Artea eta Txina 1989 ondoren. Munduaren antzerkia

  • Noiz

    2018/05/11(e)tik 2018/09/23(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkiaerakusketak arte garaikideko mugimendu ausart baten sormen-adierazpenak aurkezten ditu; Txina modernoaren eta munduaren historiako aldirik eraldatzaileenean sortu zen mugimendu hori.

Artea eta Txina 1989 ondoren Solomon R. Guggenheim Museum-ek antolatu du, eta Txinan eta oro har mundu osoan lanean aritu diren 71 artista eta talderen lanak biltzen ditu.

Artista horien probokazioek ideologiarik gabeko errealitate bat landu nahi dute, banakoak taldetik kanpo duen eginkizuna indartu, eta Txinako esperientzia garaikidea zehaztu, ikuspegi unibertsaletik.

Gerra hotzaren bukaera eta 2008ko Olinpiar Jokoak mugatzat hartuta, globalizazioaren hasierak eta Txinaren mundu-mailako gorakadak definitutako denboraldian egindako esperimentazio artistikoa aztertzen du erakusketak.

Erakusketaren izenburua, Munduaren antzerkia (Theater of the World, 1993), Parisen bizi den Huang Yong Ping artistaren instalazio batetik hartu da.

Kaiola-formako pieza horrek hainbat espezietako intsektuak eta narrastiak ditu barruan.

Globalizazioaren aroaren metafora bat da, eta kosmologia txinatarrean eta Michel Foucaulten modernitatearen kritikan oinarritzen da, baita Ilustrazioaren garaiko mendebaldeko ideietan ere (alegia, panoptikoa kontrol-egitura gisa erabiltzeari buruzkoetan).

Arteari eta Txinari dagokionez, 1989. urtea hasiera eta amaiera izan zen aldi berean.

Ekainaren 4an Tiananmengo plazan ikasle-mugimenduak jasan zuen errepresioak amaiera eman zion esplorazio politiko, intelektual eta artistiko ireki samarreko hamarkada bati.

Orduan hasi ziren erreformak; garapen bizkorraren, nazioarteko interkonexioen eta aukera indibidualen garai berri bat bultzatu zuten, autoritarismoaren pean egin ziren arren.

Gertatzen ari ziren aldaketa masiboak areagotu zituzten artistek, baina eszeptiko ere agertu ziren haien aurrean.

Nazioarteko arte kontzeptualaren jarrera kritikoa eta proposamen irekiak berenganatu zituzten performanceak, margolanak, argazkiak, instalazioak eta bideoarteko piezak sortzeko; halaber, era guztietako aktibismo-proiektuak ere jarri zituzten martxan, eta gizartea zuzenean inplikatzea nahi izan zuten.

1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran nabarmendu ziren artista horiek; hain zuzen ere, Mendebaldeko artea ekoizpen-zentro tradizionaletatik harantzago begiratzen hasi zenean, arte garaikide globalaren fenomenoa forma hartzen ari zen artean.

Artea eta Txina 1989 ondoren erakusketak garbi uzten du eginkizun erabakigarria izan zutela Txinako artistek bilakaera hartan.

Cocurators: Alexandra Munroe, Philip Tinari, Hou Hanru

Ordutegia

Asteartetik igandera:
10:00etatik 20:00etara

Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita

Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak

Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira.

Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.

Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Guggenheim Bilbao Museoa. Abandoibarra etorbidea, 2. 48009 Bilbo (Bizkaia)

Eta gainera