Beltzetik harago. Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman

Beltzetik harago.  Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman
  • Noiz

    2017/10/26(e)tik 2018/02/26(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Bilboko Arte Ederren Museoak bat egin du Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko FIG Bilbao Jaialdiaren VI. edizioarekin, eta museoko estanpen multzo zabaleko 59 grabatu izango ditu ikusgai 2018ko otsailaren 26ra arte, konposizioko elementu adierazkor gisa kolorea izatea hari gidaritzat hartuta.

Museoa elkarlanean aritzen da FIG Bilbaorekin, 2012an lehen edizioa izan zenetik, eta, harrezkero, urtero egin ditu erakusketak, hala nola Giovanni Battista Piranesi (2012), Mimmo Paladino (2014) eta Lucas van Leyden (2015) artistei eskainitako monografikoak; edota Sardiniako grabatuari (2013) eta Vivanco Bildumari (2016) buruzko erakusketa kolektiboak. Elkarlanaren oinarrian museoak paper gaineko obraren azterketari eta zabalkundeari tradizioz eskaini dion jarduera dago, haren funts ugariak 10.000 obratik gora baititu, eta horietatik 3.000 grabatuak baitira.

Ildo horretan, azken urte hauetan museoak paperari buruzko erakusketa asko antolatu ditu, bere funtsetan oinarrituta: XV. mendetik XVIII.era arteko marrazkiak eta grabatuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2005), Carlos de Haes. 

Marrazkiak eta grabatuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2006); Cézannetik Légerrera. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma (2009); Goya. Asmatutako estanpak (2012); edo, oraintsuagokoa dena, kartelgintzari eskainitako Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (2015).
 
FIG Bilbao Bilboko Arte Ederren Museoan
Hasieratik bertatik, Grabatuaren eta Papereko Artearen Nazioarteko FIG Bilbaok batera uztartu ditu merkataritzako proposamena eta obra grafikoa ezagutzeko, ikertzeko eta balioesteko planteamendua, grabatuaren kultura ezagutzera emateko, ikusleak erakartzeko eta artearen merkatua bultzatzeko asmoz.

Esparru horretan sortu da Beltzetik harago. Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman erakusketaren babesa.

Erakusketa hau urteko programazio zabalaren parte da, beste erakusketak, eztabaidatzeko mahaiak eta azaltzen ari den grafikari buruzko topaketak bezala, adibidez, datorren larunbatean, irailaren 28an, Bilboko Zabalgune eraikinean goizez izango den Open Portfolio programa bezala. Programatutako jarduerak FIG Bilbao Azokarekin batera amaituko dira, azaroaren 16tik 19ra bitartean egingo dena, Musika eta Kongresuetarako Euskalduna Jauregian, eta horrek Bilbo nazioartean emango du ezagutzera, batez ere Atlantikoko arkuan, grabatua eta paper gaineko artea zabaltzeko merkatuaren erdigune gisa.

Oraingoan, FIG Bilbaok eta museoak balio didaktikoa daukan proposamen bat hautatu dute, koloretako grabatuaren historia eskainiko baitiete ikusleei, hasieratik gaurdainokoa, bildumako 59 estanparen bidez. Museoko Bilduma Saileko buru den Javier Novok aukeratu ditu estanpak, eta erakusketaren katalogoko testua idatzi du, Espainiako grabatuari buruzko literaturari benetako ekarpen ona eginez.

Paul Cézanne, Francisco Iturrino, Joan Miró, Francis Bacon, James Rosenquist, Luis Gordillo, Eduardo Arroyo, David Hockney, Allen Jones, Robert Motherwell, Mimmo Paladino eta Cristina Iglesias dira ibilbide horretan aipatutako artista esanguratsuetako batzuk.

XV. mendetik aurrera, grabatuaren teknika izan zen irudiak ezagutzera emateko Europan gehien erabili zen sistema. Ale asko prezio merkean estanpatu ahal zirenez, eta garraiatzea eta zabalkundea egitea erraza zenez, gehienbat XVIII. mendetik aurrera, estanpak merkaturatzeko eta bildumatzeko joera azaldu zen Europa osoan. Horrela, bada, erreproduzitzeko teknikak pixkanaka hobetu ziren, eta estanpak fintzeko eta artistikoki hobeto burutzeko moduak bilatu ziren.

Horrenbestez, berehala utzi zuten bazterrean grabatuen eskuzko edertzapena, eta teknikak esperimentatzen hasi ziren, kolorea era mekanikoan sartu ahal izateko, adierazkortasuna emate aldera. Gutxi gorabehera artisautzakoak ziren zenbait prozedura probatu ondoren ‒besteak beste, Europako iparraldean estanpatze xilografikoak egin zituzten, zurezko hainbat ziri erabiliz ingerada eta itzaletan, tonuerdi eta argietan; Italian chiaroscuro teknika zegoen, eta Ingalaterrako grabatzaileek erruz erabili zuten mezzotinta‒, XVIII. mendean sistematikoki hasi ziren koloretako grabatua ekoizten Frantzian. Jean-François Janinet, Gilles Demarteau –haiek egindako bi eta hiru estanpa ditugu ikusgai, hurrenez hurren– eta beste artista batzuek ez zuten elementu osagarri huts gisa erabili; haientzat, ezinbesteko osagaia izan zen, teknika honek zituen adierazpideen barruan, eta hainbat xafla gaininprimatzen zituzten, bakoitzak kolore-arloa ondo zedarrituta zuela. Iraultza hori 1796an burutu zen Alemanian, Aloys Senefelderrek litografia asmatu zuenean.

XIX. mendean, Japoniako artistek izugarrizko abilezia lortu zuten koloretako grabatua egiten; zabal hedatu zen eta garrantzi handia izan zuen lanen corpusa hezurmamitu zuten. Erakusketan obra horietako batzuk ditugu ikusgai, museoan ekialdeko arteko Palacio bildumak lagatako grabatuen multzo bikain eta ugaria baitago. Herri-inspiraziokoa zen ukiyo-e generoko pintura berezia da, eta Utamaro, Hokusai eta Hiroshige artistak dira genero horretan adierazgarrienak.

Koloretako hozkadura berezi horiek zabal mugitu ziren Europako pintoreen artean, eta, azkenean, bertako artistek estilo horretako motiboak, enkoadraketak eta tinta lauak bereganatu zituzten. Aldi berean, Parisko zirkuluetan, koloretako litografiaren goraldia izan zen. Erakusketan ditugun Chéret edo Cézanneren lanak horren adibide argia dira.

Ordutik aurrera, artista ugarik sartu zuten kolorea sistematikoki paperezko produkzioan, besteak beste, Cezánne, Miró, Iturrino, Bacon, Jim Dine, Joseph Beuys, Cy Twombly, Vieira da Silva eta Zao Wou-Kik.

XX. mendean, arte grafikoak ‒besteak beste, litografia, carborunduma, serigrafia eta offseta‒ ugaltzearekin eta prozedurak merkatzearekin batera, panorama izugarria zabaldu zen artistentzat, lehen abangoardiekin hasi eta gaurdaino iritsi arte. Man Ray, Joan Miró eta Roberto Matta eragin surrealistaren adibide gisa ditugu erakusgai; Oskar Kokoschka, berriz, gerra garaiko Europako kartelgintza politikoaren adibide paradigmatikoa da.

Mendean barrena, kolorea elementu nagusi gisa duten joera artistiko batzuek –hala nola espresionismo abstraktuak, pop arteak edo Colour Field deitutakoak– koloretako grabatua erabili zuten, euskarri ezin hobea baitzen beraien lorpenak gauzatzeko eta gizartean hedatzeko.

Horrela jokatu zuten, besteak beste, Robert Motherwell, James Rosenquist, Allen Jones, Richard Hamilton, Jim Dine, David Hockney eta Kenneth Noland artistek. Bestetik, Alemaniako Jörg Immendorff eta Georg Baselitz neoespresionistek linolioa berreskuratu zuten. Horrez gain, bestelako berezitasunak aipatzearren, teknika mistoak sartu zituzten, esate baterako, Mimmo Paladino, Enzo Cucchi, CyTwombly eta Larry Riversen obretan.

Espainiako artean, serigrafia da 60ko hamarkadatik aurrera gehien erabili zen prozedura. Erakusketan, Luis Feito, Alfredo Alcaín, Luis Gordillo, Equipo Crónica eta Rafael Canogar artisten adibide gailenak bildu ditugu, besteak beste.

Azkenik, erakusketa honen bidez, aukera ona daukagu museoaren bildumako zeharkako ikuspegia erakusteko, garai desberdinetako eta nazioarteko maisuek egindako hainbat alerekin, grabatuan ardura berezia jarriz jardun zuten euskal artistak barne hartuta, hain zuzen, Francisco Iturrino, Darío de Regoyos, Gabriel Ramos Uranga, Mari Puri Herrero, Andrés Nágel, Marta Cárdenas eta Cristina Iglesias.

Ordutegia

Zabalik
Asteazkenetik astelehenera, 10:00etatik 20:00etara
Abenduaren 24 eta 31n, 10:00etatik 14:00etara. (Asteartea ez ezik, ohiko itxiera-eguna)

Itxita
Astearteetan (ezohiko egunetan izan ezik)
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an

Itxi baino 15 minutu lehenago hasten gara aretoak husten, eta ez da sarrera gehiago saltzen.

Doako ordutegia, Bilduma Iraunkorrerako
Egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Argibide gehiago

Tarifak
Orokorra: 9,00 €

Murriztua: 7,00 €
Ikasleak
25 urtetik beherakoak
65 urtetik gorakoak
15 pertsonatik gorako taldeak

Familia ugarientzat: 4,50 €


Audiogida
Bilduma iraunkorra: sarreraren prezioan sartuta, doako sarreren kasuan izan ezik (3 €). Eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Museoaren bildumatik hautatutako maisulanei buruzko azalpenak.
3,00 €
Aldi baterako erakusketa: eskuragarri euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Azalpenezko ibilbidea, aldi baterako erakusketan zehar.
3,00 €
Umeentzako ibilbidea: 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat gomendatua. Eskuragarri euskaraz eta gaztelaniaz. Museoaren bildumako artelanetan oinarritutako 10 kontakizun entretenigarri. Doan
Audiogida guztiak doakoak dira Museoaren Lagunentzat. Baina, betiere, libre egon behar dira.

Doan
Museoaren Lagunak
ICOM
12 urtetik beherakoak
Akreditatutako gidariak, irakasleak eta kazetariak
Minusbaliatuak (pertsona baten laguntza behar badute bisita egiteko, pertsona horri tarifa murriztua aplikatuko zaio).
Langabeak

Artean Bonoa
16,00 €
Sarrera bateratua, Guggenheim Museora eta Bilboko Arte Ederren Museora sartzeko. Bi museoko txartel lehiatilan soilik eskuratu daiteke.

Babeslea: 
FIG Bilbao

33. Aretoa

Eta gainera