Bilboko Arte Ederren Museoa. Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak

  • Noiz

    2019/04/26(e)tik 2019/09/01(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Francisco de Goyak Adán de Yarza bizkaitar familia ospetsuko hiru kideri egindako erretratuak dira; Lekeition du jatorria familiak eta haren leinua X. mendetik dator. Erretratatuak honako hauek dira: Bernarda Tavira, Fernando Adán de Yarzaren alarguna; Antonio Adán de Yarza, Bernarda Taviraren eta Fernando Adán de Yarzaren semea; eta María Ramona de Barbachano, Antonio Adán de Yarzaren emaztea 1787az geroztik. Etxe garrantzitsu honen historia sakontasunez dokumentatuta dago Susana Serrano Abad ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularrak eta Mikel Urizar Bilboko Arte Ederren Museoko Artxiboaren buruak egindako "Antonio Adán de Yarza Tavira (1761-1835)" azterlanean.

Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco de Goyak 1780ko hamarkadaren amaieran margotutako Adán de Yarza familiaren hiru erretratu ezezagun ezagutarazi ditu, eta lehen aldiz aurkeztu publikoaren eta komunitate zientifikoaren aurrean, aztertu eta zaharberritu ondoren, eta ikusgai izango dira irailera arte. Orain arte erreferentzia bibliografiko akademikoen, prentsako aipamenen eta garaiko argazkien bidez baino ez ziren ezagutzen hiru margolan horiek, eta 1937an, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean ebakuatu zituenean, Frantziara eramateko erabili zen jatorrizko kutxarekin batera daude ikusgai orain, haien jabetza duen familiaren eskuzabaltasunari esker.

José Luis Merino Gorospe museoko zaharberritzaileak egindako azterketa teknikoak eta zaharberritzeak hiru obren kontserbazio egoera bikaina utzi dute agerian, eta bereziki nabarmentzekoa da lehen mihisean kontserbatzen direla eta XVIII. mendeko jatorrizko euskarrietan daudela iltzatuta. Goyaren obran espezialista handiak diren nazioarteko bi adituk, Juliet Wilson-Bareauk eta Xavier Brayk, egin dute margolanen azterketa historiko-artistikoa, Goyaren erretratugintzaren barruan daukaten originaltasuna nabarmenduz. Azterketa eta zaharberritze zorrotzaren ondorioak Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak argitalpen digitalean daude jasota; argitalpen horrek erretratuetako protagonistei buruzko artikulu biografiko bat ere eskaintzen du, Susana Serrano eta Mikel Urizar historialariek egina, eta obrek Gerra Zibilaren garaian izandako gorabeherei buruzko beste bat, Francisco Javier Muñoz adituak idatzia.

Francisco de Goyak Adán de Yarza bizkaitar familia ospetsuko hiru kideri egindako erretratuak dira; Lekeition du jatorria familiak eta haren leinua X. mendetik dator. Erretratatuak honako hauek dira: Bernarda Tavira, Fernando Adán de Yarzaren alarguna; Antonio Adán de Yarza, Bernarda Taviraren eta Fernando Adán de Yarzaren semea; eta María Ramona de Barbachano, Antonio Adán de Yarzaren emaztea 1787az geroztik. Etxe garrantzitsu honen historia sakontasunez dokumentatuta dago Susana Serrano Abad ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle titularrak eta Mikel Urizar Bilboko Arte Ederren Museoko Artxiboaren buruak egindako "Antonio Adán de Yarza Tavira (1761-1835)" azterlanean.

Madrilen margotuak dira erretratuok, ezkontzaren dataren inguruan seguru asko, eta Goyak 1790 inguruan, erregearen ganberako margolari zen garaian, erretratugile gisa egin zuen lan ugariaren adibide gorena dira. Margolanok Eusko Jaurlaritzak jaso zituen, babesteko, gerrako lehen hilabeteetan eta Frantziara eraman zituzten 1937an. Harrezkero, eta jabez aldatu gabe, segurtasunez gordeta izan dira, baina anonimatu erabatekoenean, Espainiatik kanpo. Gaur, oinordekoen eskuzabaltasunari esker, hiru erretratuak eta haiek ebakuatzeko erabili zen jatorrizko kutxa Euskadira itzuli dira, eta lehen aldiz aurkeztu dira jendaurrean, haien historia bereziari buruzko dokumentazioarekin batera, Bilboko Museoaren Alfabetoko W aretoan, modu esanguratsuan gerrari (W) eskainitakoan.

Erretratuei buruzko lehen aipamen ezagunak 1916 eta 1917koak dira; orduan, Aureliano de Beruete y Moret historialariak, zeina aurrerago Prado Museoko zuzendari izan zen, Goyaren obrari eskainitako bere lehen bi liburuki monografikoetan aipatu zituen. Beruetek margolanak aurrez aurre ikusi ondoren egindako deskribapen zuzena, zeinean 1790eko edo pixka bat geroagoko aldi griseko tipikoa(k) direla dioen, geroagoko hainbat argitalpenetan errepikatu zen. Obren lehen argazkiak Blanco y Negro aldizkariari zor dizkiogu, 1930ean argitaratu baitzituen "Mansiones hidalgas: Zubieta en Vizcaya" ("Handikien etxeak: Zubieta, Bizkaian") artikuluaren ilustrazio gisa. Fernando de la Quadra Salcedo historialariak ere margolanei erreferentzia egin zien 1927an El Noticiero Bilbaíno-ko kolaborazio batean, eta aurrerago, 1936an, "Los Goyas inéditos de Vizcaya" ("Argitaragabeko Bizkaiko Goyak") testuan, foileto solte gisa eta Vida Vasca aldizkariko artikulu gisa argitaratua.

1936an, Gerra Zibilaren bilakaera dramatikoak hartaratuta, Eusko Jaurlaritzaren Arte Ederren Zuzendaritza Nagusiak lurraldean sakabanatuta zeuden bilduma artistikoak, hala publikoak nola pribatuak, babesteko asmoz jasotzeko ekimena jarri zuen abian. Azaroaren 13an hainbat artelan atera zituzten Zubietako Jauregitik, Goyaren hiru margolanak haien artean zirela, Bilboko Uribitarteko moilako gordetegi frankora eraman eta han zaintzeko.

Aurrerago, Gobernuak berak erabaki zuen Frantziako lurraldera ebakuatzea, Arte Modernoko Museoko artelan multzo batekin eta beste bilduma batzuekin batera, Parisen 1937an egin zen Nazioarteko Erakusketako Errepublikaren Pabiloiko erakusketaren parte izan zitezen. Hiru erretratuak 10 zenbakia zuen kutxan paketatu zituzten, zeina oraindik ere kontserbatu egiten den eta ikusgai dagoen, eta Eusko Jaurlaritzak haien legezko jabeari eman zizkien, María Adán de Yarzari, zeina orduan erbesteratuta zegoen Frantzian eta han hil zen 1947an, bere lurrera itzuli gabe, orain arte Zubietako Goyak itzuli ez diren modu berean. Francisco Javier Muñoz Fernández ikertzailearen "María Adán de Yarza: una historia de guerra, arte y exilio" ("María Adán de Yarza: gerrako, arteko eta erbestealdiko historia bat") saiakerak euskal ondare artistikoak Gerra Zibilak iraun zuen bitartean izandako gorabehera horietan sakontzen du.

Kosme de Barañanok 1989an aipatu zituen berriro desagertuta zeuden Goyaren erretratuak, saiakera batean, eta pixka bat geroago William Jordan aditu estatubatuarrak eta Juliet Wilson-Bareau espezialista ingelesak margolanak aurkitu eta aurrez aurre aztertzeko aukera izan zuten 1990 eta 1992 bitartean egindako ikerketa batean, zeinean Nigel Glendinning irakasleak ere parte hartu zuen.

Adituek obrekiko zuten interesak iraun egin zuen harrezkero, harik eta 2017ko azaroan familiak, adituek eta Bilboko Arte Ederren Museoak amankomunean zuten desioak, hau da, artelanak familiaren sorterrian ezagutarazteak, behin betiko fruituak eman zituen arte; oinordekoek onartu zuten artelanak, Pradoko Museoan oinarrizko dokumentazio teknikoa egin ondoren, Bilboko Arte Ederren Museora eramatea, aztertzeko eta zaharberritzeko, José Luis Merino Gorosperen zuzendaritzapean, zeinak aurretik Goyaren Moratín poetaren erretratua (1824) zaharberritu zuen, museoaren bildumakoa.

Garbiketa lan eroapen handikoa duela gutxi amaitu da, eta haren prozesua "Estudio técnico y restauración de las obras" ("Artelanen azterketa teknikoa eta zaharberritzea") artikuluan dago laburbilduta. Artelanak oso zikin eta inoiz zaharberritzerik izan gabe zeuden, baina, metatutako zikinkeria geruzak garbitu ostean, egiaztatu ahal izan zen kontserbazio egoera miresgarrian zeudela, eta, gainera, berezia zen artean ere lehen mihisean eta XVIII. mendeko jatorrizko euskarrietan iltzatuta kontserbatu izana. Ukitu gabeko artelana izateari esker, gainera, Bernarda Taviraren erretratuak Goyak bere eskuz idatzitako paper bat kontserbatu du gaur arte, erretratatuaren izena idatzia daukana, mihisearen atzealdean.

Dokumentazio teknikoarekin eta zaharberritzearekin batera, erretratu ia-ia guztiz ezezagunen ikerketa historiko-artistikoa Juliet Wilson-Berauren eta Xavier Brayren ardura izan da; lehenari haien aurkikuntza garaikidea zor diogu; bigarrena Wallace Collectionen gaur egungo zuzendaria eta Londresko National Galleryko Goya. The Portraits (2015) erakusketa handiaren komisarioa da. Haren "Tres retratos recuperados de Francisco de Goya y Lucientes" ("Francisco de Goya y Lucientesen hiru erretratu berreskuratu") saiakeran, artelan hauen originaltasuna ulertzeko aukera daukagu, artistak ordutik aurrera erretratugile moduan izan zuen ibilbide apartaren lehen etapa indartsuaren barruan, baita garai bereko beste artelan garrantzitsu batzuekin zuten harreman estua ere, San Carlos bankurako egindako enkarguekin, adibidez, eta bereziki Goyak data horietan haren sortzaile Francisco de Cabarrús frantses-euskaldunari egindako margolanarekin (1788).

Bilboko Arte Ederren Museoak burututako ikerketa proiektu anbiziotsuaren ondorioak, Zubietako Goyak, Adán de Yarza familiaren erretratuak argitalpen digitalean bilduak, gure museoaren webgunean eskuragai daude. Aurreikusia dago, halaber, ikerlari guztiei irekitako ikasketa jardunaldi batzuk egitea aurtengo irailaren hasieran, jabeekin adostutako erakusketa aldia amaitu baino lehen.

Ordutegia

  • Zabalik
    • Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara
    • Abenduaren 24 eta 31n, 10:00etatik 14:00etara. (Asteartea ez ezik, ohiko itxiera-eguna)
  • Itxita
    • Astearteetan (ezohiko egunetan izan ezik)
    • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an

Itxi baino 15 minutu lehenago hasten gara aretoak husten, eta ez da sarrera gehiago saltzen.

Doako ordutegia, Bilduma Iraunkorrerako
Egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Argibide gehiago

Tarifak

  • Orokorra 10,00 €
  • Murriztua
    • 65 urtetik gorakoak 8,00 €
    • 15 pertsonatik gorako taldeak 8,00 €
    • Guggenheim, Artium eta Euskal Museoaren Lagunak 5,00 €
    • Familia ugarientzat 5,00 €
  • Doan
    • Museoaren Lagunak
    • ICOM
    • 25 urtetik beherakoak
    • Akreditatutako gidariak, irakasleak eta kazetariak
    • Desgaitasuna duen pertsonak (pertsona baten laguntza behar badute bisita egiteko, pertsona horri tarifa murriztua aplikatuko zaio)
    • Langabeak

    Doako sarrerak txarteldegian soilik eskuratu daitezke.

Artean Bonoa

Sarrera bateratua, Guggenheim Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora sartzeko 17,00 €
Bi museoko txartel lehiatilan soilik eskuratu daiteke.

Audiogida

  • Bilduma iraunkorra: sarreraren prezioan sartuta, doako sarreren kasuan izan ezik (3 €). Eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Museoaren bildumatik hautatutako maisulanei buruzko azalpenak 3,00 €
  • Aldi baterako erakusketa: Erakusketa hobeto ezagutzeko eta berarekin gehiago gozatzeko baliabide didaktiko gisa, publiko orokorrari zuzendutako audiogida prestatu da, azaldutako 19 artelanen hautaketaren bitartez. Modu horretan, gutxi gorabehera, 40 minutuko iraupena duen ibilbide zabala egin daiteke bilduma osotik. Museoko txartel-leihatilan dago eskuragarri, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez 3,00 €
  • Umeentzako ibilbidea: 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat gomendatua. Eskuragarri euskaraz eta gaztelaniaz. Museoaren bildumako artelanetan oinarritutako 10 kontakizun entretenigarr

    Info gehiago
    http://www.museobilbao.com/eu/educacion.php

    Doan

Audiogida guztiak doakoak dira Museoaren Lagunentzat. Baina, betiere, libre egon behar dira.

Proiekzioak

FILMOTECA VASCA - EUSKADIKO FILMATEGIA:

  • Orokorra 3,50 €
  • Museoaren Lagunak 2,00 €
  • 25 urtetik beherakoak Doan

Antzinako eraikina, W aretoa (WAR)

Bilboko Arte Ederren Museoa. Museo plaza, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera