"Bilbo Zinemaz Blai" film laburren IV zikloa: Ahaztu Ezinkeo Bost

  • Noiz

    2018/05/03(e)tik 2018/05/31(e)ra

  • Ordua

    19:00etan

  • Web

    Bisitatu

Bilbao

Euskal Museoak Zinemaz Blai film laburren zikloa sendotuko du, ahaztu ezineko zenbait bilbotarri omenaldia eginez, hala nola, Mariví Bilbao, Carlos Bacigalupe eta Alex Angulori.

Bost saioren bitartez, aukera ederra izango dugu Mariví Bilbao, Alex Angulo, Aitor Mazo eta Joseba Prieto aktoreen eta Carlos Bacigalupe kazetariaren legatuaz gozatzeko. Terele Pávez aktore bilbotarra ere omenduko da.

Ziklorako sarrera dokoa da; parte hartzeko, ezinbestean joan behar da museora sarrera hartzera, edo, bestela, e-postaz eskatu (apirilaren 16tik aurrera). Plaza-kopurua edukiera mugatua da.

Besteak beste, film hauek ikusteko aukera egongo da: Éramos pocos, Mirindas asesinas, Bihotzez eta Malas vibraciones.

Euskal Museoak ateak zabalduko dizkio aurten ere zinemaren munduari, ondoz ondoko laugarren aldiz,

Zinemaz Blai film laburren ziklo arrakastatsua eskaintzeko. Aurten, proiekzioak ostegunetan izango dira, maiatzaren 3, 10, 17, 24 eta 31n, 19:00etan; eta omenaldia egingo diete orain dela gutxi gugandik aldendu diren, zinemaren munduarekin lotura duten eta benetako erreferenteak diren zenbait bilbotarri.

Besteak beste, Mariví Bilbao, Alex Angulo, Aitor Mazo eta Joseba Prieto aktoreak eta Carlos Bacigalupe kazetaria izango dira Zinemaz Blai zikloko protagonistak. Horrez gain, Terele Pávez aktore bilbotarra ere ageri-agerian egongo da.

Proiekzioekin batera, solasaldi bat izango da beti, Alberto López Echevarrieta kazetariaren eskutik, eta, bertan, ahaztu ezineko bilbotar horien hurkoak izandako pertsonek hartuko dute parte. Javier Rebollo errealizadoreak, Arturo Trueba zuzendariak, Juan Bas idazleak, Pedro Olea zuzendariak, Bilbao egunkariaren zuzendari ohia den Elena Puccinik, Pedro Barea antzerki-kritikariak, Antonio Cristóbalek, Patxo Telleriak, eta Ramón Barea eta Juan Viadas aktoreek esku hartuko dute zikloan.

Besteak beste, film hauek ikusteko aukera izango dugu: Éramos pocos, Borja Cobeaga; Mirindas asesinas, Alex de la Iglesia; Bihotzez, Pedro Olea; eta Malas vibraciones, David Pérez Sañudo.

Ziklorako sarrera doakoa da; parte hartzeko ezinbestean joan behar da museora sarrera hartzera, edo, bestela, e-postaz eskatu (apirilaren 16tik aurrera). Plaza-kopurua mugatua da.

Hona hemen 'Ahaztu ezineko bost' izeneko dokumentalen zikloaren programazioa:

1. Saioa: osteguna, maiatzaren 3a. 19:00. MARIVÍ BILBAO. EL ÚLTIMO PITILLO

Aktore honek Instituto Vascongado de Cultura Hispánica-ren taldean eta Akelarren hasi zuen ibilbidea, talde hori 1967an sortu zenetik. Besteak beste, lan hauek muntatzeko lanetan parte hartu zuen: Otelo, Shakespeare; Mirando hacia atrás con ira, Osborne; El otro eta Fedra, Unamuno; Luces de Bohemia, Valle-Inclán; Las criadas, Genet; eta Irrintzi eta Guerra ez, Iturri. Film laburrekin hasi zen zineman, eta gero film luzeak ere egin zituen, honezkero euskal zinemaren hastapenetako film enblematikoak direnak: Siete calles, Rebollo eta Ortuoste; Akelarre, Olea, etab.

Telebistan agertu zenean, arrakasta izugarria lortu zuen. Aquí no hay quien viva eta La que se avecina telesailetan, ikus-entzuleen arreta bereganatu zuen. Arlo pertsonalean, txirenea izateaz gain, etsi gabe defendatu zuen Bilbo, bere jaioterria; eta, hori dela eta, hiribilduko Udalak "Ohorezko bilbotarra" titulua eman zion. Euskal Herrian egindako ongintzako kanpainetan parte hartu zuen: adibidez, "Busti zaitez esklerosi anizkoitzaren alde" izenekoan. 2006an Aste Nagusiko pregoilaria izan zen.

Bilbon hil zen 2013ko apirilaren 3an.

Saioan, Alberto López Echevarrietak aktorearen biografia aurkeztuko du, eta haren arlo artistikoaz eta bereizgarri pertsonalez hitz egingo du.

AGUR TXOMIN filmaren proiekzioa (1979), Rebollo eta Ortuoste. 13

1950ean Otxandion izandako benetako gertaeretan oinarritutako istorioa. Txominek errepresio gogorra eta latza jasotzen du familian.

Hau da Mariví Bilbaok zineman egin zuen lehenengo lanetako bat. Errealizadore berberen 7 calles (1981) film luzea egiteko bide eman zion, eta, horri esker, “Fotogramas de Plata” sarirako izendatu zuten haren lana.

Filmaren errealizadore Javier Rebollori elkarrizketa egingo zaio, eta, hala, Marivík zinemarekin izan zuen lehen harreman horretaz, eta gero 7 calles filmean –bertan, aktoreak bakarrizketa luzea egin zuen euskaraz–, eta Calor y celos eta Marujas asesinas lanetan izan zuen protagonismoaz jardungo du.

ÉRAMOS POCOS filmaren proiekzioa (2005), Borja Cobeaga. 15

Aita eta semea ez dira gai etxeko lanak egiteko. Amak bakarrik uzten ditu, tamalgarriak direlako, eta, orduan, amama zaharren egoitzatik ateratzea erabakitzen dute, janaria prestatu eta etxea garbitu dezan.

Hollywoodek film labur honi esker izan zuen Mariví Bilbaoren berri, Oscar sarietarako aukeratu baitzuten.

Filmak ez zuen estatuatxo preziatua eskuratu, baina Mariví zinemako aktorerik ospetsuenen alfonbra gorriaren gainetik ibili zen.

Arturo Truebari elkarrizketa egingo diogu, eta aktorearen nortasuna izango du hizpide. Trueba, La ría del ocio argitalpenaren zuzendaria izateaz gain, Marivíren eta haren bigarren senarra den Javier Urquijoren lagun mina da.

Mariví Bilbaoren senide batek esku hartuko du.

LA PRIMERA VEZ filmaren proiekzioa (2001), Borja Cobeaga. 17.

Begoña sekula harreman sexualik izan ez duen andre zahar bat da, eta, horiek horrela, gigolo batengana jotzen du.

2001eko Goya Sarietarako izendatutako film laburra.

Saioan barrena, oraintsu galdu dugun beste aktore bat ere izango da hizpide: Terele Pávez, 1939ko uztailaren 29an Bilbon jaioa, eta Álex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi lanean aktoreen zerrendako emakume aktorerik onenaren Goya saria eskuratu zuena. Madrilen hil zen 2017ko abuztuaren 10ean.

2. Saioa: osteguna, maiatzaren 10a. 19:00. JOSEBA PRIETO. TODO UN PINCEL

Bilboko Zazpikaleetan jaiotako Joseba Prietok inspirazio goiztiarra izan zuen plastikarako, eta horrek sorkuntza artistikorako eremua zabaldu zion, Publicidad Pregón enpresaren bidez. Marka komertzialen kartelak pintatzen hasi zen, eta gero zinemara eta telebistara jo zuen. Errealizadore handiek harengana jo zuten, beraien filmetako publizitateko kartelak sina zitzan. Haren irudiekin hainbat filmen sustapena egin zuten, besteak beste, hauenak: ¿Quién puede matar a un niño?, Chicho Ibáñez Serrador; La trastienda, Jorge Grau; Las largas vacaciones del 36, Jaime Camino; Colegas, Eloy de la Iglesia; eta Pedro Olearen lan askorena:La casa sin fronteras, El bosque del lobo, Un hombre llamado Flor de Otoño eta haren obrarik gogokoena zen Pim, pam, pum… fuego.

Pedro Olearekin elkartu zen Durango Film ekoiztetxe zinematografikoa sortzeko. Bere anaia bikia zen Martinekin esku hartu zuen La casa de los Martínezlanaren bertsio zinematografikoan (1971), bikiak ere ziren Teresa eta Fernanda Hurtadorekin bikotea osatuta. Bi anaiek euskal dantzaren sekretuen berri izan zuten Dindirri taldeko Arestiren eta Goitiaren eskutik. Dantza klasikoa ere jorratu zuten, hain zuzen, Schumanen Inauteria eta Heitor Villa-Lobosen Bachianas brasileiras.

Bilbon hil zen 2017ko urtarrilaren 10ean.

Saio honi ekiteko, Alberto López Echevarrietak zehatz azalduko ditu Joseba Prietoren bizitza eta lana, artistak sortutako kartelak erakutsiz. Horietako batzuk Zinebi, Bilboko Zinemaren Nazioarteko Jaialdirako egin zituen. Horrez gain, lehen aldiz erakutsiko dira jendaurrean Josebak egindako zinema-arloko hainbat pertsonaiaren erretratuak, esate baterako, Pier Paolo Pasolinirena.

Josebak sortutako PUBLIZITATEKO SPOT batzuen hautaketaren proiekzioa. 5

Pedro Olea errealizadore zinematografikoak esku hartuko du, Prietok kartelik onenak sortu baitzituen harentzat.

Olea haren bazkidea izan zen, eta, beraz, artista plastiko berezi honi buruzko alderdi bitxiak ekarriko ditu hizpidera.

BIHOTZEZ film laburraren proiekzioa (1985), Joseba Prieto haren ekoizle betearazlea izan zen. 26

1983ko uholdeen ondotik Bilbo nola lehengoratu zen.

Josebaren lagun mina izandako Juan Bas idazleak esku hartuko du.

Ekitaldiari amaiera emateko, Euskal Museoak onespena egingo dio Joseba Prietori, haren biloba den Aurora Uriarte Prietoren bidez.

3. Saioa: osteguna, maiatzaren 17a. 19:00. CARLOS BACIGALUPE. ENTRE BAMBALINAS

Bilboko kazetari eta idazle Carlos Bacigalupe Sologuestoa hedabideetako profesional ezagun-ezaguna izan zen. Prentsan, irratian eta telebistan egin zuen lan. Ohiko sinatzailea Pueblo, Hierro, El Correo, Hoja del Lunes, El Mundo eta Bilbao argitalpenetan, eta irratiko kazetaria ere izan zen. Hedabide horretan egin zuen jardueran, RNE, Radio Popular eta Radio Bilbao SER egin zituen aldiak, eta azken bi kate horietan programetako buru aritu zen. Telebistako jarduerari dagokionez, TVEn aritu zen, Al fondo, el hombre eta Contrapunto y aparte programetan.

Horrez gain, ETBko Vascos comunicantes seriearen zuzendaria izan zen, eta solaskide aritu zen arratsetan izaten zen Aspaldiko programan. Zeregin horiek zabaldu, eta Viejo caballo de hierro eta Luna vieja de Bilbao dokumentalen gidoilaria ere izan zen.

Idazle gisa, antzerkiari eta haren protagonistei eskaini zizkien liburuak nabarmentzen dira: Pequeña historia del Teatro Arriaga, Bilbao a escena, Vida y milagros del Teatro Arriaga, Bilbao, teatro y teatros, Alfredo de Echave, ABAO, 50 años de historia eta Campos Elíseos, nada menos que un teatro, oraindik merkaturatu gabe dagoena.

Arlo horretan, nabaria da Bilboko Kafetegi Hiztunei buruz argitaratu zuen trilogia, 1998an FEPETen (Turismoko Kazetarien eta Idazleen Espainiako Federazioaren) sari berezia jaso baitzuen, urteko libururik nabarmenena izateagatik. 2004an, Viejo caballo de hierro argitaratu zuen, lehen aipatutako dokumentalaren oinarria izan zena.

1982an, Gabriel Miró Ipuinen Sariko finalista izan zen, Erika, preludio, nocturno y réquiem lanarekin; Valle-Inclánen lepokoaren orratza eskuratu zuen (Madril, 2001), antzerkiari eskainitako kazetaritza-lanik onenaren onespen gisa; eta, 2008an, Escena SXXI Saria irabazi zuen, antzerkiko errealitatea gizarteratzen egindako lanagatik.

Antzerkiko Ercilla Sarien sortzailea eta epaimahaiko burua izan zen.

Euskalerriko Adiskideen Elkarteko kide supernumerarioa ere izan zen.

Bilbon hil zen 2017ko abuztuaren 7an.

Saioa hasteko, Alberto López Echevarrietak omendutako kidearen aurkezpena egingo du, ordu luzeak eman baitzituzten biek batera, prentsan, irratian, telebistan, eta, orobat, Euskal Museoaren hitzaldi, solasaldi eta proiekzio hauek azaltzen.

Bilbao egunkariaren zuzendari ohia den Elena Puccini izango da gonbidatu berezia, Carlos Bacigalupek hilero idatzi baitzuen argitalpen horretan, urte luzez, antzerkiaz zekien guztia islatzen.

Horrez gain, Pedro Barea antzerki-kritikariak zehatz aztertuko du Carlosek antzerkiari eskaini zion jarduna.

Horren ondoren, Antonio Cristóbalek esku hartuko du, hark zuzendu baitzuen saioan bertan ikusiko dugun Viejo caballo de hierro dokumentala, Bacigaluperen izen bereko liburuan oinarritutakoa.

VIEJO CABALLO DE HIERRO dokumentalaren proiekzioa (2015), José Miguel Azpíroz eta Antonio Cristóbal. 76.

1894ko abuztuaren 11n izan zen Bilbo eta La Robla arteko 284 kilometroko trenbidearen inaugurazioa, Los Carabeos igarobidean. “El Engaña” izeneko eta 30. zenbakiko lokomotora belgikar handiak ikatza garraiatzeko tren bat eraman zuen herrestan, hiru tonako pisua zuten era askotako salgaiz beterik.

Matallanako harrikatza eta koke ona, eta Soto, Sabero eta Guardoko harrikatz aletua. Hori da Carlos Bacigaluperen izen bereko liburuan oinarritutako dokumentalaren muina.

Ekitaldian Carlos Bacigaluperen semea den Daniel Bacigalupe izango da, eta saiora joandako pertsonen omenaldia jasoko du.

4. Saioa: osteguna, maiatzaren 24a. 19:00. AITOR MAZO. LA EFICACIA DEL MÉTODO

Aitor Mazo Etxaniz aktorea izan zen oroz gain, aktoreen zerrendako aktore ona, bere mailaren arrastoa utzi baitzuen beti parte hartu zuen film guztietan:Lauaxeta, Vacas, Sálvate si puedes, Maité, Cachito, Sólo se muere dos veces, Airbag eta abar, gehienbat euskal errealizadoreei begira jarrita. Bestalde, interpretatzeko zuen modua estimu handian izan zuten Gonzalo Suárez, Luis García Berlanga eta beste zuzendari batzuek, eta haiekin egin zituen, hain zuzen, La reina anónima eta Todos a la cárcel filmak. Ocho apellidos vascos filmeko apaiza antzeztuz gogoratuko dugu denok.

Interpretazioko alde horrek 1983. urtetik hartu zuen prestakuntza sendoan izan zuen sorburua, urte horrexetan sartu baitzen Maskarada antzerki-taldean eta lau urtez iraun baitzuen bertan. Gero, antzerkia eta telebista txandakatzen hasi zen, eta ETBko eta, geroago, Estatuko kateetako telesailetan parte hartu zuen. Bilbon hil zen 2015eko maiatzaren 7an.

Saioari ekiteko, Alberto López Echevarrietak aktoreari buruzko sarrera egingo du.

MALAS VIBRACIONES filmaren proiekzioa (2014), David Pérez Sañudo. 19

Gizon bat ohartzen da bere emazteak bibradore bat duela.

Patxo Telleriak esku hartuko du. Aitor Mazorekin izan zuen harreman profesionala eta Aitorrek aktore gisa zituen ezaugarriak aipatuko ditu.

ARTIFICIAL filmaren proiekzioa (2015), David Pérez Sañudo. 20.

Xabier lan-elkarrizketara batera joan da. Hala ere, ez daki aurrez hautatu dutela. CORPSAk 80.000 euro eskaintzen dizkio, klonatua izatea onartuz gero.

Diru-kopuru horrek baino, haren erabakiak du garrantzia. Hala ere, Xabierrek ez daki zer egin. Zer gertatuko da egunen baten bera bezalakoa den norbait aurkitzen badu? Nork ziurtatuko dio ez dutela ordezkatuko?

Aitor Mazoren alargunak eta alabak –gaur egun aktorea denak– esku hartuko dute ekitaldian.

5. Saioa: osteguna, maiatzaren 31. ALEX ANGULO. LA PICARDIA DE UNOS OJOS

Alex Angulo León Erandion jaio zen 1953an, baina bilbotar sentitzen zen alde guztietatik. Filosofia eta Letrak ikasi, eta Irakasle-ikasketak amaitu zituen.

Irakaskuntzan aritu zen, eta, bokazio-krisia izan ondoren, Parisera joan, eta handik itzuli zen, interpretazioari erabat lotzeko erabakia hartuta. Hamabost urtetik gora eman zituen Karraka taldean.

Antzerki-talde alternatiboetan egin zuen lan, eta talde bat ere sortu zuen Ramón Barearekin batera: “Cómicos de la Legua”. Gero, Alex de la Iglesiak aurkeztu zigun, Mirindas asesinas film laburrean, eta, gehienbat, Acción mutante eta El día de la bestia film luzeetan.

Lan horiei esker, kultuko aktore bilakatu zen. Iglesias ez zen izan Angulorengan arreta jarri zuen bakarra. Iciar Bollainek, La Cuadrillak eta Álvaro Fernández Armerok ere begia bota zioten, haien lanak egin zitzan.

Eta Ibarretxe anaiek ere bai, Álex Anguloren alderik sexy eta erakargarriena erakutsita, Sólo se muere dos veces filmean. Telebistako hainbat telesailetan hartu zuen parte, arrakasta handiz.

Angulok probintzietako aktore autodidaktatzat jo zuen beti bere burua. 2014an hil zen Fuenmayorren, istripu baten ondorioz.

Saioa hasteko, Alberto López Echevarrietak Álex Anguloren azalpen biografikoa egingo du.

Gero, haren lagun handia eta adiskidea izandako Ramón Barea aktore eta zuzendariak esku hartuko du.

ADIÓS TOBBY, ADIÓS filmaren proiekzioa (1995), Ramón Barea. 12. Ekoizlea. José María Lara.

Familia batek txakurra utzi behar du. Kide batzuk kontra daude, baina, azkenean, Tobby txakurtegira eramaten dute. Bitartean, familietan izaten diren saihestu ezineko arazoak sortzen dira.

Aktorearen lankidea izandako Juan Viadasek esku hartuko du.

MIRINDAS ASESINAS filmaren proiekzioa (1991) 12, Álex de la Iglesia.

Gizon bat taberna batean sartzen da. Barruan, bezero bakarra dago. Gizonak freskagarri bat eskatzen du, Mirinda hotz-hotz bat. Tabernaria edaria kobratzen saiatzen da, eta orduantxe hasten dira arazoak.

Film labur enblematiko hau Álex de la Iglesiaren ibilbide zinematografikoaren hasiera izan zen.

Álex Anguloren alargunak esku hartuko du. Omenaldia.

Aurreko edizioek izandako arrakasta ikusita, Euskal Museoak dokumentalen ziklo hau prestatu du, euskal kulturari legatu pertsonal eta profesional handia utzi dioten bilbotar ahaztezin hauen omenez.

Gozatu zinemako benetako harribitxiak diren film hauekin Euskal Museoan!

Ordutegia

Ostegunetik ostegunera: 19:00etan

Argibide gehiago

Tarifak:

Doako sarrera

Ziklorako sarrera dokoa da; parte hartzeko, ezinbestean joan behar da museora sarrera hartzera, edo, bestela, e-postaz eskatu (apirilaren 16tik Aurrera). administrazioa@euskal-museoa.eus).

Plaza-kopurua edukiera mugatua da.

Eta gainera