

Lanean ohikoa duen modalitatea erabiliz, artistak elementu abstraktuak eta deskribatzaileak gainjartzen ditu, kolore-plano hutsen eta irudi dokumentalen arteko lehia eragiteko.

Komisarioa: Manuel Cirauqui

Ordutegia

  • Asteartetik igandera:
    10:00etatik 20:00etara
  • Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita
  • Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak:

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira. Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago. Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Guggenheim Bilbao Museoa.. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera