Lasaitasuna Asiako liztorraren aurrean

Ingurumena

Asiako liztorren habia bat ikusten denean egin beharrekoa. Adituen esanetan, liztor hori ez da arriskutsua pertsonen osasunerako.

Ezer baino lehen, lasai egon. Hori gomendatzen dute adituek. Ez asaldatu, ez ikaratu eta ez utzi izuari aurre egiten. Liztor horri jarri zaion izen arruntak ez du askorik laguntzen, egia esan: liztor hiltzailea esaten zaio. Baina adituek esaten dute izen hori ez dela egokia. Eta behin eta berriro esaten dute: Asiako liztorra ez da arriskutsua pertsonen osasunerako. Hori bai, ziztatzen bazaitu suminduta egongo zara, ziztadaren ondorioak bertako liztor baten ziztadaren antzekoak dira eta. Baina arriskua bestelakoa da: biodibertsitaterako da arriskutsua, ezti-erleei erasotzen dietelako. Horregatik, Asiako liztorren habia ikusten bada, egin behar den bigarren gauza abisua ematea da; lehenengo gauza, lasai egotea da.

Habia aurkitu den udalerriko udalari eman behar zaio abisua. Dei horrek protokolo berezi bat aktibatzen du, Aldundiak eta Bizkaiko udalek adostu duten protokoloa. Hona hemen protokoloan jasotzen direnak:

  • Deiaren datuak aplikazio informatiko jakin batean sartzen dira. Aplikazio horretan, jasotako abisu guztiak kontsulta daitezke. Deia egiten den unean egiazta daiteke habia hori erregistratuta dagoen ala ez, eta, egoki bada, neutralizatu den eta arriskurik dagoen.
  • Udalekoak bertaratu egiten dira eta habia oraindik aktibo dagoen egiaztatzen dute. Zuhaitzean edo habia dagoen egituran marka berde bat ikusten baduzu, horrek esan nahi du habia horren gaineko abisua eman dela eta erregistratuta dagoela. Gurutze berdeak esan nahi du habia ez dagoela aktibo, eta liztorrik ez dagoela.
  • Habia erregistratu ez bada eta aktibo badago, basoen artapenaz arduratzen diren Basalaneko langileei ematen zaie abisua. Langile horiek bideoan ikusten den moduan egiten dute lan habiarekin. Kasu berezietan, Bizkaiko suhiltzaileek kentzen diote aktibotasuna habiari.