“Xabier Saénz de Gorbearen Gernikak. In memoriam”

  • Noiz

    2017/04/24(e)tik 2018/01/21(e)ra

  • Web

    Bisitatu

Busturialdea

Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herria Museoaren eskutik “Xabier Saénz de Gorbearen Gernikak. In memoriam” erakusketa aurkezten du Xabier Saénz de Gorbearen omenez. Gure Artea 2012 sariduna, euskal kulturaren erreferente aparta izan zen, hainbat bidetatik: Unibertsitateko irakaskuntzan, Deia egunkarian kritikari gisa egindako lanetan, bere argitalpen eta komisariatuetan, Euskal Artearen eta artisten alde azaldutako altruismoan… Eta bere energiaren parte handi bat Gernikari eskaini zion, bai komisariatu batzuetan (Artea Gernikan 1937-1987, Pospot, 1998), bai epaimahaikide moduan eta baita udal eskulturen dibulgatzaile gisa ere. Arteagatik eta herriagatik sentitzen zuen maitasuna Euskal Herria Museoarekin hamasei urtez izandako harremanean islatu zuen, hau da, “Hilobi-eskultura Publikoa eta Euskal Eskultoreak 1870-1936”  Erakusketarekin 1999an hasi zen harremanean.

Zalantzarik gabe, baina, Gernikan utzitako obra nagusia bere “Gernikak” dira, berak komisariatutako eta ikertutako zortzi erakusketa: Remigio Mendibururen Gernika (2008), Nestor Basterretxearen Gernika (2009), Jorge Oteizaren Gernika (2010), Ramón Carreraren Gernika (2011), Ortiz de Elgearen Gernika (2012), Azken Gernikak - Ultimos Gernika (2013), Aranoa eta Geuzalaren Gernikak. Eresoinka kasua, - Los Gernikas de Aranoa y Guezala. El caso Eresoinka, (2014) eta Bartzelonako Gernikak - Los Gernika de Barcelona (2015). Xabierrek aukeratutako obra batzuk eskultura publikoak izan dira geroago; beste batzuk ondorengo erakusketetan sartu dira. Halaber, artelan batzuen autoretza ezezaguna argitu eta Bonbardaketari buruzko gogoeta artistiko eta historiko berriak ere bultzatu zituen. 

80. urtemugako erakusketa honetan, gure maisu eta laguna omendu nahi izan dugu, gutxi izan baitira Gernikarekin bera bezainbeste konprometitu direnak. Horretarako, bere lankidetza eskuzabalaren bidez, Museo honentzat sortu zituen erakusketak laburbildu ditugu. Hainbat izan dira, Xabierren figura goraipatu asmoz, proiektu honekin bat egin duten lagun eta artistak, adibidez Kepa Garraza, Javier Arce edo Ibon Aranberri. Besteak beste, Windsor Galeriaren eskuzabaltasunari esker Mendiburu eta Carreraren lan originalak ere ikusgai izango dira. Hauek egindako ekarpenez gain, pantaila batean, udalerriari, Bonbardakeari eta Museoari buruz kazetari gisa plazaratu zuen produkzio osoa dago bilduta erakusketan; baita berton egin zuen lanarekin lotutako testigantza grafiko batzuk jasotzen dituen DVD bat ere.

Xabierren jakintzaren zati bat da soilik. Ideiarekin hartuta zuen konpromisoari esker, bere azken erakusketak, “Bartzelonako Gernikak”, bizirik iraun du horma hauen artean, bera hil eta gero bukatu bait zen. Garbi dago, jakina, orain proiektu honen fase bat bukatzen dela. Baina badugu, bere eredu, irmotasun eta jakintzari esker, etorkizunean gidatuko gaituen argirik. 

Erakusketa hau betetzeko, Xabierren bikote eta museoko ezinbesteko kolaboratzaile izan den Sonia Ruedak, CD formatuko katalogo bat prestatu eta diseinatu du. Bertan, Xabierrek Euskal Herria Museoan egindako erakusketa guztien informazioa agertzen da digitalizatuta. Honen helburua datozen belaunaldiek bere lana ezagutzea eta egindako lana eskertzea da.

Ordutegia

  • Asteartetik larunbatera:
    10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara
  • Igandeak:
    10:30etatik 14:30etara
  • Jai egunak:
    10:30etatik 14:30etara, eta 16:00etatik 19:30etara
  • Astelehenak:
    itxita, uztaila eta abuztuko astelehenak eta urriko azken astelehena izan ezik

Argibide gehiago

Tarifak

  • Orokorra: 3,50 €
  • Murriztua: 1,75 €
  • Larunbatak: dohain

Eta gainera