Anni Albers. Ikusmena ukitu

Anni Albers. Ikusmena ukitu
  • Noiz

    2017/10/06(e)tik 2018/01/14(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Sarrera
Anni Albers-en (Berlin, 1899–Orange, Connecticut, AEB, 1994) obrari egindako hurbilketa zehatza da erakusketa hau. Izan ere, artista nabarmena izan zen Albers, pinturari nahiz ehungintzari dagokien lanaren originaltasunagatik, bai eta gizadia bezain antzinakoa den ekoizpen-modu horren material eta tekniken gaineko ezagutza sakonagatik ere. Anni Albers: ikusmena ukitu erakusketak arreta berezia ipintzen du epealdien eta lan-sail ezberdinen arteko loturetan, eta artistaren jardunean behin eta berriz errepikatzen diren motibo eta ideiak azpimarratzen ditu baina sormenezko adibide esperimentalekin erkatuz; halaber, funtsezko pentsamendu humanista baten indarra ere islatzen du, artistaren garaiko artistengan nahiz etorkizuneko belaunaldietakoetan eragina izan zuena

The Josef and Anni Albers Foundation erakundearekin elkarlanean antolatu da erakusketa hau eta nazioartean Fiber Art gisa ezagutzen den ehungintza-artearen birjaiotza modernorako aitzindaria den emakume honen lanaren bikaintasuna azpimarratzea du helburu. Albersek kolonaurreko kultura nahiz industria modernoa ere izan zituen inspirazio iturri, baina ehungintza artisau-lana eta emakumeei zegokien lana zelako usteak gainditu zituen. Erreferentzia bat izan zen, bai ehun-bilbearen tratamenduan egindako berrikuntzengatik, bai eta ehunaren motiboak eta funtzioak etengabe bilatzeagatik ere; horrez gain, gizakion historian garrantzi sakona izan duten arren, modernitateak “genero txikitzat” jo dituen ikusizko praktiken bitartez —ehungintza eta grabatua— Albersek aurre egin zion pinturaren paper gailenari. Objektuarekin egiazko kontaktu bat nahi zuenez, artistak behin eta berriz ekoitzi zitekeen diseinu gisa birdefinitu zuen artelana, eta publikoarentzat obrak irisgarriagoak izan zitezen proposatu zuen.

Anni Albers: ikusmena ukitu erakusketa artistaren begirada hunkigarri bezain ukigarriari eskainitako omenaldia da, kontzeptuetan bilatzen duen purutasunari eta lana burutzeko argitasunari egindako gorazarrea.

Forma-produkzioa eta esperimentazioa
1922an Anni Albers-ek Weimar hiriko Bauhaus abangoardiako eskolan sartu zen; bertan ezagutu zuen bere senarra, Josef Albers margolaria. Anni ikasle saiatua zen eta ehule fina bilakatu zen; izan ere, 1929–1931 urte bitartean Gunta Stölzl irakaslearen laguntzailea izan zen eta ordezko lanak egin zizkion ehungintza-tailerraren zuzendari gisa behin baino gehiagotan. 1933an Nazien alderdiak erakundea itxi zuenean, Albers senar-emazteak Ipar Carolinara (AEB) joan ziren bizitzera, eta gerora modernitate estatubatuarraren eredu izango zen eskola libre bateko irakasle gisa kontratatu zituzten bertan, Black Mountain College-n hain zuzen. 

Erakusketa honetan bi epealdietako lanak daude erakusgai; izan ere, Albersen sormen-pentsamendua modu erabakigarrian garatu zen garai haietan. Alde batetik, Bauhaus-eko piezen artean daude ehunak egiteko prestakuntza-marrazkiak (horietako batzuk hamarkada asko beranduago ekoitzi edo errepikatuko zituztenak, batzuk Annie hil ostean ere), bai eta ehun bakun eta funtzionalen inguruan egindako ikerketa-lanen laginak ere. Bestetik, 1940ko hamarkadan egindako lanek agerian uzten dute Black Mountain-eko arte-komunitatearen baitan esperimentatzeak eduki zuen efektu askatzailea; izan ere, bertan, aurretik landutako ideia razionalistek ezusteko intuiziozko lirikotasuna hartu zuten. Garai berean sortu zuen Albersek “ehun piktoriko” terminoa, ehungailuan eskuz egiten zituen tapizak izendatzeko. Erakusketa honek aukera ematen du maila formalean Albersen lanean gertatutako eraldaketa ikusteko: hasierako lanetan eskema ortogonalak nagusitzen baziren ere gutxinaka-gutxinaka motibo libreagoak sartuz joan zen eta testura eta koloreen arteko elkarrizketa zuzena landu zuen geroagoko lanetan, inoiz alegiazko begitazio edo paisaiak iradokitzen dituztenetan. Garai honetako hautaketa honetan 1950ko hamarkadaren hasierako lanetan garatuko zituen aurrerabideak iragartzen dituzten adibideak daude; bai eta Josef senarrarekin Latinoamerikatik egindako bidaiak dokumentatzeko prestatutako gune bat, haien bilduma pertsonalerako han erositako antzinako ehungintza adibideak barne hartzen dituena —izan ere, bidaia haietan inspirazio iturri emankorra topatu zuen Anni Albersek—.

Testuak eta ehungintza: hariari jarraituz
Albersek AEBko arte-eszena bizian izan zuen presentzia erabakigarria izan zen artistak arte-forma eta -praktika berriekiko aldarte emozionala irekiagoa izateko eta hark zeukan ehungintzarekiko ikuspuntu berezia taxutzeko. New Yorkeko Museum of Modern Art-ek 1949an antolatu zion bakarkako atzera begirakoari esker haren sona finkatu zen, batez ere erakusketa ibiltaria izan zelako, AEBko museo askotara bidaiatuz. Alberstarrak Black Mountain College utzi eta hil artean bizitoki izango zuten Connecticutera alde egin zutenean, Albersek lan pedagogikoa eta esperimentazio artistikoa tartekatzen jarraitu zuen, ehungintza-arte modernoaren garapenean giltzarri izan diren hainbat testu idatzi artean. Erakusketa honetan bere helduaroko ehun piktorikoen hautaketa bat aurkituko dugu; bertan motibo grafiko berriak sortzen dira: antzinako idatziak gogorarazten dizkiguten motiboak dituzte eta erritmoaren araberako irakurketa bat egiteko gonbitea luzatzen dute. Testuaren eta ehunaren arteko hibridoak dira ehun piktoriko horiek, mihisearen eta orriaren artekoak, bilbe eta irazki hutsez egindako euskarri batean; Albersek horiek garatzen jardun zuen, 1968an ehungailua behin betiko utzi zuen arte. 

Aldi berean, bere ehunentzako prestakuntza-marrazki eta -gouacheak birpentsatzen hasi zen artista, eta hausnarketa horrek teknika grafiko berriekin esperimentatzera bultzatu zuten Annie Albers eta horiek erabiliz sei irudiz osatutako sail bat sortu zuen 1964an, Lerro-loturak izeneko portfolioan bilduta argitara eman zituenak. Grabatugintzan eta inprimaketa grafikoko teknika desberdin horietan, Albersek ikerketa bisualerako gune berri bat aurkitu zuen, ehungintza-lana erabat ordezkatuko zuena. Lehen lan grafiko horiekin batera zirriborro, diagrama eta argazkiak daude ikusgai; Anni Albersen garapen teorikoari lotutako elementuak dira, eta 1965ean argitaratuko zuen Ehungintzaz (On Weaving) funtsezko lanean islatu ziren.

Hausnarketa eta banaketa: eremu grafikoa
Serigrafiak, urtintak, litografiak eta offset inprimaketak baliatuta, artistak modu berriak bilatu zituen lehenagotik egindako ehungintza-piezetarako prestakuntza-marrazkietan landu zituen kontzeptu bisualak jorratzeko. Adibidez, grabatuetan erabiltzen diren prozesu kimikoekin egin zituen saiakerak bere garaiko estanpazio-tailer onenetako batzuekin lanean aritu zen garai berekoak dira. Baliabide horiei esker Albersek aurretik egindako lan guztiari buruzko hausnarketa egiteko bidea aurkitu zuen. Horren erakusgarri da Konexioak (Connections) portfolioa, non ia sei hamarkadatan zehar egindako lanetako mugarri bisualak laburbiltzen dituen.  

Grabatuari esker Albersek baliabide ezin hobea aurkitu zuen konposizio-eredu berriak eta aldaera bisual ia amaigabeak saiatzeko. Konplexutasun grafiko handiagoak lortzeko, triangelu- nahiz erronboide-eskemak zituzten lanak egin zituen, lerroen eta harien, marrazkien eta ehunen arteko egitura-loturak ezartzeko. 

Aipatu forma horiek lerro katramilatsuen azterketak biltzen zituzten piezekin tartekatu zituen; labirintoak, korapiloak eta hari matazak gogora ekartzen zituztenak. Askotan diseinu horiek ekoizpen handiko ehun-diseinuetara eraman zituen, garai artako hainbat fabrikatzaileekin elkarlanean. Artista hil zenetik ere horrela egiten jarraitu du The Josef and Anni Albers Foundation-ek, hark horrela eskatuta. Izan ere, industriarekin egin zituen lankidetza horiekin Albersek diseinua publiko zabalarentzat eskuragarri jarri nahi zuen, Bauhaus-ek beti defenditu zuen ideiarekiko zuen atxikimendua aldarrikatuz, hau da: artea eta diseinua formak ekoizteko eremu berean sartuta daudela eta forma artistikoak berdintasunez hedatzeko prototipoak sortu behar direla. Izan ere, Albersen lanaren azken aldi honetan agerian daude parean joan zirela ehun-produktuen eta objektu grafikoen industrializazioa, arte-objektua demokratizatzeko ahaleginak eta sortzaileen indibidualismoari egindako kritika inplizitua.

Ordutegia

Asteartetik igandera:
10:00etatik 20:00etara 
Astelehenetan: itxita, uztail eta abuztuan izan ezik
Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita
Abenduaren 24an eta abenduaren 31n museoak 17:00etan ixten du.

Argibide gehiago

Tarifak:
Museoaren tarifak programazio artistikoaren eta bisitariaren profilaren arabera aldakorrak dira. 
Sarrerak jardunaldi guztian zehar museoaz gozatzeko aukera ematen du, beraz, irten eta berriz sartzeko aukera dago.
Sarreren aldez aurretiko salmenta: www.guggenheim-bilbao.es online ticketak aukeran.

Eta gainera