Bizkaiak lurraldearen kultura aberastasuna erakutsiko du Kultura Ondarearen Europako Urtean

  • Noiz

    2018/04/23(e)tik 2018/12/12(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak aukerez beteriko egutegia iragarri du: aparteko 35 jarduera baino gehiago egingo dira urte guztian zehar.

Herritarrei Bizkaiko kultura ondarearen ezkutuko edo ezagutu gabeko alderdiak berraurkitzeko gonbidapena luzatzea da jarduera horien xedea.

Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbaok, Amaia del Campo alkatearekin batera, Kultura Ondarearen Europako Urtea ospatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuko dituen jardueren egutegia aurkeztu du Barakaldoko Ilgner eraikinean.

Itzaleko ondarea: ezkutuan dagoen ondareari begiradak

Europako Urteak kultura ondarea zaindu, kudeatu eta berriz erabiltzeko modu adimentsuak sustatzen ditu.

Horretarako, Europak Cultural Heritage: Where the past meets the future izeneko lelo komuna abiarazi du, eta Bizkaian Itzaleko ondarea: ezkutuan dagoen ondareari begiradak titulua jarri zaio. Helburua argi dago:

2018an zehar kultura ondarearen inguruan antolatzen diren jarduerei protagonismo berezia ematea eta, horrela, Bizkaiko kultura ondarea ikustaraztea hainbat estrategiaren bitartez:
Jendearentzat normalean ireki gabe dauden edo ezagutzen errazak ez diren tokietara bisitak antolatzea: Ziortzako monasterioko gelak, La Naval fabrika, Munoa jauregiko barnealdea eta abar.

Bizkaiko Foru Aldundiak, erakunde publikoek, elkarteek eta eragileek kultura ondarea berreskuratu eta zaharberritzeko egiten duten lanaren balioa azpimarratzea.

Hainbat elizetako erretaulak bisitatzeko aukera egongo da, eta zaharberritzaileen azalpenez gain, museoetako ondarea berreskuratzearen inguruan hitz egingo da, besteak beste.

Normalean interesgarritzat jotzen ez ditugun elementuak berraurkitzea: ondare bibliografiko eta dokumentalari buruzko erakusketak, ontzi historikoak berriz eraikitzeari buruzko hitzaldiak, musika-tresna historikoak erabiliz egindako organo kontzertuak eta horien kultur balioaren azalpena, eta abar.

Historian izan behar lukeen tokia izan ez duen ondarea ikustaraztea. Zentzu horretan, Ondareari buruzko Europako Jardunaldietako gaia honako hau izango da: Ondarea, emakumeen emaria.

2018. urtea gure kultura ondarerako funtsezko urtea bilakatuko duten efemerideak nabarmentzea; esate baterako, Euskaldunako dikeen 150. urteurrena edo Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena.

Lehenengoaren kasuan, bisita bat antolatuko da dikeetan dagoen ponpa etxearen barrura lehenengo eta, ostean, gaur egun Elorrietan martxan dagoen ponpatze-estaziora.

Bizkaia Zubiaren kasuan, berriz, gaur egun munduan zehar dauden zubien ordezkariek parte hartuko duten nazioarteko kongresu bat egingo da.

Ekintza guztiak link honetan aurkitu daitezke: www.bizkaia.eus/ondare2018

Eta gainera