Bizkaia Katedra

2016(e)ko Juneren 23(a)

Prestakuntza eta talentua

Zientziarik gabeko lurraldea etorkizunik gabeko lurraldea da

Bilbon, 2016ko ekainaren 23an.

Gaur hausnarketa batekin hasi nahi dut, beharbada unibertsitatea eta hausnarketa lotzen ditugulako. Ziztu bizian bizi gara. Zikloak gero eta laburragoak dira. Iraungitze-datak gero eta motzagoak dira. Agian gehiegikeria dela pentsatuko duzue, baina gaurko eguna, oraina, batzuetan iragana da. Hori dela eta, garrantzitsua da gauza batzuk iheskorrak ez izatea, batez ere, garrantzitsuak badira. Oso garrantzitsua da Kultura Zientifikoko Katedrak bost urte betetzea; edozein gizarterentzat garrantzi handikoa baita haren lana, zientzia landu eta zabaltzen laguntzea, alegia. Izan ere, eskuarki, zientzia gutxi baloratzen da kultura kontzeptu globalean. Oso garrantzitsua da Kultura Zientifikoko Katedrak lan hori egitea eta zientziaren inguruko prestakuntza-, ikerketa- eta sentsibilizazio-jarduerak prestatzea.

Zientziarik gabeko lurralde batek ez dauka etorkizunik. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundia proiektu honetako kide da. Bizkaia hobetzeko gaude, eta hori bezalako proiektuek Bizkaia hobetzen dute, baita guztion etorkizuna ere. Euskal Herriko Unibertsitateari eskerrak eman nahi dizkiot, eta, batez ere, Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, zientziaren eta Bizkaiaren alde egindako lanarengatik. Horrelako lanak ezinbestekoak dira epe ertainera eta epe luzera.

Gaur honako honen berri eman nahi dizuet: luzatzen dugun hitzarmenean katedrari lan gehiago eman diogu. Bizkaiko Foru Aldundiak Kultura Zientifikoko Katedrari Bizkaia katedra kudeatzeko ardura eman dio; hain zuzen ere, katedra funtsezko tresna da Gobernu honentzat eta agintaldi honetarako.

Bizkaia Katedrak bateratu eta uztartu egingo ditu 2015-2018 agintaldirako helburu estrategikoak eta lurraldean ezagutza eta prestakuntza sortzen laguntzeko Aldundi honen ekintzak. Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldearen etorkizunerako lehentasunezko bost sektore daudela deritzo: automobilgintza, energia, arlo aeronautikoa, silver economy (zilar-ekonomia) eta finantza-nodoa. Oraingo eta etorkizun handiko sektoreak dira, eta gure ahaleginen zati handi bat bideratuko dugu sektoreotara, maila guztietan. Koherentziaz, beharrezkoa da Aldundiaren prestakuntza eta hezkuntza arloko apustua sektore horien inguruan antolatzea, etorkizunean profesionalik onenak izan ditzaten, baita ahalik eta posizio lehiakorrik onena ere. Asmoa da enpresa pribatuekin eta euskal unibertsitateekin batera sektore horiek lantzea. Horrez gainera, arlo horietan hitzarmenak egingo dira atzerriko unibertsitateekin, eta, ahal dela, euskal zentro teknologikoek ere parte hartuko dute dinamika horretan. Erronka da sektore horietarako etorkizuna duten arloak aurkitzea.

Bi urterako hitzarmen horri esker Kultura Zientifikoko Katedrak Bizkaia Katedra diseinatzeko ardura izango du. Katedraren jarduera-egitura, jardun-arloak eta lehenengo bi urterako behin-behineko jarduera-plana proposatuko ditu, eta proiektua garatzeko formula juridiko egokiena lortzeko aukeren balorazioa egingo du. Gure helburua da Bizkaia Katedra 2017. urtean abiaraztea.

Guztia prestatzeko oinarrizkoak izango diren hilabeteak datoz, eta irmo eta presa barik egingo dugu. Bizkaia Katedra garrantzitsua da, eta luze iraun behar du. Ziur gaude Juan Ignacio Pérez Iglesiasen eskuetan egonda, ederto gaudela.