Afroditari eskainitako erakusketa bat zabaldu da Berreginen Museoan, Begoñazpi ikastolako ikasleen ideia bati tiraka

  • Noiz

    2017/10/26(e)tik 2018/05/20(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Bizkaiko instituzioak aldi baterako erakusketa bat antolatu du 2017ko urriaren 26tik 2018ko maiatzera bitartean, amodioaren jainko greziarra edo Venus erromatarra hizpide: Afrodita. Caos. Desioa. Sexo. Amodioa?

Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berri bat zabalduko du: Afrodita. Caos. Desioa. Sexo. Amodioa? Begoñazpi ikastolako ikasle-talde batek proposatu zuen halako erakusketa bat antolatzea, izan ere, eskola-proiektu bat garatu zuten Bizkaiko instituzioarekin elkarlanean.

DBHko 4. mailako ikasleek hezkuntza-proiektu bat garatu zuten duela urtebete, Museoko funtsak eta espazioa abiapuntu gisa harturik. Ikastolako ikasleek formatu txikiko erakusketak diseinatu zituzten, irakasleen eta teknikarien laguntzaz. Ikasturtearen amaieran, ebaluazio-mahai bat antolatu zen: lanak aztertuta, konturatu ziren benetako erakusketa bat antola zitekeela Irene Campillok eta Olatz Gonzálezek (Pink Ladies) proposatutako lanaren harira: Amodioaren bila.

Orain, proiektua gauzatu du Berreginen Museoko lan-taldeak. Ikasleen abiapuntua hauxe zen: amodio-motak aztertu nahi zituzten (erromantikoa, anaiartekoa, platonikoa…), hainbat garaitako eskulturetan adierazten zenaren arabera, eta Afroditaren eta Venusen figurek haragiztatzen zuten amodioaren kontzeptuari tiraka. Museoak hasierako asmoa birplanteatu du, eta Afroditaren irudiari eman dio garrantzia: halaxe erakutsiko da amodioa oso ezberdin ulertzen zela Antzinako Grezian eta gaur egunean.

Otsailaren 14an, geziz eta haurtxo hegalariz betetzen da dena, maitasunari eskainitako eguna ospatzeko. Eros greziarraren eta Kupido erromatarraren bertsio modernoak dira haurtxo horiek. Eros, ordea, ez zen hain samurra, eta antzinako jendeak beldur itzela zion. Afrodita. Caos. Desioa. Sexo. Amodioa? erakusketan 11 obra eta 3 koadro-inpresio bilduko dira (bi Boticellirenak eta bat Rubensena), eta bete-betean erakutsiko da Afroditaren mundua, huraxe baitzen maitasunaren jainko greziarra eta Erosen ama.

Bidaia honi esker, jendeak jakingo du greziarrentzat indar kontrolaezin eta suntsitzailea zela amodioa. Gaur egun, Afroditak sortzen zituen pasioak krimen gisa ikusiko genituzke, izan ere, arrazoimena eta auto-kontrola birrintzen zuten, eta bortizkeria eragiten: bahiketak, bortxaketak eta bestelako krimen guztiz makurrak hauspotzen zituen Afroditaren indarrak.

Erakusketan hainbat eskultura erakutsiko dira (Miloko Venus, Cnidosen Afrodita eta Ludovisi tronua, besteak beste), eta hiru ataletan banatuko da: lehenik, Afroditaren izaera aztertuko da (jaiotza, nortasuna…); bigarrenik, amodioaren eta sexu-desiraren jainko gisa izandako eginkizunak aztertuko dira (desira hori aurreikusi ezina zenez, eta gizarteak kulturalki kontrolatzen zuenez, arriskua eta antsietatea zekartzan sarri, eta horri erreparatuko zaio bereziki); eta, azkenik, arakatuko da Afroditak eta haren mitologiak zer-nolako harremana zeukaten panteoi olinpikoko jainkotasun nagusiekin.

Erakusketa honek honakoak lantzen ditu: maitasuna, sexua, Grezia, mitologia… Merezi du erakusketa ikustea, egitasmo guztiz berezi batetik abiatu baitzen, gainera.

Ordutegia

  • Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara
  • Igandeetan: 10:00etatik 14:00etara
  • Itxita: astelehen eta jaiegunetan.

Argibide gehiago

Tarifak

  • Sarrea orokorra: 3,00 €
  • Murriztua (ikasleak eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeak): 1,50 €
  • Doainekoa: pentsionistak, 10 urte baino gutxiagoko umeak eta irakasleak
  • Osteguna: Museoaren eguna

Eta gainera