Bizkaia Goazen 2030

2016(e)ko Februaryren 01(a)

Plan estrategikoa

Bizkaia Goazen 2030 Bizkaiko lehentasunekin eta etorkizun hobearekin daukagun kontratua da

Bilbon, 2016ko otsailaren 1ean.

Gaur Bizkaia Goazen 2030 aurkezten dugu: agintaldi honetan berehala jarduteko estrategia da, data, inbertsio eta hartzaile zehatzak dituzten 120 jarduketa zehatzez osatuta dagoena. Datozen 15 urteetarako lurraldea prestatuko duen estrategia bat behar dugu. Edozer Bizkaia hobe bat lortzeko.  Hori da Bizkaiko lehentasunekin eta etorkizun hobe horrekin daukagun kontratua.

Estrategia horrek osatuko du Aldundiaren eguneroko lana, 120 jarduketa horiek baino askoz zabalagoa dena.  Aldundiak 120 jarduketa horiek baino askoz gehiago egingo ditu, baina, batez ere, 120 horiek bideratuko dute agintaldia gure helburuetarantz. Estrategia horren bitartez, eguneroko jarduketak osatu eta lurraldearen 4 lehentasunetara zuzendu nahi dugu: jarduera ekonomiko handiagoa eta kalitatezko enplegu gehiago duen Bizkaia; gizarteari eta lurraldeari dagokionez kohesionatuagoa dagoen Bizkaia, guztiontzako aukera berdinekin; munduari eta aukera globalei lotuagoa dagoen Bizkaia, eta administrazio modernoagoa, hurbilagoa eta arduradunagoa duen Bizkaia.

Egoera zail batetik abiatuko gara. Krisialdi ekonomiko oso sakon baten ondorioak daramatzagu arrastaka. Indar industriala galdu dugu. 84.000 pertsona langabezian daude, eta zerga-bilketa atsekabe handia izan da. Ez dut kolpe horrengatik penatzen segundo bat ere galduko. Aldiz, are gogorrago egingo dugu lan, energia gehiagorekin, Bizkaia hazten lagun dezaketen proiektuak, beharrezkoak ditugunak, aurrera eramateko. Horrelakoak behar ditugu, eta horrek gehiago animatzen gaitu lan egitera eta estrategia hori martxan jartzera. Gainera, gure beharra ere bada.

Gizarteak Bizkaia gobernatzeko erantzukizuna eman digu. Gobernatzea erabakiak hartzea da, eta jada erabaki batzuk hartu ditugu. Lurraldearentzat aukerak bilatu ditugu Estatu Batuetan eta Txilen, erabaki zailak baina arduratsuak hartu ditugu (hala nola, Autzaganeko tunelen kontratua hutsaltzea); oinarrizko gizarte programak berraktibatu ditugu eta Gardentasuneko Foru Araua aurkeztu dugu. Baina, batez ere, haziak erein ditugu. Eta gutxi barru fruituak ikusiko ditugula espero dut.

Erabakiak hartzen jarraitu behar dugu. 120 neurriak ezagutzen dituzue, lankidetzaren emaitza baitira. Esanguratsuak iruditzen zaizkidan batzuk azpimarratuko ditut: lan-eskaintza publikoa egitea aurten, 100 lanpostu betetzeko; eraginkortasun plana egitea Administrazioan, datozen lau urteetan gastu arrunta % 5 murrizteko; Aldundi honek kudeatzen dituen ordainketa-bideak berdin erabiltzea sustatzen duen tarifa-politika bat ezartzea; Elkarlanean programa, lurraldeko enpresen arteko partzuergo-, fusio- eta aliantza-politika bati ekiteko; Energy Intelligence Center martxan jartzea, Bizkaiko energia-sektorea dinamizatzeko; enpresak nazioartekotzeko 800 proiektu laguntzea; Enkarterrin eta Busturialdean suhiltzaile-parke berriak eraikitzea;  lizitazio elektronikoko proiektu pilotu bat (paperean egin beharreko administrazio-izapideak eta burokrazia murrizteko); Gerediaga-Elorrio ardatza bukatzea, baita Ermuko saihesbideko tarteak ere; Derioko, Santo Domingoko, La Arena zubiko, Durangoko, Zallako, Usansoloko, Zornotzako, Galdakaoko, Lemoa-Zeanuriko, Sopuertako edo Bermeoko errepideak hobetzea; laguntza osoa ematen duten Aldundiaren bi bulego martxan jartzea Durangaldea eta Busturialdean, 120.000 pertsonari zerbitzu emateko; Berdintasun eta Bateraezintasunen foru arauak; Bizkaiko biztanle helduak euskalduntzeko laguntza ekonomikoen lerro bat. Ez gaude bakarrik. Etengabeko komunikazio kanala ireki dugu lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta beste aldundiekin. Guztiontzat onuragarriak diren proiektu bateratuetan kolaboratzeko borondatea dago. Horrez gain, Bizkaia Goazen 2030 estrategia bateragarria da Eusko Jaurlaritzaren hamalau plan estrategikoekin. Halaber, Bizkaiko alkateek gertu senti gaitzaten nahi dugu. Bizkaia bere 112 udalerrik osatzen baitute. Haien arazoak gure arazoak dira, eta gure arazoak ere haienak dira. Alderdi onak eta txarrak partekatzen ditugu. Estrategia udalekin partekatuko dugu. Ekimen hori Bizkaiko lau eskualdetan aurkeztuko dut, gizarte-ehuneko ordezkariekin egindako bileretan. Bizkaiko herritarrek gure webgunean 120 ekintza horiek biltzen dituen dokumentu hori edukiko dute eskuragarri formatu elektronikoan. Bertan 120 ekintzen inbertsioak eta egikaritzeko epeak adieraziko dira.

Hausnartutako estrategia da. Guztion artean landu dugu, eta orain garrantzitsuena dator: betetzea. Hauek ez dira hitz hutsak, benetakoak dira, eta aldundiak betetzeko estimulu bat edukiko du. Bizkaiko Behatokiak konpromiso horiek guztiak betetzen direla zainduko du. Konpromiso horiek monitorizatuta daude. Herritarren aurrean azterketa publiko bat egingo dugu aldian behin. Prozesuen barne- eta kanpo-ebaluazioa egin nahi dugu, gauzak nola egiten ditugun eta herritarrek nola antzematen dituzten jakiteko. Herritarren pertzepzioa bilduko duen Bizkaiko gizarte-barometroa egingo dugu. Adierazle batzuetan oinarrituta ardatz bakoitza eta ekintza bakoitza ebaluatuko ditugu. Datu horiekin guztiekin herritarrei kontuak emango dizkiegu etengabe, agintaldi osoan. Kontu-emate horri esker, denok jakin ahalko dugu zeintzuk diren hartutako konpromisoak, beraien lorpen-maila eta beraien gizarte-balorazioa adierazi du ahaldun nagusiak.

Efizientziak kezkatzen nau. Horregatik, esperientzia-pilotuak erabiliko ditugu. Funtzionatzen duenak aurrera jarraituko du; gainerakoak, ez. Izan ere, askotan teoria eta errealitatea bestelakoak dira. Arriskua gutxitu nahi dugu, eta efizientziaz gobernatu. Izan ere, pilotu horiek, proiektuen balioa erakusteaz gain, saiakuntzak ere izango dira, ondoko faseak hobetzen joateko.

Etorkizunera begira gaude, epe ertainera. Datozen hamabost urteetarako oinarri ekonomiko sendoak ezarri nahi ditugu. Ez dugu unean uneko distirarik nahi, egin behar duguna egiteko ohorea baizik. Gure erreferenteak Euskadiko lehen gobernuak dira. Hots, herri hau krisi eta ziurgabetasunetik atera zuten gobernuak, gaur egun lurraldearen eta herri honen oinarri den jarduera industrialaren alde egin zuten gobernuak, eta gaur egun erabiltzen dugun kalitatezko sistema publikoa antolatu zutenak. Nahiko genuke haiek izandako argitasuna eta abilezia izatea. Gure erreferenteak dira. Haiek etorkizuna ziurtatu zuten, gure oraina. Orain, etorkizun honetan, etorkizuna ziurtatzea dagokigu.